Halifax Proiektuko partaide da Ander Matheu doktore eta ikerlaria, Biodonostia OIIko Onkologia Zelularreko taldeko buru dena. 20 herrialde baino gehiagotako 177 ikerlaritik gora biltzen ditu nazioarteko kontsortzio horrek eta askotariko konposatu naturalak eta nutrizionalak aztertu eta identifikatu ditu minbizia bereizten duten ezaugarrien (“Hallmarks”) aurkako itu posible gisa. Aditu-taldeek ezaugarri bakoitza (”Hallmark”) aztertu zuten eta bakoitzarentzako helburuak ezarri zituzten. Horrela, eragile fitokimiko ez-toxikoak eta goi-lehentasunezko beste molekula batzuk identifikatu zituzten, minbiziari aurre egiteko estrategia terapeutiko gisa erabiltzeko. Matheu doktorea kide den taldeak egindako azterketaren ardatza seneszentziaren betikotze-ezaugarria eta defentsa-mekanismoa izan zen; seneszentzia zelulen ugaritzea eteten duen prozesua da. Taldearen ikerketa-lana “Seminars in Cancer Biology” aldizkariak argitaratzen dituen berrikuspenen artean jasota dago.

Terapia gidatuek eta onkologia “pertsonalizatuak” arrakasta handia lortu dute minbizi mota batzuen kasuan. Hala ere, eragozpenak ikusten dira horrelako terapiak abian jartzeko, izan ere, kostu altuko terapiak dira, bai osasun-sistemaren ikuspegitik, bai pazientearen ikuspegitik, askok ondorio toxiko esanguratsuak eragiten baitituzte. Horrez gain, paziente gehienek gaixoberritze tumorala pairatzen dute, hainbat hilabetez gaixotasuna desagertuta egon eta gero.

Onkologia integratzailearen praktikak beste ikuspegi bat eskaintzen du horrelako arazoei heltzeko, izan ere, nutrizioa, ariketa, jokabide-terapia eta askotariko osagai nutrizionalak baliatzen dituenez, bide ugaritara iristen da. Artikulu honetan Halifax proiektutik zera proposatzen da: fitokimiko ez-toxikoen eta hainbat molekulen taldeak diseina ditzake espektro zabaleko terapia horiek. Askotariko osagaiak dituzten eragile horiek, ezohiko hazkuntza modu askotara zuzentzen direnak, terapia gidatuekin batera erabil daitezke, baita terapia gidatuak egokiak ez direnean edo ekonomikoki bideraezinak direnean ere.