Teknika horri esker kirurgia zehatzagoa izango da eta ondorio gutxiago izango ditu minbizi ginekologiko mota horretan.

Osakidetzako Donostialdea ESI – Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko (OII) ikertzaileek minbizi ginekologikoan gongoil zelataria hautemateko teknika berri bat garatu dute, indozianina berdea (ICG) eta fluoreszentzia infragorria (NIR) injektatuta.

Urrats handia da endometrioko minbiziarentzat; izan ere, teknika berriari esker, linfadenektomia pelbiko –pelbisetik gongoil linfatikoak ateratzeko kirurgia– eta paraakortiko osoak egin beharrik izan gabe jakin ahal izango da gongoiletako metastasirik dagoen. Horrez gainera, kirurgia zehatzagoa, kontserbadoreagoa eta ondorio gutxiago izango dituena egin ahal izango da, gongoil gutxi batzuk bakarrik –erasanda egoteko aukera gehien dituztenak– erauziko direnez azterketa histologikoa eta zorrotza egiteko. Era berean, teknika berri honekin bikoiztu behintzat egin da erasandako gongoilen hautemandako kasuen kopurua.

Aurrerapen hori proiektua koordinatzeaz arduratzen den ITEMAS Sareko garrantzizko nodoa den Biodonostia OIIko Ikerketako Laguntza Unitateari esker egin ahal izan da.

Endometrioko minbiziaren kasuan funtsezkoa da gongoilen erasana hautematea pronostiko bat egiteko eta tratamendu osagarri egokiak erabakitzeko. Gaur egun ez dago gongoilen erasan hori ziurtasun osoz ezartzen duen metodo ez-inbaditzailerik. Horrek eskatzen du gongoiletako disekzio kirurgiko zabalak egitea erasan hori zehazteko, eta ebakuntzan konplikazioak eta epe luzera ondorioak izan ditzake.

Gongoil zelataria tumore solido bat drainatzen duen lehenengo gongoila da, eta bere azterketa histologikoa egiten denean erasan hori baztertzen bada, gainerako gongoilak ere negatiboak izango direla pentsa daiteke. Arrazoi hori dela eta, gongoil zelatariaren biopsia selektiboa oso interesgarria da gongoilen erasanari dagokionez intzidentzia baxua duten tumoreen kasuan, halaxe izanik endometrioko minbiziaren kasua. Hala ere, gongoil zelatariaren biopsia selektiboa ez da estandarizatutako prozedura endometrioko minbiziaren kasuan.

Arantza Lekuona doktorea buru duten Donostialdea ESI – Biodonostia OIIko ikertzaileek egin duten ikerketari esker erraza eta errepikatzeko modukoa den prozedura bat definitu ahal izan da indozianina berdea trazatzaile gisa erabilita, eta baditu berrikuntza batzuk ere, hala nola trazatzaile horren injekzio bikoitza zerbixean eta umetoki-hondoan.

Aurretiazko emaitzak onak dira. Zifrak ikusita, esan daiteke teknika berriak ordezkatu dezakeela linfadenektomiaren ohiko prozedura kirurgia aurreko arrisku-faktoreen arabera.

Hona hemen azalpen-bideorako sarbidea: