Urriaren 10ean ospatzen da Osasun Mentalaren Munduko Eguna. Aurten ere bat egiten dugu egun honen ospakizunarekin, ikusgarritasuna ematen laguntzeko eta pazienteei zein Osasun Mentaleko eta Laguntza Psikiatrikoko ikerketari laguntzeko, gure ezagutzaren eta ahaleginaren bidez.

Biodonostia OIIak eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareak urteak daramatzagu osasun mentalarekin eta ongizate emozionalarekin lotutako hainbat proiektutan lanean, askotariko gaiak ikertzen, lotutako patologiak ulertzen saiatuz, patologia horien maneiu klinikoa hobetzeko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko ideiarekin. Era berean, herritarren ongizate emozionala sustatzeko lan egiten dugu, osasun mentala prebenitzeko eta sustatzeko ekimenen bidez.

Gaur egun, suizidioa prebenitzeko lanean ari gara, hainbat proiekturen bidez, hala nola, “Euskadin suizidioa klinikoki eta epidemiologikoki zaintzeko sistema baten diseinua eta gidaritza” proiektuaren bidez, Biocruces-Bizkaia eta Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuekin eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearekin (AMEE) lankidetzan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatutako proiektua da, eta 4 tresna garatzen dira bertan, batzuk nahiko berriak, etorkizunean suizidioa epidemiologikoki zaintzeko sistema bat garatzen laguntzeko. Honako hauek barne hartzen ditu: 2008-2018 aldiko EAEko suizidioen mapa bat, lurraldean arrisku handiko espazio publikoak edo “hotspotak” identifikatzen lagunduko duena; suizidioen erregistro forentse bat, suizidioei lotutako arrisku-faktoreei buruzko informazioa zabalduko duena; autopsia psikologikoak egiteko protokolo bat, eta osasun mentaleko pazienteen kasuen intzidentzia ondoko berrikuspenerako beste bat.

Gainera, Osasun Eskolarekin lankidetzan, osasunekoak ez diren profesionalentzako suizidioa prebenitzeko online ikastaro bat diseinatu da, bere buruaz beste egiteko arriskuan dauden pertsonak identifikatzeko eta ingurune komunitarioetatik lehen laguntza emateko oinarrizko ezagutza ematen duena. Ikastaro hau pilotaje-fasean dago, baina laster zabaldu nahi da. Arrisku-kolektiboekin (gizarte-langileak, hezitzaileak, farmazeutikoak, poliziak, etab.) maiz harremanetan dauden profesionalei zuzenduta dago.

Osasun mentaleko beste eremu batzuetan, beste ekimen mota batzuk ari dira garatzen, hauek ere interesgarriak. SESSAMO proiektua ISCIIIk finantzatzen du, eta ikasle nerabeen kohorteen azterketa prospektiboan zentratzen da, haien bizimoduaren eta osasun fisiko eta mentalaren arteko lotura aztertzeko. Azterketa horretan, online hainbat inkesta egingo dira 2 urteko jarraipenean, eta 3 autonomia-erkidegotako 40 ikastetxek baino gehiagok hartuko dute parte. Gaur egun ebaluazio-tresna diseinatzen ari dira.

Bestalde, Osasun Eskolaren webgunean (https://www.osakidetza.euskadi.eus/zaindu-osasuna/-/osasun-emozionala/ herritarrentzako osasun emozionalari buruzko psikohezkuntzako baliabideak garatzen eta etorkizunean osasun emozionaleko paziente aktiboaren tailerra egiten laguntzen ari gara.

Era berean, abian da Covid-19 pandemian telefono bidezko laguntza emozionaleko programa, egoerari lotutako ondoez emozionala duten pertsonentzat, Lehen Mailako Arretatik edo Osakidetzako arakatzaile taldetik bideratuak.