Tag Archives: Biodonostia

Koronabirusaren aurkako curevac-en txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna egiaztatzeko nazioarteko azterketa batean hartuko du parte Euskadik

Osakidetzaren Biodonostia eta Biocruces Bizkaia Ikerketa Sanitarioko Institutuak aukeratu dituzte Alemaniako Curevac enpresa farmazeutikoak garatu eta sustatu duen SARS-CoV-2aren aurkako txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna egiaztatuko duen saiakuntza klinikoan parte hartzeko. Euskal Autonomia Erkidegoak, beraz, estatuan aukeratu dituzten hiru zentroetako bi eskainiko ditu (hirugarrena, Madrilgo Erkidegoarena da). Garrantzi handiko saiakuntza klinikoa da. Mundu osoan 30.000 lagun baino gehiagok hartuko dute parte; horietako 2.000 inguru Euskal Autonomia Erkidegoak ipini ditzake.

CureVac Alemaniako enpresa biofarmazeutiko bat da. Enpresa horrek immunitate-sistema estimulatzen duen RNA mezulariaren mekanismoan —gaur egun banatzen ari diren Pfizer-en eta Moderna-ren bi txertoek erabiltzen duten bera— oinarritutako txerto bat garatu du. Hala ere, Curevacen txertoak jada merkaturatutako txertoak erabiltzeko topatzen dituzten oztopoetako bat gainditzen du; izan ere, Curevacen txertoa mantentzeko eta prestatzeko baldintzek bere banaketarako logistika errazten dute. Gainera, Europan produzitzen denez, gure esparruko herrialdeetan dosi gehien banatzeko konpromisoa hartu duen txertoetako bat da.

Euskal Autonomia Erkidegoak nazioarteko saiakuntza kliniko honetan parte hartzeak osasun-sistemaren —osasun-sistema asistentziala zein ikerketakoa— ahalmena eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak esparru biosanitarioan egindako apustua erakusten du. Eta hori guztia aurrera eraman ahal izan da Osakidetzako Zerbitzu Erakundean, BIOEFan eta Ikerketa Sanitarioko Institutuan diharduten pertsonen lanari esker. Institutu horiek saiakuntza klinikoen esparruan duten esperientzia funtsezkoa izan da euren aukeraketan.

Azterketa hori, gainera, pandemia hau hasi zenetik Euskal Osasun Sistema garatzen ari den ikerketa-jarduerari gehitu zaio, eta COVID-19ari aurre egiteko —beharrezkoa maila globalean krisia kontrolatzeko— txerto berri bat garatzen laguntzeko aukera bikaina da.

Parte-hartzea

18 urtetik gorako eta azterketaren protokoloan adierazitako irizpideak betetzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona guztiek saiakera horretan parte hartu ahal izango dute hala nahi badute. Saiakuntza kliniko honetan parte hartuko duten boluntarioak modu aleatorioan banatuko dituzte, batzuk, txertoa jasoko duten taldean eta, besteak, plazeboa —hau da, inolako ondoriorik ez duen konposatu bat (gatz-serum)— jasoko duten taldean. Ez pazienteak, ez datuak biltzeaz eta jarraipena egiteaz arduratzen diren profesionalek ez dute jakingo subjektu bakoitza zein taldetan dagoen. Horrela, azterketaren bidez bildutako datuen kalitatea eta zorroztasuna bermatzen da. Entsegu honetan txertoaren bi dosi jarriko dira 28 eguneko tartearekin. Parte-hartzaileei urtebetez luza daitekeen jarraipena egingo diete, bisita medikoen eta telefono deien bidez. Gainera, informazioaren erregistroa erraztuko duen mugikorrerako aplikazio batean sartu ahal izango dira. Parte-hartzaileek, nahi dutenean, azterketatik irtetea eskatu ahal izango dute. Halaber, txertoa edo plazeboa jaso zuten ere jakin ahal izango dute. Hiru eta sei hilabeteko epean bitarteko analisiak egingo dituzte. Emaitzen arabera, txertoaren erabilera onartzeko prozesua azkartu daiteke, jada merkatuan dauden txerto batzuen kasuan gertatu den bezala.

Datozen egunetan, beharrezko dokumentazio eta errekerimendu guztiak prest daudenean, Biodonostia eta Biocruces Bizkaia Institutuek parte-hartzaileak biltzeko prozesuak jarriko dituzte martxan. Prozesu horien berri bere garaian emango da.

Lotutako albisteak

Julio Arrizabalaga, Biodonostia OIIaren Zuzendari Zientífikoari egindako elkarrizketa SER-Hoy por Hoy SanSebastián saioan.

ETBren Egun on Euskadi saioan Biodonostia OIIaren Itziar Vergara, Lehen Mailako Arreta Taldeko talde-buruari, elkarrizketa.

 

Biodonostia OIIko ikerlariek zelula amen jarduteko gaitasunari eusteko ardura duten geneak identifikatu dituzte eta minbiziaren aurkako babesarekin eta zahartzearen atzerapenarekin erlazionatu dituzte

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Neuro-Onkologiako taldeburu den Ander Matheu doktorearen koordinaziopean eta Lovell-Badge doktorearen (The Francis Crick Institute, Londres) eta Manuel Serrano doktorearen (CNIO, Madril) parte-hartzearekin egindako azterketa baten emaitzei esker, zelula amen jarduteko gaitasunari eusten dioten eta minbiziaren eta zahartzearen aurrean babesa ematen duten mekanismoen artean erlazioa dagoela egiaztatu da. Ikerlan hori Aging Cell aldizkari ospetsuak argitaratutako artikulu batean jaso da (online edizioa).

Aipatutako azterketaren emaitzek erakusten dutenez, p16Ink4a, p19Arf eta p53 tumore-ezabatzaileek, minbiziaren eta zahartzearen aurka babesten gaituzten geneak direnek, atzeratu egiten dute zelula amak aktibo mantentzeko gaitasunaren galera, adin berantiarretan gertatzen dena.

Giza gorputzeko organo guztiek birsortzeko gaitasuna dute (maiztasuna ez da berdina kasu guztietan) eta berritzeko gaitasun hori ahuldu egiten da adinarekin (adinean aurrera egin ahala, birsortzeko gaitasuna gutxitu egiten da). Zelula amak arduratzen dira homeostasi heldua egiteaz, hain zuzen ere, kaltetuta dauden eta/edo zahartuta dauden zelulak konpondu eta ordezkatu egiten dituzte, eta adinean aurrera egin ahala, zelula amen jarduteko gaitasuna ahuldu egiten da. Ondorioz, gorputzak ezin ditu behar den bezala konpondu edo ordezkatu kaltetutako ehunak eta organismoa zahartu egiten da. Horrez gain, zeluletan mutazio gehiago metatzen dira eta minbizia edukitzeko arriskua areagotu egiten da ondorioz. Orain arte ikuspegi esperimentaletik ezezaguna zen alderdi bat zelulen homeostasiaren eta minbiziaren garapenaren eta zahartzearen arteko orekaz arduratzen ziren mekanismo molekularrak dira.

Egoera argitzeko, Estefanía Carrasco-Garcíak eta Olatz Arrizabalagak, Biodonostiako ikerlariak biak, animali modelo baten (arratoia) garuna (garunaren jardunaren narriadura zahartzearen ezaugarri garrantzitsu bat da, eta zelula ama neuralen jarduteko gaitasuna gutxitzean gertatzen da) p16Ink4a, p19Arf eta p53 geneen kopia gehigarri batekin —bizitza erabilgarria luzatzen du eta minbiziaren aurkako babes gisa eta zahartzea atzeratzeko balio du— karakterizatu dute. Zehazki, Estefaníak eta Olatzek animali modelo horren zelula ama neuralen kopurua eta jarduera kognitiboa zehaztu dute adin desberdinetan, eta aipatutako geneen kopia estra arautu batek ama zelula neuralen jarduteko gaitasunaren galera atzeratzen duela eta adinarekin erlazionatutako narriadura kognitiboaren galera atzeratzen duela egiaztatu dute. Emaitza horiei esker, zelula-mailan minbizia eta zahartzea nola sortzen den ulertzeko mekanismo bat lortu da.

AECC erakundeak minbizia ikertzeko bi laguntza eman dizkie IIS Biodonostiako bi ikerlariri

Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) 13 laguntza banatu ditu minbiziaren ikerkuntzarako (5,2 milioi euro guztira), eta horietatik bi Marta Fernández-Mercado eta Paula Aldaz IIS Biodonostiako koikerlarientzat izan dira.

75.000 euroko laguntza jaso du Paula Aldazek, IIS Biodonostiako Neuro-Onkologiako Taldeko ikerlariak, “SOX9-en funtzioa glioblastoman” bere doktoretza-tesia garatzeko. Helburutzat du molekula-itu berriak aurkitzea garuneko tumorerik gaiztoenetakoa den glioblastomaren tratamenduan.

135.000 laguntza jaso du, bestalde, Marta Fernández-Mercadok, IIS Biodonostiako Hemato-Onkologiako Taldeko ikerlariak, zelula handiko B linfoma hedatsuetan mikroRNAek betetzen duten funtzioa aztertzeko (linfomen % 40 dira eta 100.000 pertsonen artetik hiruk pairatzen dute).

Laguntzen garrantzia azpimarratu dute biek, ezinbestekoak baitira minbizia duten gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko proiektuei egonkortasuna emateko eta minbizia gainditzeko aukerak ugaritzeko.

2014ko irailaren 17an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egindako ekitaldian banatu ziren laguntzak, Letizia erreginaren lehendakaritzapean, eta ekitaldian izan ziren, beste batzuen artean: Ana Mato, Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunerako Ministroa; Jon Darpón, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua; Isabel Oriol, AECC elkarteko lehendakaria eta Fernando Pesquera, elkartearen lehendakaria Euskal Autonomia Erkidegoan.

Fernando Pesquerak ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratu zuen, “hori baita minbiziari konponbidea edo soluzioa emateko modu bakarra”. Zentzu horretan, IIS Biodonostiaren garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, “ibilbide laburra egin badu ere, nazioartean erreferentziazko Ikerketa Zentro bat izatera iritsi da eta Euskadiko Ikerketa Institutu garrantzitsuena ere bada, bere ikerlarien lanari eta gogoari esker”.

Bestalde, Letizia erreginak sarituak zoriondu zituen eta AECC elkarteak azken 61 urteetan egindako lana goraipatu zuen. Izan ere, minbizia duten pertsonei eta beren familiei laguntza eta aholkularitza emateaz gain, minbiziaren inguruko jarduera zientifikoa eta ikerketa sustatzea lortu du elkarteak bere ibilbidean.