Arlo horretako ikerketa-jarduera honako gai hauetara zuzentzen da batik bat:
- Epidemiologia klinikoa eta ebidentzia oinarrian duen medikuntza.
- Minbiziaren eta gaixotasun kronikoen epidemiologia.
- Gaixotasun prebalente eta infekziosoen zaintza epidemiologikoa.
- Epidemiologia nutrizionala.
- Ingurumen-epidemiologia: faktore sozialak, psikosozialak, ingurumenekoak eta horien eragina haurtzaroko eta nerabezaroko garapen neuropsikologikoan eta fisikoan.
- Ingurumen-inpaktua sortzen duten instalazioek osasunaren gainean duten eraginaren analisia.
- Lehen Mailako Arretako ikerketa.
- Gaixotasun kronikoen ebaluazio ekonomikoa.
- Osasun Zerbitzuen arloko ikerketa.
Ikerketarekin helburu hauek bete nahi dira:
Ikerketa epidemiologikoa eta klinikoa eta osasun-zerbitzuetako ikerketa sustatzea, komunitate-mailan zein ospitale-mailan; ikerketa translazionala sustatzea, ezagutzak Osasun Publikoaren arloko erabakiak hartzera eta asistentzia-jardunera transferitzeko; eta aurrerapenak txertatzea osasunaren arloko banako zein testuinguruko determinatzaileen aldaketan. Determinatzaile etiologikoak eta fenotipikoak identifikatzea prozesu eta baldintza patologikoen agerpenean eta garapenean, eta, azkenik, erreferentzia izatea osasun publikoaren eta epidemiologiaren arloko kalitateko ikerketan.
Bost ikerketa-taldeek esperientzia egiaztatua dute zenbait arrisku-faktoreri eta patologiari buruzko azterketa epidemiologikoak diseinatzen eta egikaritzen, baita azterketa klinikoak eta ekonomikoak diseinatzen eta egikaritzen ere: kohorte-azterketak, kasu-kontrola, populazio-inkestak, saiakuntza kliniko kontrolatuak eta simulazio-ereduak. Horretarako, informazio-iturri gisa erabiltzen dira azterketa epidemiologiko espezifikoak, populazio-inkestak, azterketa klinikoak eta Osakidetzako datu-base administratiboak eta klinikoak.
Arlo horretako ikerketak eskatzen du banakako esperientzia klinikoa integratzea —entrenamendu eta jardun klinikoan eskuratutako trebetasun gisa ulertuta— ebidentzia kliniko eta biologiko onenarekin eta inguruneko faktoreekiko elkarreraginaren azterketarekin.
Jarduteko jarraibide kolektiboetan, komunitarioetan eta indibidualetan —prebentziokoetan zein tratamendukoetan— oinarritzen da Osasun Publikoaren ekintza, osasun-zerbitzuetako ikerketa eta lehen mailako arreta.