Onkologia eta genetika gastrointestinala ardatz hartuta garatzen da, funtsean, Gaixotasun Hepatikoen eta Gastrointestinalen Arloaren jarduera.
Koloneko eta ondesteko minbizia da agerpen gehien duen tumorea gizarte aurreratu gehienetan, eta bigarrena da heriotza-tasari erreparatzen bazaio, hala gizonezkoen artean nola emakumezkoen artean. Koloneko eta ondesteko minbizia duten pazienteen pronostikoa, diagnostikoa egiten den unean gaixotasuna aurkitzen den fasearen mende dago. Diagnostiko goiztiarra egiten bada, pazientea luzaroago biziko da. Hori dela eta, prebentzio-neurriak garatu behar dira, gaixotasuna garatzeko arriskua duten biztanleak identifikatu ahal izateko, besteak beste.
Gaur egun egiten den ikerketa-lanari esker, gaixotasuna bere osotasunean aztertzen da, alegia, gaixotasunaren prebentzioa, arrazoi genetikoak, diagnostiko goiztiarra eta tratamendua barne hartzen dira ikerketan.
Pankrea-minbizia da gizakiongan diagnostikorik txarrena eduki ohi duen neoplasietako bat. Mundu osoko osasun-sistemaren baitan lehentasunezko gaixotasuntzat jotzen da. Berau tratatzeko aukerarik ezean, terapia eraginkorragoak lortzeko ikerketa sakonagoak egitea da gaur egungo erronka nagusia.
Halaber, Arlo honetan lan handia egiten da kolangiokartzinoma, hepatokartzinoma eta minbizi gastrikorako itu terapeutiko berriak identifikatzeko.
Bestalde, arlo honetan garatzen den ikerketak digestio-gaixotasun gehiago barne hartzen ditu, eta horien artean daude, besteak beste: Helicobacter pylori bakterioak eragindako patologia, hesteetako hantura-gaixotasuna eta etiologia desberdineko (alkoholikoa, kutsakorra eta abar) hepatopatia kronikoak.
Zentzu horretan, hemokromatosiaren diagnostiko ez-inbaditzailea egiteko teknika bat garatu dela azpimarratu behar da. Hain zuzen, erresonantzia magnetiko bidez neurtzen da karga ferrikoa. Horrez gain, teknika horren patentea lortu da.
Gaixotasun gastrointestinalak izateko joera genetikoa ere aztertzen da, arlo ezberdinetan (Heste-gaixotasun inflamatorioa, Heste minberaren sindromea, kolitis mikroskopikoa…), heste-mikrobiotaren konposizioarekin batera.