Tag Archives: neuroimmunologia

Zelulaz kanpoko besikulak, neuroendekapenezko gaixotasunen ikerketaren etorkizuna?

Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Neuroimmunologia taldeak nerbio-sistema zentraletik eratorritako zelulaz kanpoko besikulei buruzko informazioa bildu du, hainbat neuroendekapenezko gaixotasun dituzten pertsonen likido zefalorrakideoan eta odolean daudenak. Lan hau Rocío Bravo Mianak, Jone Arizaga Echebarriak eta David Otaeguik egin dute, eta Translational Neurodegeneration nazioarteko aldizkarian argitaratu da.

Garuna gure organorik konplexu eta iristezinenetako bat da, eta, beraz, irudi-tresnak ezinbestekoak dira gaur egun praktika klinikoan. Hala ere, irudiek ez digute ikuspegi osoa ematen, ez baitute lortzen molekuletan dagoen informazioa eskuratzea. Hori dela eta, markatzaile biologikoak edo biomarkatzaileak funtsezko tresna dira gaur egun, paziente baten egoeraren adierazle molekular gisa balio baitute. Bestalde, zelulaz kanpoko besikulak (EVak, ingelesezko izenagatik) tamaina txikiko partikulak dira, gure zelula guztiek sortzen dituztenak, hainbat molekula dituztenak eta babestuta gorputzeko fluidoetan bidaiatzen dutenak. Hala, beren molekulak aztertzeko plataforma biologiko gisa erabil daitezke, sortu diren zelula-motaren ordezkari gisa.

Nerbio-sistema zentraletik (NSZ) eratorritako EVek funtziona lezakete gaixotasun neurodegeneratiboetan garatzen diren prozesu fisiopatologikoen leiho gisa? Galdera horri erantzun nahian, horri buruzko bibliografia guztia aztertu zen, eta oraindik asko dagoela egiteko aurki zen.

Alor horretako aurrerapen nagusia da Alzheimerra duten pertsonen EVak azterketa. Beste patologia batzuetan, hala nola esklerosi anizkoitzean, alboko esklerosi amiotrofikoan eta Parkinsonean, lehen urratsak egiten ari dira. Hala ere, oraindik ez dago komunitate zientifikoan onartutako biomarkatzailerik NSZtik odolera doazen EVak aztertzeko edo isolatzeko erabil daitekeenik. Alde horretatik, “banakako besikulak” aztertzeko aukera ematen duten teknologia aurreratuek lagundu lezakete odolean dauden EVen heterogeneotasun konplexua argitzen.

Arlo horretan aurrerapenak lortzeko, interesgarria litzateke eskura ez dauden laginak aztertzea, hala nola likido zefalorrakideotik edo garun-ehunetik eratorritako EVak. Hala, informazio asko lortuko litzateke, eta, gero, informazio hori eramatea lagin konplexuagoetara, ez-inbaditzaileetara eta erraz eskuratzeko modukoetara, hala nola odolera, listura edo malkoetara. Gainera, oraindik ere gainditu beharreko erronka tekniko eta metodologikoak daude. Horien artean daude EVak isolatzeko eta karakterizatzeko metodoak estandarizatzeko beharra eta haien erabilgarritasun klinikoa baliozkotzeko eskala handiko eta epe-luzeko azterketen beharra.

Hori dela eta, taldearen ikerketa-ildoetako bat da NSZtik eratorritako EVak aztertzea, esklerosi anizkoitza duten pazienteen biomarkatzaile zirkulatzaile gisa.

Azkenik, horrelako lanak ez lirateke posible izango pazienteek parte hartzeko duten gogo eta borondaterik gabe, eta baita hainbat erakunderen laguntzarik gabe ere, hala nola Osakidetza, Eusko Jaurlaritza, Carlos III.a Osasun Institutua eta ECTRIMS (European Comiste for Treatment and Research in Multiple Sclerosis), zeinak ikertzaileen lana eta beren proiektuak finantzatzen baitituzte.

Bakterioen eta onddoen arteko elkarrekintzak eta esklerosi anizkoitzaren garapenari egiten dioten ekarpena

Biogipuzkoa OIIko Neuroimmunologia taldeko ikertzaileek (Miriam Gorostidi-Aicua, Iraia Reparaz, Ane Otaegui-Chivite, Leire Romarate, Idoia Mendiburu, Maialen Arruti, Tamara Castillo-Triviño, Laura Moles eta David Otaegui), Institutu bereko Koldo Garcia ikertzailearekin eta Alvarez de Arcayarekin (Bioaraba OII Esklerosi Anizkoitzeko taldeko kidea) kolaborazioan, lan bat argitaratu dute Microorganisms aldizkarian, non bakterioek eta onddoek hesteetako mikrobiotan dituzten elkarrekintzak eta esklerosi anizkoitzarekin (EA) duten lotura aztertu dituzten.

Nerbio-sistema zentralari eragiten dion gaixotasuna da, sistema immunea tarteko, eta gure neuronen berezko osagai bati, mielina-zorroari, eraso egiten dio. Gazteengan (20-40 urte) ezgaitasun neurologiko ez-traumatikoaren arrazoi nagusia da. EAk zenbait aurkezpen kliniko ditu, eta berriz gaixotze-arintze mota da ohikoena. Bere ezaugarriak dira ezgaitasun neurologikoak behintzat 24 orduz irauten duela (berriz gaixotzea), eta, ondoren, indarberritze-aldi osoak edo osatugabeak egotea (arintzea).

Hesteetako mikrobiota osatzen dute gure hesteetan bizi diren mikroorganismoek. Aspalditik dakigu beharrezkoak direla gure organismoaren funtzionamenduan, funtzio askorekin, besteak beste sistema immunearen erregulazioa. Bakterioak mikrobiotaren osagai ezagunenak diren arren, legamiak eta onddoak (mikobiota izenekoak) funtsezkoak dira mikrobiotaren dinamiketan. Mikrobiota behar bezala erregulatutako ekosistema konplexu gisa ulertu behar dugu, non gutxiengoen populazioek, hala nola onddoek, zeregin garrantzitsua izan baitezakete.

Ikerketa honetan, gorozkietan dauden bakterioak eta onddoak aztertu ziren, EAa duten 62 pertsonengan eta 36 pertsona osasuntsuengan, Donostia Unibertsitate Ospitalean eta Arabako Ospitalean errekrutatutakoak. Emaitzen arabera, EA duten pertsonek mikrobio-profil desberdina dute, bai aniztasuna aztertuz, bai ugaritasuna edo bakterioen eta onddoen arteko erlazioak aztertuz. Izan ere, osasunerako onuragarriak direla jakinak diren bakterio-taldeak urriagoak ziren EA duten pertsonetan, eta bakterioen eta onddoen arteko harremanen eredua lausoagoa zen EA duten pertsonetan. Dinamika konplexu horiek pentsaraz dezakete bakterioak eta onddoak EAren garapenarean tartean daudela.

Egileek espero dute emaitza horiek bakterioen eta onddoen arteko harreman konplexuak eta EAren garapenean izan dezaketen eragina hobeto ulertzeko balioko dutela, eta, hala, gaixotasun hori hobeto ulertzeko bidea irekiko duela. Horrez gain, honako hau gaineratu dute: “Etorkizuneko lanetan berretsi behar dugun hasierako azterketa da honakoa, baina mikrobiota modulatzeko gure ikerketa-ildoa indartzen du: nola funtzionatzen duen hobeto uler badezakegu, esku-hartze hobeak diseinatu ahal izango ditugu (dietaren edo probiotikoen bidez) mikrobiota modulatzeko, gaixotasunaren sintomatologian eragina izateko”.

Lan hau lagundu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak (2019111013 kodea), Instituto de Salud Carlos IIIk, UPV/EHUk eta Neuroendekapenezko Gaixotasun CIBERek (CIBERNED), eta Microorganisms aldizkarian argitaratu da.

Neuroinmunologia taldeari esker egindako artikulua.