Gaur, martxoak 31, Koloneko Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna dela eta, beharrezkoa da herritar guztiak sentsibilizatzea gaixotasun horrekin diagnostikatzen diren paziente guztiek dituzten premiei buruz, eta kontzientziatzea tumorea prebenitzeko ohitura osasungarriak hartu behar direla, bai eta diagnostiko goiztiarraren garrantziaz ere.

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuan minbizi honen alderdi ezberdinak ikertzen ditugu (esate baterako, dieta, heste-flora eta genetika) bere diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko; eta horrela pairatzen duten pertsonen bizi-kalitatea hobetu.

Kolon eta ondesteko minbizia inzidentzia handienetarikoa duen minbizi mota bat da eta herrialde garatuetan bigarren hilkortasun kausa. Euskadin urtero 2.000 ospitaleratze inguru eragiten ditu (650 Gipuzkoan), bataz beste ospitalean hamar egun emanez. Izan ere, bigarren minbizi motarik ohikoena da bai emakumetan (bularreko minbiziaren ostean), nahiz gizonetan (prostatako minbiziaren ostean).

Minbizi honen arrisku-faktoreen artean daude adina, polipoen agerpena, gene-faktoreak, dieta, erretzailea izatea, ariketa fisiko gutxi egitea; edo aurretiaz izandako gaixotasunak, minbizi bat eduki izana edo ondesteko hantura-prozesuren ondorio bezala, adibidez, kolitis ultzerosoa edo Crohnen gaixotasuna. Kolon eta ondesteko minbiziaren baheketak, Euskadin egiten direnak , oso erabilgarriak izan dira bere diagnostikorako.