Tamara Castillo-Triviño doktorea, Donostia Unibertsitate Ospitaleko neurologoa eta Biodonostia OIIren Esklerosi Anizkoitzaren Ikerketa Taldeko arduraduna, ECTRIMS-eko (European Comitte for Treatment and Research in Multiple Sclerosis) kontseiluan sartu da, esklerosi anizkoitza ulertzen eta tratatzen duen munduko erakunde profesional handienean. Izendapena, hasiera batean, bi urterako da, eta 4 urtera arte luzatzeko aukera dago.

Castillo doktoreak ibilbide bikaina egin du, bai klinikoki, Donostia Unibertsitate Ospitaleko (Donostialdea ESI) Neurologia Zerbitzuko mediku laguntzaile gisa, bai Esklerosi Anizkoitza (EA) ikerketa esparruan ere. 30 argitalpen baino gehiago egin ditu, eta 16 Ikerketa Kliniko baino gehiagotan parte hartu du.

ECTRIMSk Esklerosi Anizkoitzaren tratamenduan egindako aurrerapenak babesten eta jakinarazten ditu, hainbat jarduera eta lankidetzaren bidez, eta Europako eta mundu osoko ikerketa eta arreta klinikoko ekimenen koordinazioan aktiboki parte hartzea du helburu.

Ildo horretan, Esklerosi Anizkoitzarekin lotutako gaiei buruzko hezkuntza eta prestakuntza jarduerak antolatzen ditu, jakintza-trukea suspertu eta arlo horretan aurrerapen zientifikoak sustatzeko. Urtero graduondoko ikerketarako eta gaitasun klinikorako beka sorta zabala ematen die ikertzaile gazteei, medikuei, erizainei eta gaixotasunarekin zerikusia duten beste profesional batzuei, beren ezagutzak, esperientzia eta gaitasun teknikoak hobetzen laguntzeko.

Urtero, ECTRIMSek 100 herrialde baino gehiagoko 8.000 parte-hartzaile inguru biltzen ditu patogenia, esklerosi anizkoitzaren diagnostikoa eta tratamendua eta lotutako nahasmendu neurologikoak ikertzeko munduko kongresurik handienean.

Parte-hartze horrek aukera emango die Euskadiko pazienteei Europan garatutako Esklerosi Anizkoitzaren ikerketan eta tratamenduan egindako azken aurrerapenak hurbiltzeko.