Biodonostia OIIak eta Donostia Unibertsitate Ospitaleak mikrobioen aurkako geruza itsaskorrak modu efizientean eta kostu gutxirekin fabrikatzeko, eta geruzaren aktibitatea baliozkotu eta bere eraginkortasuna, iraunkortasuna eta erresistentzia balioesteko, linea pilotua garatzen duen Europako “FLEXPOL” proiektuan parte hartzen dute.

Ohe alboetako segurtasun-barrak, erretilu zeregina duten mahaiak, telefono eta alarma-botoiak, altzariak, heldulekuak eta iturriak…, pazienteen gelak eta ospitaleetako hainbat eremu toki ezin hobeak dira azaleretako bakteriek pazienterik ahulenei kasu askotan infekzio larriak eragitera iristeko.

Europako FLEXPOL proiektuaren atzean Italiako, Espainiako, Portugalgo, Erresuma Batuko eta Alemaniako ikertzaileez eta industria-langileez osatutako partzuergoa dago, eta mikrobioen aurkako geruza itsaskorrak modu efizientean eta kostu gutxirekin ekoizteko linea pilotua garatzea du xede. Pazientearen inguruko gainazal handietan jartzen dira geruza horiek bakterien karga eta, ondorioz, kutsatzeko eta infektatzeko arriskua murrizteko. Geruza horien gainazalaren egituraren eta materialaren arteko konbinazioa gai da, % 99ko efikazia espezifikoarekin, germen gehienak deuseztatzeko eta bakterien hazkuntza galarazteko. Horrek, batetik, pazienteen eta medikuen osasuna babestuko du, eta, bestetik, onura ekonomiko handia ekarriko du, gutxiago gastatu beharko baita detergenteetan eta desinfektatzaileetan.

Biodonostia Institutuko ikerkuntza-taldeak, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko buru Gustavo Cilla doktoreak zuzenduta, baliozkotuko du mikrobioen aurkako FLEXPOL geruzaren aktibitatea ospitalean eta zaharren egoitza batean. Mikrobiologia Zerbitzuak baloratuko du FLEXPOL geruzaren eraginkortasuna, iraunkortasuna eta erresistentzia pazienteen geletako eta bisita-eremuetako kutsaduraren aurrean. Bestalde, geruzaren balio-bizitza eta zentroetako garbiketa eta desinfekzio sistemekin bateragarria den ere ebaluatuko du.

FLEXPOL proiektua 2017ko urtarrilean jarri zen martxan, eta 2019ko abenduan amaituko da. Horizon 2020 programaren barruan dago eta Europar Batasunak 5,17 milioirekin finantzatuko du.

Proiektuko kideak: Fraunhofer Institute for Production Technology IPT (Germany); IK4-Tekniker Research Alliance (Spain); Granta Design Ltd. (United Kingdom); Universidade do Minho (Portugal); Hospital Universitario Donostia – IIS Biodonostia (Spain); Catalan Institute of Nanoscience and Nanotechnology (ICN2) (Spain); Propagroup S.p.A. (Italy); Universidad de Alicante (Spain); Celanese SO.F.TER, (Italy); Naturality Research and Development S.L. (Spain).

Informazio gehiago: www.flexpol.eu

Proiektuaren koordinatzailea:

http://www.ipt.fraunhofer.de/en/Press/Pressreleases.html