Tag Archives: dibulgazioa

Biogipuzkoako ikertzaileek, Max Planck Institutuarekin lankidetzan, 3D bioingeniaritzako matrizeak garatu dituzte minbizi-zelula “lokartuak” ikertzeko

Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Bioingeniaritza Birsorkuntzan eta Minbizian taldea buru den lan batean, Max Planck Institutuarekin lankidetzan, 3D bioingeniaritzako matrizeetan oinarritutako eredu bat garatu da, minbizi-zelula “lokartuak” ikertzeko aukera ematen duena. Lan honetan Bioingeniaritza Birsorkuntzan eta Minbizia eta Bularreko Minbizia taldeeetako Unai Heras, Andrea Abaurrea, Maria Caffarel eta Amaia Cipitria ikertzaileek parte hartu dute Onkologikoko, EHUko eta Alemaniako hainbat erakundetako ikertzaileekin batera. Lan berri hau Science Advances aldizkarian argitaratu da.

Tumoreak kirurgikoki erauzten direnean, gorputzeko beste atal batzuetan berragertzen dira askotan, baita jarraipen tratamenduak egin ostean ere. Berragerpen horren arrazoi nagusietako bat da minbizi-zelula batzuk latentzia-egoeran sar daitezkeela, lo edo atseden baten antzera, eta horrek aukera ematen diela tratamenduetatik bizirik ateratzeko eta geroago berraktibatzeko. Fenomeno horrek zelula latente horiek detektatzearen eta aztertzearen garrantzia nabarmentzen du, batez ere minbizitik libre diruditen gaixoengan, haien presentziak berrerortzeak ekar ditzakeelako.

Ikerketa honetan, ikertzaileek 3D bioingeniaritzako matrizeak erabili dituzte minbizi-zelulak latentzia-egoera horretan sartzera bultzatzen dituzten baldintzak simulatzeko, organismoan gertatzen dena imitatuz. Ikuspegi horren bidez, zelula horiek tratamenduekiko duten erresistentzia frogatu da. Gainera, P-ERK proteinaren maila baxuak eta P-p38 maila altuak baieztatu dira; beste ikerlari batzuek ere aztertu zituzten markatzaile horiek, eta ikerketa honetan ere ikusi dira.

Aurkikuntza aipagarri bat izan da FHL2 proteinaren garrantzia prozesu honetan: zelularen nukleora mugitzen da, inguratzen duen matrizearen zurruntasunak gidatuta, eta beste proteina bat, p21, aktibatzen du, zelulak inaktibo mantentzen lagunduz. Ikertzaileek ikusi dutenez, FHL2 proteinaren adierazpena murriztean, zelula latente horiek kimioterapiaren aurrean zaurgarri bihurtzen dira. Aurrerapen horiek oso garrantzitsuak dira; izan ere, laborategian tratamenduarekiko erresistenteak diren minbizi-zelula latenteak detektatzeko eta aztertzeko aukera ematen dute, eta, horri esker, etorkizunean pazienteen zelulek sendagaiei nola erantzuten dieten azter daiteke, minbiziaren berrerortzea prebenitzen lagunduz.

Ikerketa-taldearen hitzetan, “Ilusio handia egiten digu lan hau partekatu ahal izateak, eta itxaropenez betetzen gaitu etorkizunean gure ereduetan pazienteen zelulak ikertu ahal izateko eta, horrela, estrategia terapeutiko pertsonalizatuak diseinatu ahal izateko”.

Lan hau hainbat erakunderen laguntzari esker egin ahal izan da: Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa; Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea Fundazio Zientifikoa; Instituto de Salud Carlos III; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun Sailak; IKERBASQUE, Deutsche Forschungsgemeinschaft, International Max Planck Research School, Helmholtz Association, Federal Ministry of Education and Research, Bavarian ministry of economic affairs, energy and technology.

 

Emakumeak, sexua eta ugalketa, zientziaren eta historiaren begiradetatik

Irungo Oiasso Museoak eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak beren ezagumenduak batu zituzten “Zientzia – Historia – Ciencia” zikloaren bigarren edizioan egiteko. Ziklo honen helburua da herritarrek ezagun dezatela historian zehar osasun zientziaren papera zein izan den gure gizartearen aurrerakuntzan, gaiari buruzko eztabaidak eta gogoetak sustatuz. Lehenengo edizioan ura izan zen protagonista eta, oraingoan, emakumeen osasunak lekukoa hartu du, “Emakumeak, sexua eta ugalketa: kontatu gabeko istorioa” lemapean.

Historian zehar emakumeen osasunak izan duen garrantzia azaltzeko, Oiasso Museoan hainbat ekitaldi egin dira, Antzinako Egipto, Antzinako Erroma eta Erdi Aroa ardatz izanda.

Urriaren 22tik 24ra historialari eta osasun-ikertzaileen arteko solasaldiak egin ziren, ezagutzeko aintzinean emakumeen osasuna zuen papera eta gaur egun egiten den ikerketa. Solasaldi horietan, Elena Torregaray, Mertxe Urteaga eta Isabel Mellén historialariak parte hartu zuten eta gure Institutuko Uxune Apalategi, Maria M. Caffarel eta Mikel Gorostidi ikertzaileak. Astea borobiltzeko, Urriaren 26an Santa Elena baselizara bisita gidatua egin zen. Jarduera guzti hauek giro bikainean egin ziren eta gerturatutakoek poz-pozik hartu zituen hizlarien azalpenak.

Oiasso Museoak erraztutako argazkia

Oiasso Museoak erraztutako argazkia

Oiasso Museoak erraztutako argazkiaOiasso Museoak erraztutako argazkia

Gainera, urtarrilaren 12ra arte, Museoan bertan, Antzinako Egipto, Antzinako Erroma eta Erdi Aroa erabilitako objektuen erakusketa bat dago zabalik, dohain,

 

 

 

 

 

Jarduera sorta honekin emakumeen osasunean ezagunak ez diren alderdiak ekarri nahi izan dira lehen lerrora, herritarrek horiek ezagutzeko eta istorio horiek kontatu gabe egoteari utz diezaioten.

Esklerosi anizkoitzaren bi mota nagusiak bereizteko metodo berri bat proposatu du Biogipuzkoako ikerketa lan batek

Neuroimmunologia taldeak egindako lan batek zelulaz kanpoko besikula izeneko partikula batzuen erabilgarritasuna aztertu du, bi esklerosi anizkoitz mota nagusi bereizteko.

Azterketa hori Rocio Bravo Miana, Jone Karmele Arizaga Echebarria, Hirune Crespillo-Velasco, Alvaro Prada, Tamara Castillo Triviño eta David Otaeguiren lanari esker egin ahal izan da, eta Biomedicines aldizkarian argitaratu dute.

Esklerosi anizkoitza (EA) nerbio-sistema zentralaren neuroendekapenezko gaixotasuna da, eta sistema immuneak ere parte hartzen du. Bere ezaugarri nagusia mielinaren suntsipena da, nerbio-zuntzak estaltzen eta babesten dituen substantzia, hain zuzen ere. Klinikan, garrantzitsua da EA berraritze-arintzea (gaixotasunaren forma ohikoena) eta EA primario progresiboa bereiztea. Mota bakoitzak progresio- eta agresibitate-eredu desberdinak ditu, eta abordatze terapeutiko desberdinak behar dira. Haien arteko aldeak bilatzeko, zelulek askatzen dituzten partikula ñimiñoak (EVak), zelulaz kanpoko besikula izenekoak, aztertu zituzten lan honetan, zelulen egoera molekularrari buruzko informazioa dutenak. Partikula horiek pazienteen garunerako “leiho” gisa joka dezakete, kalte neuralarekin eta gaixotasunaren prozesu patologikoekin lotutako datu baliagarriak eskuratuz. Hori dela eta, lanaren helburu nagusia izan zen biomarkatzaile diagnostiko gisa balio duten proteinak dituzten zelulaz kanpoko besikulen kopurua neurtzea, klinikoei informazio gehigarria emateko, bi EA moten arteko diagnostiko bereizgarria errazteko.

Lan honetan, teknologia berritzaile bat erabili zen banakako zelulaz kanpoko besikulak aztertzeko, esklerosi anizkoitza duten pertsonen likido zefalorrakideoan eta serumean daudenak, lagin-bolumen txiki bat nahikoa izanik. Beste teknika arruntago batzuek ez bezala, zeintzuek urrats gehigarriak behar dituzten partikula horiek aztertu ahal izateko, teknika honek lagin klinikoetan zuzenean aztertzeko aukera ematen du, analisi azkarrago eta zehatzago bat ahalbidetuz. Partikula horietan GLAST eta L1CAM proteinak aztertu ziren, astrozitoen (neuronekin harreman estua duten zelulak) eta neuronen egoera molekularra islatuko zuten proteinak, hurrenez hurren.

Ikerketaren aurkikuntzarik garrantzitsuenetako bat izan zen GLAST proteina duten besikulen murrizketa esanguratsua EM primario progresiboa duten pertsonetan, EM berraritze-arintzea duten pertsonekin eta EA ez duten pertsonekin alderatuta. Horrek iradoki lezake GLAST duten besikulak markatzaile garrantzitsua izan litezkeela gaixotasunaren bi formak bereizteko. Gainera, ikusi zen GLAST duten besikulen maila baxuagoak GFAP proteinaren mailaren igoerarekin erlazionatzen direla. Hain zuzen ere, GFAPen presentzia EA duten pertsonen biofluidoetan lotuta dago astrozitoetako kaltearekin, gaixotasunaren progresioarekin eta prozesu neurodegeneratiboen presentziarekin. Emaitza horiek iradoki lezakete astrozitoen disfuntzio espezifiko bat egon litekeela EA primario progresiboan.

Lan honi esker, EA mota identifikatzeko zehaztasuna hobetzeaz gain, tratamenduak modu pertsonalizatuagoan egokitu ahal izango lirateke. Gainera, GLAST duten besikuletak oinarri hartuta etorkizunean egin litezkeen ikerketa-lanetan, EA primario progresiboaren jatorriari eta garapenari buruzko informazioa eskura liteke, eta aurkezpen klinikoaren atzean dauden mekanismo molekularrak argitzeko leiho txikiak eskaini. Halaber, lan honetan erabilitako teknologia baliagarria izan liteke besikulak biomarkatzaile gisa arakatzeko, eta baliagarria izan liteke EA duten pertsonen ebaluazio diagnostikoan eta jarraipenean.

Lan honen egileek adierazten duten bezala: “Zientzia-lana eta haren eguneroko aurrerapena ia hautemanezina denez, oso pozgarria da helburu bat lortzea eta, epe ertain edo luzera, eguneroko klinikan eragina izan dezaketen ondorioak lortzea. Gainera, horrelako aurkikuntza txikiak egiteko, eskala handiko eta epe-luzeko azterketak egin behar dira, haien erabilgarritasun klinikoa balioztatu ahal izateko. Hala ere, horrelako lanak ez lirateke posible izango pazienteek eta haien familiek parte hartzeko duten aldez aurretiko jarrera eta borondaterik gabe”. Hala, azaldu dute: “Gure laborategitik urtero egiten ditugu bilerak Esklerosi Anizkoitza duten Gipuzkoako gaixoen elkartearekin (ADEMGI), eta guretzat oso motibagarria da haien beharrak, zalantzak eta kezkak ezagutzeko aukera izatea, baita gure emaitzak eta urtean zehar lortutako aurrerapenak erakustea ere”.

Lan hau hainbat erakunderen laguntzarekin egin ahal izan da, hala nola, Osakidetza, Eusko Jaurlaritza, Carlos III.a Osasun Institutua eta ECTRIMS (European Comitte for Treatment and Research in Multiple Sclerosis), ikertzaileen lana eta proiektuak finantzatzen baitituzte.

Biogipuzkoako eskaintza Bigarren Hezkuntzarako 2024/2025 ikasturtean

Ikasturte honetarako Biogipuzkoa OIIk hainbat jarduera antolatu ditu Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzenduta, kultura zientifikoa sustatzeko asmoarekin.

 

Explorando el envejecimiento

“Explorando el Envejecimiento” jardueraren helburua adintzeari buruzko ikerketa erakustea da, bost estazio tematikoren bidez, non hainbat jarduera egingo dituzten. Estazio hauetan adintzeak DNAn, garunean, ehunetan, erreakzio denboran eta zeluletan duen eragina erakutsiko da. Jarduera hau DBHko 4. mailako ikasleentzat zuzenduta dago. Izen-ematea formulario honetan egin daiteke, azaroaren 4a baino lehen.

Kontuan hartu beharreko informazioa:

  • Talde bakoitzak 25 ikasle izango ditu, eta gehienez 30. Zure taldea handiagoa bada, jarri harremanetan nola kudeatu dezakegun ikusteko.
  • Ikasturtean zehar 7 saio egingo dira (hilean bat azarotik maiatzera), 2 ordu t’erdi inguruko iraupenarekin.
  • Parte hartuko duten ikastetxeak zozketa bidez aukeratuko dira eta iaz parte hartu ez duten ikastetxeei emango zaie lehentasuna.

 

Ate Irekien jardunaldiak

Ate Irekien jardunaldietan, ikertzaile batek gidatuta, Institutuari 40 minutu inguruko bisita bat egiten zaio, instalazioak eta bertan egiten den lana ezagutzeko. 2. Batxilergo Biosanitarioko ikasleentzat zuzendutako jarduera da, batik bat, biozientzietako karrera bat egiteko interesa duten ikasleentzat. Talde txikiak gomendatzen dira, bisita gertukoagoa izateko eta langileak ahalik eta gutxien eragozteko. Bisitak azaroaren 26 eta 28 artean izango dira. Izena emateko erabili formulario hau, eskuragarri dauden txandak bete arte.

 

Acercando la ciencia a las escuelas

Farmaindustriarekin batera antolatzen den jarduera da hau, eta batxilergoko ikasleen artean ikerketa biomedikoari buruzko dibulgazioa bultzatzea helburu du. Bertan, osasun arloko profesionalen, ikertzaileen, pazienteen eta industria farmazeutikoaren parte-hartzeari esker, akin ahal izango da zer gertatzen den sendagai bat gaixoaren eskuetara iristen den arte. 2025ko urtarrilaren 24an izango da jarduera hau. Lekua gorde daiteke formulario honen bidez, azaroaren 25ra arte. Lekuak mugatuak direnez, parte hartzaileak zozketa bidez aukeratuko dira eta iaz parte hartu ez duten ikastetxeei emango zaie lehentasuna

 

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, bidali mezu elektroniko bat Koldo Garciari helbidera edo deitu 943007534 telefonora

Biogipuzkoaren ikerketa batek bide bat ireki du, alboko esklerosi amiotrofikoarentzako (AEA)

Alboko esklerosi amiotrofikoaren (AEA) azterlan berri honek muskulu-ehunak gaixotasunean duen eragina ikertzen du, muskulu eskeletikoan oinarritutako terapia berrien garapenari ateak zabalduz.

Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak egindako ikerlan aintzindari batek paradigma aldaketa bat proposatu du alboko esklerosi amiotrofikoan (AEA). Hala, ikerlan honek bide berri bat ireki du gaixotasun hau duten pazieenteen tratamendu berriak garatzeko. 

Ikerlan hau Sonia Alonso Martín, Francisco Javier Gil Bea, Gorka Gereñu Lopetegi eta Adolfo López de Munain Arregui doktoreek koordinatu dute, muskulu-ehunak gaixotasunean duen eraginean zentratuz; hala, atrofia muskularra neurona motorren endekapenaren ondorio zuzena zenaren uste tradizionalaren aurka, mekanismo berri bat proposatu dute.

Duela urte gutxi arte dogma onartua zen neurona motorren endekapenak atrofia muskularra eragiten zuela, heriotza azeleratuz (adibidez, arnas gutxiegitasunagatik).

Ordea, ikerketa honek kontrako mekanismoa proposatzen du: bertan iradokitzen da muskulu eskeletikoko kaltea izan daitekeela arazoaren jatorria; kalte horrek muskulu eta neuronen arteko konexioari erasango lioke eta, azkenean, neuronak hil eta heriotza azkarra gertatuko litzateke.  

Ikerketa berritzaile honek endekapen neuronalaz aparteko eta lehenagoko muskulu alterazioak identifikatu ditu, eta muskulu eskeletikoaren erasatea frogatu du, neurona motorrekin gertatzen denaz aparte. Egileek azaldu duten bezala, haien lana “funtsezkoa da, ELAren paradigma aldatzen baitu, muskulu eskeletikoaren erasatea neurona motorrekin gertatzen denaz apartekoa dela frogatuz”.

Zelula- eta animalia-ereduen bidez, ikertzaileek metodo bat patentatu dute, zeinak, gene batzuen funtzioa aldatuz, muskuluen osasuna, biziraupena eta gaitasun motorra hobetzen dituen, muskulu-nerbioen arteko konexioak areagotzeaz gain.  “Gainera, pazienteen eta familiakoen laguntzarekin lortutako laginek erasate muskularraren irudi bat lortzen lagundu digute. Halaber, emaitzak baliozkotzeko lagungarriak izan diren kultiboak lortu ahal izan ditugu”.

ELA gaixotasun suntsitzailea da, neurona motorren endekapena eta atrofia muskular larria eragiten dituena. Prebalentzia txikikoa denez, gaixotasun arrarotzat jotzen da, baina Alzheimerraren eta Parkinsonaren ondotik, ELA da endekapenezko gaixotasunik ohikoena. Oraingoz ez dauka tratamendurik, eta saiakuntza klinikoak (gehienek nerbio-sistemara bideratuak) ez dira arrakastatsuak izan. Ikerketaren egileek adierazi dutenez, “ELA zuten paziente batzuek intentsitate handiko kirola egin zutela ikusita, muskulu-ehuna aztertzen hasi ginen”.   Bestalde, “alboko esklerosi amiotrofikoa metabolismoa agortzen duen gaixotasun bat da, funtsean, organismoaren energia erreserbak agortzen baititu”.

Azterlan aitzindari hau burutzeko, hainbat arlotako profesionalek parte hartu behar izan dute; hala, parte-hartzaileen artean daude Biogipuzkoako Zelula Amen eta Zahartzearen taldeak,  Gaixotasun Neuromuskularrak, Gaixotasun Neurodegeneratiboak, “Mitochondria, Health & Longevity” eta NeuroRNA talde berria (bereziki Mónica Zufiria, Oihane Pikatza Menoio eta Maddi Garciandia Arcelus), Donostiako Unibertsitate Ospitalea (Neurologiako eta Traumatologiako Zerbitzuak) eta estatuko eta nazioarteko beste osasun zentro batzuetako ikertzaileak.

Ikerketa honen emaitzak nazioarteko “Acta Neuropathologica” aldizkari entzutetsuan argitaratu ziren, “Dysregulated FOXO1 activity drives skeletal muscle intrinsic dysfunction in amyotrophic lateral sclerosis” artikuluan.

Euskal Autonomia Erkidegoko multimorbilitatea zortzi etapako urrats anitzeko eredu baten bidez azaldua

Biogipuzkoa OIIko Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntza eta Gaixotasun Kronikoen Ebaluazio Ekonomikoa taldeen elkarlaneko ikerketa batek gaixotasun kronikoen kointzidentzia aztertu du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean.

Lanaren egileak izan dira Mikel Arróspide Elgarresta, Daniela Gerovska, Myrian Soto-Gordoa, María L. Jauregui García, Marisa L. Merino Hernández eta Marcos J. Araúzo-Bravoa, eta emaitza hauek iScience aldizkariak argitaratu ditu “Chronic disease incidence explained by stepwise models and co-occurrence among them” artikuluan.

Multimorbilitatea da paziente berean bi gaixotasun kroniko edo gehiago batera gertatzea, adineko populazioetan gehiago geratzen dena eta zainketa konplexuak eta baliabide-kopuru esanguratsu bat behar duena. Hainbat gaixotasun kronikoren bilakaera ulertzen lagunduko duten eredu matematikoak sortzeak osasun-sistemaren baitan erabaki informatuagoak hartzea erraztu dezake.

Ikerketak bildu zituen multimorbilitatea zuten Osakidetzako paziente guztien datuak, 2014tik 2021era bitartekoak. Ondoren, Charlson-en Komorbilitate Indizean (CCI, paziente baten 10 urteko biziraupena iragartzeko erabiltzen den indizea) erabiltzen diren 19 gaixotasun edo afekzio aztertu ziren, gaixotasun horien bikote guztien kointzidentzia kalkulatzeko. Azkenik, hainbat metodo matematiko erabiliz, gaixotasun horien garapena eta multimorbilitatea azaltzen duen eredu mailakatu bat eraiki zen.

Ikerketaren aurkikuntza nagusia izan zen multimorbilitateak urrats anitzeko eredu bati jarraitzen diola: zortzi urrats gizonentzat, eta bat gehiago, bederatzi, emakumeentzat. Multimorbilitateaz gain, CCIko sei gaixotasunen intzidentzia-adin profilek konfiantzarekin jarraitu zuten kasu anitzeko ereduea, eta kasu anitzeko ereduak hobeto azaltzen ditu pauso gehiago dituzten gaixotasunak. Anatomikoki, nerbio-sistema zentralarekin lotutako gaixotasunek dute pausorik gehien, eta ostean, giltzurrunarekin, bihotzarekin, sistema baskular periferikoarekin, arearekin, artikulazioekin, garuneko sistema baskularrarekin, birikarekin, urdailarekin eta gibelarekin lotutako gaixotasunak.

CCIko gaixotasunen artean, dementziak izan zuen pauso gehien: 11 pauso eman zituen, bai gizonentzat, bai emakumeentzat. Emaitza horiek bat datoz egile horiek beste lan batean garatu duten gaixotasun neurodegeneratiboen zuhaitz genealogiko orokorraren ereduarekin, eta dementzia CCIaren gaixotasun gisa kokatzen dute zuhaitzaren goialdean. Bitxia bada ere, CCIko 19 gaixotasunekin alderatuta, urrats anitzeko eredu bati ondoen egokitzen zaion “gaitza” dela esan daiteke multimorbilitatea.

Biogipuzkoa OIIko Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntza eta Gaixotasun Kronikoen Ebaluazio Ekonomikoa taldeei esker egindako artikulua.

 

Dementzietan antipsikotikoen erabilera maila sozioekonomikoarekin lotzen duen ikerketa baten buru da Biogipuzkoa

Antipsikotikoen erabileran desberdintasunak ikusi dira maila sozioekonomikoaren arabera, bai populazio orokorrean, bai dementzia duten pertsonetan.

Gipuzkoako 60 urtetik gorako 221.777 pertsonaren azterketak erakutsi du maila sozioekonomiko baxuko pertsonen artean antipsikotikoak jasotzeko aukera handiagoa dagoela

Tratamendu ez-farmakologikoen eskaintza handitzeak antipsikotikoen erabileran dagoen ekitate eza murrizten lagun lezake

Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Kronikoen Ebaluazio Ekonomikoko taldeak gidatutako ikerketa batek agerian utzi du dementzian antipsikotikoak erabiltzearen eta maila sozioekonomikoaren arteko lotura. Javier Mar, Uxue Zubiagirre, Igor Larrañaga, Myriam Soto-Gordoa, Lorea Mar-Barrutia, Ana Gonzalez-Pinto eta Oliver Ibarrondo (IIS Biogipuzkoa, IIS Bioaraba, Biosistemak eta Mondragon Unibertsitatea) arduratu dira lan horretaz.

Antipsikotikoak asko erabiltzen dira adineko pertsonetan, sintoma neuropsikiatriko eta dementziarekin lotutako jokabide disruptiboen prebalentzia handia dagoelako. Erabilera desegokiari buruzko kezkak bultzatuta, gobernuaren txostenek arriskuez ohartarazi dute, eta dementziaren sintoma jokabidezko eta psikologikoetarako erabilera murriztea gomendatu dute. Maila sozioekonomikoaren arabera erabileran ere ezberdintasunak ikusi dira, eta hezkuntza mailarekin gradiente bat aurkitu da antipsikotikoen erabileran bai populazio orokorrean eta baita dementzia duten pertsonetan ere. Antipsikotikoen indikazioan dauden desberdintasunen azterketa sakona egiteko aldagai gehiago hartu behar dira kontuan, hala nola sexua, adina eta komorbilitate somatiko eta psikiatrikoak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 60 urtetik gorako 221.777 pertsonen datuak erabili dira populazio-azterketa honetan eta aurkikuntza nagusiak izan ziren antipsikotikoen erabilera-tasa altuak eta maila sozioekonomiko baxuko pertsonen artean halako botikak jasotzeko aukera handiagoa. Antipsikotikoen erabiltzaileen ehunekoa %2,9tik %6,7ra igo zen maila sozioekonomiko altutik maila sozioekonomiko baxura, eta %39,8ra dementzia duten pertsonetan. Desberdintasun horren azalpena izan daiteke antipsikotiko atipikoak erabili ohi direla pertsona behartsuetan, dementzian izaten diren jokaera desafiatzaileen aurrean lehen lerroko erantzun bezala. Bitartean, familiak arduratzen direnez etxeko zaintzak antolatzeaz, diru sarrera maila handiagoak ahalbidetu dezake zaintzari lotutako ondoeza murriztea eta antipsikotikoen erabilera atzeratzeko beste laguntza batzuk lortzea.

Ikerketaren ondorio nagusia da maila sozioekonomiko baxuko pertsonen antipsikotikoen erabilera- eta instituzionalizazio-maila handiagoek adierazten dutela ekitate falta dagoela dementziarekin lotutako sintoma neuropsikiatrikoak maneiatzean. Osasun publikoaren sisteman tratamendu ez-farmakologikoen eskaintza handitzeak antipsikotikoen erabileran dagoen ekitate eza murrizten lagundu lezake.

Emaitza horiek “Disease Disparities by Socioculteconomic Status and Diagnosis of Dementia in the Prescribing of Antipsychotics in a Real-World Data Population Over 60 Years of Age” artikuluan argitaratu ziren, “Journal of Alzheimer’s” nazioarteko aldizkarian. Artikulu horren hasierako on line bertsioa argitaratu zen, aurkikuntzak zehazten dituena, eta aldizkari horren 100. alean, 2. zenbakian, argitaratu ziren 2024ko uztailaren 16an.

Zelulaz kanpoko besikulak, neuroendekapenezko gaixotasunen ikerketaren etorkizuna?

Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Neuroimmunologia taldeak nerbio-sistema zentraletik eratorritako zelulaz kanpoko besikulei buruzko informazioa bildu du, hainbat neuroendekapenezko gaixotasun dituzten pertsonen likido zefalorrakideoan eta odolean daudenak. Lan hau Rocío Bravo Mianak, Jone Arizaga Echebarriak eta David Otaeguik egin dute, eta Translational Neurodegeneration nazioarteko aldizkarian argitaratu da.

Garuna gure organorik konplexu eta iristezinenetako bat da, eta, beraz, irudi-tresnak ezinbestekoak dira gaur egun praktika klinikoan. Hala ere, irudiek ez digute ikuspegi osoa ematen, ez baitute lortzen molekuletan dagoen informazioa eskuratzea. Hori dela eta, markatzaile biologikoak edo biomarkatzaileak funtsezko tresna dira gaur egun, paziente baten egoeraren adierazle molekular gisa balio baitute. Bestalde, zelulaz kanpoko besikulak (EVak, ingelesezko izenagatik) tamaina txikiko partikulak dira, gure zelula guztiek sortzen dituztenak, hainbat molekula dituztenak eta babestuta gorputzeko fluidoetan bidaiatzen dutenak. Hala, beren molekulak aztertzeko plataforma biologiko gisa erabil daitezke, sortu diren zelula-motaren ordezkari gisa.

Nerbio-sistema zentraletik (NSZ) eratorritako EVek funtziona lezakete gaixotasun neurodegeneratiboetan garatzen diren prozesu fisiopatologikoen leiho gisa? Galdera horri erantzun nahian, horri buruzko bibliografia guztia aztertu zen, eta oraindik asko dagoela egiteko aurki zen.

Alor horretako aurrerapen nagusia da Alzheimerra duten pertsonen EVak azterketa. Beste patologia batzuetan, hala nola esklerosi anizkoitzean, alboko esklerosi amiotrofikoan eta Parkinsonean, lehen urratsak egiten ari dira. Hala ere, oraindik ez dago komunitate zientifikoan onartutako biomarkatzailerik NSZtik odolera doazen EVak aztertzeko edo isolatzeko erabil daitekeenik. Alde horretatik, “banakako besikulak” aztertzeko aukera ematen duten teknologia aurreratuek lagundu lezakete odolean dauden EVen heterogeneotasun konplexua argitzen.

Arlo horretan aurrerapenak lortzeko, interesgarria litzateke eskura ez dauden laginak aztertzea, hala nola likido zefalorrakideotik edo garun-ehunetik eratorritako EVak. Hala, informazio asko lortuko litzateke, eta, gero, informazio hori eramatea lagin konplexuagoetara, ez-inbaditzaileetara eta erraz eskuratzeko modukoetara, hala nola odolera, listura edo malkoetara. Gainera, oraindik ere gainditu beharreko erronka tekniko eta metodologikoak daude. Horien artean daude EVak isolatzeko eta karakterizatzeko metodoak estandarizatzeko beharra eta haien erabilgarritasun klinikoa baliozkotzeko eskala handiko eta epe-luzeko azterketen beharra.

Hori dela eta, taldearen ikerketa-ildoetako bat da NSZtik eratorritako EVak aztertzea, esklerosi anizkoitza duten pazienteen biomarkatzaile zirkulatzaile gisa.

Azkenik, horrelako lanak ez lirateke posible izango pazienteek parte hartzeko duten gogo eta borondaterik gabe, eta baita hainbat erakunderen laguntzarik gabe ere, hala nola Osakidetza, Eusko Jaurlaritza, Carlos III.a Osasun Institutua eta ECTRIMS (European Comiste for Treatment and Research in Multiple Sclerosis), zeinak ikertzaileen lana eta beren proiektuak finantzatzen baitituzte.

Dieta arrisku-faktore gisa bularreko, kolon-ondesteko eta prostatako minbizietan

Gaixotasun Kronikoen eta Transmitigarrien Epidemiologiako taldeak zenbait ikerketatan parte hartu du, eta dietako patroiak (Mendebaldekoa, Zuhurra eta Mediterraneoa) bularreko minbizia, kolon-ondesteko minbizia eta prostatako minbizia izateko arriskuari dagokionez duen eragina aztertu dute. Talde horretako Pilar Amiano eta Ane Dorronsoro ikertzaileek parte hartu duten lan horiek Maturitas, Nutrients eta British Journal of Urology nazioarteko zientzia-aldizkarietan argitaratu dira, hurrenez hurren.

Aipatutako ikerketen emaitzak EPIC-Espainia kohortean oinarritzen dira. Kohorte hori 1992tik 1996ra bitartean bildu zen, eta, besteak beste, datu antropometrikoak, soziodemografikoak, jarduera fisikoari, dietari, alkohol- eta tabako-kontsumoari buruzkoak jaso ziren, 41.000 lagunetik gorakoak; eta pertsona horiei segimendua egin zaie.

Kohorte horretako datuak erabiliz, bularreko minbizia, kolon-ondesteko minbizia eta prostatako minbizia garatu zuten pertsonak aukeratu ziren, eta dietak izan zezakeen eragina aztertu zen. Bularreko minbiziari dagokionez, ikusi zen Mendebaldeko dietaren patroiak arriskua areagotu zezakeela. Kolon-ondesteko minbiziaren kasuan, Mendebaldeko dietak eragin kaltegarri txiki bat izan zezakeen, eta Mediterraneoko dietak, aldiz, eragin babeslea. Azkenik, prostatako minbiziari dagokionez, Mendebaldeko dietak ere arrisku handiagoa erakutsi zuen.

Emaitza horiek berretsi egiten dute nutrizio-gomendioek kontuan hartu behar dituztela dietaren eredu orokorrak, elikagai indibidualak baino gehiago, eta berresten dute Mendebaldeko dieta-eredutik aldentzen diren ohitura dietetikoak hartzeak bularreko, kolon-ondesteko eta prostatako minbizia garatzeko arriskua murriztu dezakeela.

Gainera, nutrizio-gomendioek prebentzioan duten garrantzia nabarmentzen da, ohitura osasungarriak hartuz. Kasu honetan, onuragarria dirudi Mediterraneoko dietaren ereduko elikagaiak gehitzea: alde batetik, haragi prozesatuen, freskagarri azukretsuen, ontziratutako zukuen, gozoen, opilen edo prestatutako janariaren kontsumoa murriztea; eta, bestetik, fruta osoen, barazkien, lekaleen, arrainaren eta oliba-olioaren presentzia handitzea.

Hala ere, kontu handiz ibili behar da azken azterketa horien ondorioekin; izan ere, Mendebaldeko patroiarekin guztiz bat datorren dieta bat izateak ez du esan nahi minbizia garatuko denik; Mediterraneoko dietari atxikimendu handia izateak, berriz, ez du erabat prebenituko.

Egileen hitzetan “EPIC proiektuaren helburu nagusia da gure harri-koskorra zientziari eta gizarteari ekartzea, eta, gutxien-gutxienean bada ere, herritarrek osasun hobea izan dezaten laguntzea”. Gaineratu dute “Horrelako emaitzak erraz ekar daitezke eta guztion eskura daude, eta betebeharra bete izanaren sentsazio dugu eta ikertzen jarraitzeko motibazio handiagoa ematen digute”.

Azpimarratzekoa da EPIC proiektua aurrera egin badu, Espainian 40.000 lagun baino gehiagok eta Gipuzkoan 8.400 pertsonak baino gehiagok egindako ekarpen eskuzabalari esker izan dela. Horiek gabe, ezingo lirateke azterketa horiek egin. Gainera, proiektu hau posible da 10 erakunde baino gehiagotako ikerketa-talde eta profesionalen lankidetzari esker. Proiektu horrek erakusten du oso garrantzitsua dela lankidetza eta partzuergo handiak sortzea, bikaintasuneko ikerketak egin ahal izateko, emaitza esanguratsuak lortu ahal izateko, eta, kasu honetan bezala, herritarren osasunean eragina izango dutenak egiteko.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu Pilar Amiano eta Ana Jimenez Zabalaren parte-hartzea duen artikulu bat Andaluziako Ekialdeko, Ceutako eta Melillako Medikuntza eta Kirurgia Errege Akademiaren 2023. urteko Sarietan saritua izan dela. Artikulu saridunak eguneko eta gaueko erritmoen, nutrizioaren eta gizentasunaren arteko erlazioa aztertu zuen aipatutako EPIC kohortean.

EDONOLA proiektuak ikertuko du kimioterapia tratamenduan dauden linfoma-pazienteetan ariketa fisikoak duen eragina

“Jarduera fisikoa linfoma duten pazienteetan kimioterapia tratamendua jasotzen duten bitartean: EDONOLA estudioa”-ren asmoa da immunokimioterapia tratamendu aktiboa jasotzen duten 18 urte baino gehiagoko linfoma daukaten pazienteetan, jarduera fisikoak duen eragina aztertzen duen entsegu kliniko aleatorizatua martxan jartzea. Proiektu hau martxan jarriko da Arabako, Galdakaoko eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleetan (azken hau bultzatzailea dena), OII Biogipuzkoako Ikerkuntza Klinikoko Plataformaren laguntzarekin, bai ikerketaren abiaraztean bai garapenean, beti ere, ikertzaileen lankidetza estuan.

Ikertzaile hauetako bat da Izaskun Zeberio Etxetxipia, Donostia Unibertsitateko Ospitaleko – Onkologikoko hematologoa eta OII Biogipuzkoa Onkologia Molekularreko kidea. 2002. urtean Ikerketarako Gaitasuna lortu zuen Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean. Hainbat argitalpenen egilea da eta hemopatiaren arloko 20 entsegu kliniko baino gehiagoko parte-hartzailea da. Aurten, Espainiako Hematologia eta Hemoterapiako Elkarteko (SEHH) Espainako Hematogeriatria taldeak (GEHEG) beka bat eman dio Izazkuni, EDONOLA proiektuaren atal bat finantzatzeko aukera emango duena.

Baita ere proiektu honetan parte hartzen dute Marene Martinez de Rituerto eta Jon Madinabeitia, Kirol Hezitzaile Fisikoak direnak. Biek, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako (JFKZ) gradua ikasi zuten. 2021. urtean amaiera eman zioten eta 2022. urtean beraien ikasketak jarraitu zituzten osasun arlotik “Jarduera Fisikoaren eta Bizimodu Osasungarrien Berezko Titulua” lortuz. Biek, “Jarduera Fisikoko eta Onkologiako Espezializazio Diploma” ikasketak amaitu dituzte aurten. Donostia Unibertsitateko Ospitaleko –  Onkologiakoan egin zituzten praktikak “Preferable Project” proiektuan. Mareni honek, Laura Basterretxeak burutzen zuen “Gaixo onkogeriatrikoen estratifikazio eta interbentzioen pertsonalizazioa: ONKO-FRAIL” proiektuan parte hartzeko aukera ekarri zion, itxiera momentuan aurkitzen den proiektua. Bestalde, Jon Minbiziaren Aurkako Elkartean ari da lanean, ariketa fisikoko saileko arduradun gisa. Orain, EDONOLA estudioan murgilduko dira.

Marenek, jasotako esperientziaren balantzea egiten du Tolosaldeko Atarian egindako elkarrizketan. Minbiziaren kasuan, bai fisikoki eta baita mentalki ere, gaixotasunaren tratamendua oso gogorra dela azaltzen du. Tratamendu hauek, geroz eta zehatzagoak eta eraginkorragoak dira. Baina alboko ondorioak bertan jarraitzen dute eta hor jokatzen du egoki ariketa fisikoak, neurri batean, efektu desiragaitz horiek hobetuz.

Minbizia eta ariketa fisikoa eskutik doazela komentatzen du Marenek. Funtzio fisikoa eta fisiologikoa hobetzeko, baita minbiziaren prebentziorako ere. Minbiziaren bost arrisku faktore nagusiak diren sedentarismoa, alkohola eta tabakoa, infekzioak eta elikadura txarra, saihesgarriak dira. Horregatik, bizimodu osasuntsuago bat eramatera zuzendutako prebentzioa planak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen hari dira, minbizia gehiago detektatzen delako, geroz eta adin gazteagotan.

Gainera, EDONOLA estudioak, 2023ko “Ikerkuntza eta Garapen Sanitarioko Proiektuetarako Laguntzak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko” deialdia lortu zuen, proiektua gauzatu ahal izateko.

Aurpegi-eskapula-besoko muskulu-distrofiaren praktika klinikoari eta diagnostikoari buruzko adostasun berria

Gure lankide Pilar Camañok, Diagnostiko Molekularreko Plataformaren arduradunak, aktiboki parte hartu du aurpegi-eskapula-besoko muskulu-distrofiaren (FSHD, ingelesezko siglak) praktika klinikorako eta diagnostikorako gutxieneko eskakizunei buruzko adostasunaren garapenean. Gida hau Clinical Genetics aldizkarian argitaratu da eta 2012ko gidaren eguneratzea da.

FSHD helduen bigarren muskulu-distrofia arruntena da, eta aurpegiko, sorbaldako eta besoen goiko muskuluei eragiten die pixkanaka, askotan modu asimetrikoan. Gainera, paziente askok enborreko eta zangoetako muskuluen ahultasuna dute, batzuetan hasierako agerraldien sintomak izan daitezkeenak. Aldakortasun handia dago adierazpen klinikoetan: batetik, goiz ager daiteke eta, bestetik, aurkezpen asintomatikoak izan ditzake.

Gida honen garapena 2021ean hasi zen, bi tailerrekin FSHD European Trial Network-en barruan, eta lanean jarraitu zen Herbehereetan, 2022an, 268th FSHD Workshop-en. Ondoren, hainbat lan-bilera egin ziren, eta horien emaitza da argitalpen hau. Espainian FSHDren diagnostikoaren erreferentzia-talde gisa parte hartu zuen Camañoren hitzetan, “uste dut gaixotasunaren ikuspegi oso osatua eta eguneratua biltzen duela maila kliniko eta molekularrean”, eta pozik dago emaitzarekin.

Egileek, 10 herrialde baino gehiagotako gaian adituak direnak, espero dute adostasun honek egungo erabilera klinikoa hobetzea eta FSHDren saiakuntzak prestatzen lagunduko duela.

Bakterioen eta onddoen arteko elkarrekintzak eta esklerosi anizkoitzaren garapenari egiten dioten ekarpena

Biogipuzkoa OIIko Neuroimmunologia taldeko ikertzaileek (Miriam Gorostidi-Aicua, Iraia Reparaz, Ane Otaegui-Chivite, Leire Romarate, Idoia Mendiburu, Maialen Arruti, Tamara Castillo-Triviño, Laura Moles eta David Otaegui), Institutu bereko Koldo Garcia ikertzailearekin eta Alvarez de Arcayarekin (Bioaraba OII Esklerosi Anizkoitzeko taldeko kidea) kolaborazioan, lan bat argitaratu dute Microorganisms aldizkarian, non bakterioek eta onddoek hesteetako mikrobiotan dituzten elkarrekintzak eta esklerosi anizkoitzarekin (EA) duten lotura aztertu dituzten.

Nerbio-sistema zentralari eragiten dion gaixotasuna da, sistema immunea tarteko, eta gure neuronen berezko osagai bati, mielina-zorroari, eraso egiten dio. Gazteengan (20-40 urte) ezgaitasun neurologiko ez-traumatikoaren arrazoi nagusia da. EAk zenbait aurkezpen kliniko ditu, eta berriz gaixotze-arintze mota da ohikoena. Bere ezaugarriak dira ezgaitasun neurologikoak behintzat 24 orduz irauten duela (berriz gaixotzea), eta, ondoren, indarberritze-aldi osoak edo osatugabeak egotea (arintzea).

Hesteetako mikrobiota osatzen dute gure hesteetan bizi diren mikroorganismoek. Aspalditik dakigu beharrezkoak direla gure organismoaren funtzionamenduan, funtzio askorekin, besteak beste sistema immunearen erregulazioa. Bakterioak mikrobiotaren osagai ezagunenak diren arren, legamiak eta onddoak (mikobiota izenekoak) funtsezkoak dira mikrobiotaren dinamiketan. Mikrobiota behar bezala erregulatutako ekosistema konplexu gisa ulertu behar dugu, non gutxiengoen populazioek, hala nola onddoek, zeregin garrantzitsua izan baitezakete.

Ikerketa honetan, gorozkietan dauden bakterioak eta onddoak aztertu ziren, EAa duten 62 pertsonengan eta 36 pertsona osasuntsuengan, Donostia Unibertsitate Ospitalean eta Arabako Ospitalean errekrutatutakoak. Emaitzen arabera, EA duten pertsonek mikrobio-profil desberdina dute, bai aniztasuna aztertuz, bai ugaritasuna edo bakterioen eta onddoen arteko erlazioak aztertuz. Izan ere, osasunerako onuragarriak direla jakinak diren bakterio-taldeak urriagoak ziren EA duten pertsonetan, eta bakterioen eta onddoen arteko harremanen eredua lausoagoa zen EA duten pertsonetan. Dinamika konplexu horiek pentsaraz dezakete bakterioak eta onddoak EAren garapenarean tartean daudela.

Egileek espero dute emaitza horiek bakterioen eta onddoen arteko harreman konplexuak eta EAren garapenean izan dezaketen eragina hobeto ulertzeko balioko dutela, eta, hala, gaixotasun hori hobeto ulertzeko bidea irekiko duela. Horrez gain, honako hau gaineratu dute: “Etorkizuneko lanetan berretsi behar dugun hasierako azterketa da honakoa, baina mikrobiota modulatzeko gure ikerketa-ildoa indartzen du: nola funtzionatzen duen hobeto uler badezakegu, esku-hartze hobeak diseinatu ahal izango ditugu (dietaren edo probiotikoen bidez) mikrobiota modulatzeko, gaixotasunaren sintomatologian eragina izateko”.

Lan hau lagundu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak (2019111013 kodea), Instituto de Salud Carlos IIIk, UPV/EHUk eta Neuroendekapenezko Gaixotasun CIBERek (CIBERNED), eta Microorganisms aldizkarian argitaratu da.

Neuroinmunologia taldeari esker egindako artikulua.

PINT OF SCIENCE ZIENTZIAZ BETEKO DITU DONOSTIAKO TABERNAK

Aurten ere hemen da Pint of Science mundu mailako zientzia-dibulgazio jaialdia: Estatuan 850 hitzaldi emango dira 67 hiritako tabernetan, eta horietako bat Donostia da.

  • Zientzia-dibulgazioko nazioarteko jaialdia maiatzaren 13, 14 eta 15ean egingo da estatu osoan, eta sarrera doan izango da.
  • Donostian, Pint of Science Alboka, Amuitz, Errotatxo, Mala Gissona eta Manuel (Errenteria) tabernetan egingo da.

Biogipuzkoak ekitaldian babesle gisa parte hartzen du eta, gainera, hiru hitzaldi ditu, Ainhoa Irastorza, Oihane Mitxelena eta Jon Zabaleta, ikertzaileen eskutik. Institutuko ikertzaileek Mala Gissona eta Manuel tabernetan emango dituzte hitzaldiak, eta hirurak euskaraz izango dira.

Pint of Science Zientzia Dibulgazioko Nazioarteko Jaialdiaren bederatzigarren edizioa orain arte antolatu den anbizio handikoena da, 850 hitzaldirekin 67 hiritan, maiatzaren 13, 14 eta 15ean. Hiru egunez, gure hirietako tabernak laborategi inprobisatu bihurtzen dira, eta, bertatik, panorama nazionaleko ikertzaile puntakoenek zientziaren aurrerapen berrienak partekatuko dituzte. Hizkuntza ulergarri eta hurbilarekin, edozein herritarrek hainbat arlotako proiektuak ezagutu ahal izango ditu: neurozientzia, astrofisika, medikuntza, historia, superkonputazioa, matematika, ekonomia eta zoologia, besteak beste.

Donostian, Pint of Science Alboka, Amuitz, Errotatxo, Mala Gissona eta Manuel (Errenteria) tabernetan egingo da, 30 guztira, eta nanoteknologia, 3D inprimaketa, fisika, neurozientzia eta hizkuntza, natura eta iraunkortasuna landuko dira. Pint of Science Donostiaren edizio honetan parte hartzen duten ikertzaile eta zientzialarien artean Fernando Cossío, Oihane Mitxelena, Efthymia Kapnoula eta Francesc Monrabal daude. Hitzaldiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Gainera, hitzaldietako batzuk aldi bereko itzulpena izango dute zeinu-hizkuntzara. Egitarau osoa https://pintofscience.es/events/sansebastian webgunean kontsulta daiteke.

Sandra Medrano doktoratu ondoko ikertzaile eta edizio honetako komunikazio-arduradunak azaldu duenez, “zientziari buruz hitz egiten entzutean bertaratutakoei sortzen zaizkien interes, harridura eta barre aurpegiak, laborategia utzi eta aurten ere tabernetara gure aurkikuntzak kontatzera itzultzeko dugun motibazioa dira. Batzuetan gutxietsi egiten dugu geure burua, baina gure herrialdean dagoen kalitate zientifiko handiak eta zientzialari guztiok egiten dugunarekiko dugun motibazioak eta grinak gure herria puntako bihurtzen dute jakintza-arlo askotan”.

Berrikuntza gisa, aurten, nazio erakundeak oinarrizko zientziaren garrantzia indartu eta babestu du, txertoak edo espazioko bidaiak bezalako mugarriak lortzea ahalbidetuz. Era berean, gaur egungo interes sozialeko gaiak balioetsi dira, hala nola politika zientifikoak eta trantsizio energetikoa, herrialdearen ongizateari, ekonomiari eta hazkundeari zuzenean eragiten dietenak.

Pint of Science 2024 doako ekitaldia da bertaratu guztientzat, eta Donostian DIPC, Donostia Sustapena, CFM, CIC BiomaGUNE, Polymat, CIC nanoGUNE eta Biogipuzkoaren babesari esker, eta Aranzadi eta BCBL-ren elkarlanari esker da posible.

Aurten ere, Pint of Science mundu mailako errealitatea da

Pint of Science 2013ko maiatzean jaio zen Erresuma Batuan, Michael Mostkin eta Praveen Paul ikertzaileek beren laborategietan buruko gaixotasunak zituzten pertsonei egiten zieten ikerketa erakusteko ekitaldi bat antolatu zutenean. Beraiek egiaztatu zuten zer eragin handia izan zuen paziente horiengan, eta pentsatu zuten, “jendea laborategietara badoa… zergatik ez eraman zientzia jendea dagoen lekura, tabernetara?”. Gutxi imajinatzen zuten urte batzuk geroago bere ideiak munduari bira emango zionik, 2024an aldi berean 5 kontinenteetan eta 25 herrialdek parte hartuz.

Australiako zientzialariak izango dira tabernetako pertsiana igotzen eta jakintzaren eta dibulgazioaren alde lan egiten lehenak. Handik, eta gainerako herrialde anfitrioiekin batera, 3 eguneko zientzia maratoia eta mundu osoko tabernak hasiko dira.

Maiatzaren 13, 14 eta 15ean zientziaren alde topa egin dezagun tabernetan!

 

Zahartu ahala, gene luzeenek funtzionatzeari utz diezaiokete

Zahartzearen mekanismo genetikoei buruzko iritzi-artikulu bat argitaratu eta nabarmendu du Trends in Genetics aldizkari garrantzitsuak, zeinean Ander Izeta (Ehun-ingeniaritzako taldeko burua) eta Olga Ibáñez-Solé (talde bereko kidea) lankideek parte hartu duten.  Artikulu honetan, Izetak, Ibáñez-Solék eta Herbehereetako, Alemaniako eta Estatu Batuetako beste hiru taldetako ikertzaileek gogoeta egiten dute geneen funtzionamenduaren eta zahartzearen arteko erlazioari buruz, hainbat metodo erabiliz lortutako ondorioetan oinarrituta.

Artikulu honetan, proposatu egiten dute zahartzeak “zahartze-gene” espezifikoekin zerikusi gutxiago duela eta gehiago gene baten luzerarekin. Ikertzaileek diotenez, zahartzearekin lotutako aldaketa askoren jatorria izan liteke gene luzeen funtzioaren gainbehera. Adinean aurrera egin ahala, gene luzeen adierazpena murrizten dela ikusi da animalia askotan, zizaretatik hasi eta gizakietaraino, hainbat giza zelula eta ehun motetan, baita gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten gizabanakoetan ere. Saguekin egindako esperimentuek erakusten dute gertaera hori mugatu daitekeela zahartzearen aurkako faktore ezagunen bidez, murrizketa dietetikoa barne.

Zahartzeari buruzko ikerketa asko zahartzea azkartu edo atzeratu dezaketen gene espezifikoetan zentratu badira ere, zahartzeak zehazki zer genek eragiten duten jakiteko ikerketek ez dute eredu argirik eman funtzio biologikoari dagokionez. Hala, suszeptibilitatea geneen luzerarekin lotuta dagoela dirudi.

“Luzaroan, zahartzearen eremua zahartzearekin lotutako geneetan oinarritu da, baina gure azalpena da askoz ausazkoagoa dela: fenomeno fisikoa da, geneen luzerarekin lotua, eta ez gene espezifikoekin edo gene horien funtzioarekin”, azaldu du Ander Izeta gure lankideak.

Oinarrian, guztia zorira murrizten da, gene luzeek kalte egin dezaketen leku potentzial gehiago baitituzte. Ikertzaileek errepideko bidaia batekin alderatzen dute: bidaia zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta aukera gehiago dago zerbait gaizki ateratzeko. Eta zelula mota batzuek gene luzeak beste batzuek baino gehiago adierazten dituztenez, litekeena da zelula horiek kalteak metatzea DNAn zahartu ahala. Jakina da zelula neuronalek gene bereziki luzeak adierazten dituztela, eta horiek ere motelak direla edo ez direla zatitzen; beraz, fenomeno hori gertatzeko arrisku handia dute neuronek. Hala, ikertzaileek nabarmentzen dute zahartzearen eta neurodegenerazioaren arteko lotura.

Egileek uste dute gene luzeei egindako kalteak zahartzearen ezaugarri gehienak azal ditzakeela, zahartzearen azeleragailu ezagunekin lotuta dagoelako eta zahartzearen aurkako terapia ezagunen bidez arintzen delako, besteak beste, murrizketa dietetikoa (frogatuta dago kaltea DNAri mugatzen diola).

Hala ere, gene luzeen adierazpenaren gutxitzearen eta zahartzearen arteko loturaren ebidentziak egon arren, oraindik ere kausa frogatzeke dago. “Jakina, inoiz ez dakigu zer izan zen lehena, arrautza edo oiloa, baina lotura estua ikus dezakegu fenomeno horren eta zahartzearen ezaugarri ezagun askoren artean”, gehitu du Izetak.

Etorkizuneko azterketetan, ikertzaileek sakonago ikertu nahi dituzte fenomenoaren mekanismoa eta haren ondorio ebolutiboak, eta neurodegenerazioarekin duen erlazioa aztertu.

 

Cell Pressek erraztutako materialean oinarrituta