Osasun-mailan gainditu beharreko erronka handi bat bihotzekoa da, batez ere gizarte garatuetan. Esparru honetan lortutako aurrerapenei esker, gaixotasunak eragindako heriotza-tasa murriztu bada ere, paziente askok gutxiegitasun kardiako kronikoa pairatzen dute ondoren eta, ondorioz, beren bizi-kalitateak eta bizi-itxaropenak behera egiten du.

Bihotzekoak ehunetan eragindako kaltea mugatzeko, Coretherapix enpresa bioteknologikoak (Genetrix taldekoa) zelula-produktu bat garatu du. Emaileen ehunetik isolatutako ama-zelula kardiako eseki eta hedatuetan datza eta bihotzeko akutua eduki duten, eta ondorioz, bihotzeko ehuna larri eraginda duten pazienteekin erabiltzen da. Kateterismo bidez ematen da produktua, pazienteak egoera kliniko egonkorra duenean (bihotzekoa eduki eta 5-7 egunetara).

Produktu honek itxaropentsu egoteko moduko emaitzak lortu ditu animaliekin egindako entseguetan, eta gaur egun CAREMI izeneko entsegu klinikoa ari dira garatzen, produktuaren segurtasuna egiaztatzeko eta bere eraginkortasunari buruzko datuak lortzeko. Dagoeneko abian den ausazko fasean, 49 paziente artatuko dira; horietatik 32 inguruk zelulen tratamendua jasoko dute, eta plazeboa emango zaie, berriz, 17 pazienteri, eta zelula-produktuaren efektu terapeutikoa ebaluatuko da. Madrilgo Gregorio Marañón Unibertsitate Ospitaletik eta Lovaina-ko (Belgika) Unibertsitate Katolikoaren Ospitaletik ari dira koordinatzen azterketa eta DUO eta Biodonostia OII azterketan parte hartzen ari dira. Orain arte hautatutako hamabi pazienteen artetik hiru artatu dituzte jada.

Mariano Larman kardiologoak, DUOko kardiologo eta hemodinamista denak, adierazi duenez, “produktuaren abantaila bat produktua erabiltzeko prest dagoela da, pazienteak behar duenean erabil daitekeela alegia”; izan ere, emaileengandik lortutako bihotzeko ama-zelulak direnez, laborategian hedatu egiten dira beharrezkoa den dosia lortu arte. “Funtsezkoa da horrela jokatu ahal izatea, erlojuaren aurkako lasterketa bat baita, eta denbora ondo kudeatzea eskatzen duen prozesu bat baita. Bestalde, Ana Aiastui doktoreak, Biodonostia OIIko Zelula Hazkuntzako Plataformaren arduradunak, zelula-produktuaren “tropismo indartsua” azpimarratu du. “Bihotza tratatzeko bihotzeko zelulak erabiltzen direnez, eraginkortasun handia lortzen da”.

Bestalde, Biodonostia OIIko Zuzendari Zientifikoa den Julio Arrizabalaga doktoreak azaldu duenez, Gipuzkoan tratamendua jaso duten hiru pazienteak “Biodonostia sortu izanak duen garrantzia azpimarratzeko eta osasun-arloko ikertzaileen eta profesionalen elkarlanari esker, pazienteen osasunean eta bizi-kalitatean zuzenean eragiten duten proiektuak garatu daitezkeela azpimarratzeko balio duten adibide garbiak dira”.