Azterlanaren emaitzetan, besteak beste, infekzioa berriro hartzeko gaitasunari edo txertoen eraginari buruzko galdera berriak planteatzen dira.

SARS-CoV-2 bidezko arnas sindrome akutu larria diagnostikatzeko laborategiko probek bi zutabe dituzte: kasu akutuetan RNA birala PCR bidez detektatzea eta SARS-CoV- 2 antigorputzak detektatzea. Hala ere, azken horri dagokionez, haren diagnostiko eta pronostiko balioari buruzko zalantzak daude, eta ez dago argi paziente guztiek antigorputz detektagarriak garatzen dituzten ala ez.

Biodonostiako hainbat ikertzaileek, Kieleko (Alemania) Christian-Albrechts Unibertsitatearekin lankidetzan, ikerketa bat egin dute, eta, bertan, paziente batek ospitaleratzean dituen antigorputzen mailak infekzioaren pronostiko-markatzaile gisa erabil daitezkeen aztertu dute. Zehazkiago, ikertzaileek zehaztu duten ea IgA eta IgG antigorputzen mailak hilkortasunarekin edo zainketa intentsiboen unitatean (ZIU) sartzeko arriskuarekin erlazionatzen ziren.

Horretarako COVID-19 diagnostikatuta zuten 347 paziente aztertu zituzten, neumonien ondorioz ospitaleratuta izan zirenak . Horietatik, 54ak (% 15,5) ZIUn sartu behar izan zuten, eta horietatik 13 hil ziren (% 24,1). Azterlanean ez zen korrelaziorik ikusi ospitaleratzean antigorputzak egotearen edo ez egotearen, horien mailaren edo positibotasun-denboraren eta hiltzeko edo ZIUn sartzeko arriskuaren artean. Antigorputzen positibotasuna eta kopurua ere ez ziren lotu adinarekin, sexuarekin edo ospitaleko egonaldiarekin.

Beste azterlan batzuetan bezala, ikusi zen, oro har, antigorputzek 7 egun baino gehiago behar dituztela sintomak hasi zirenetik detektatzeko, eta pazienteen % 3,9an ez zutela antigorputzik detektatzen. Azken aurkikuntza horrek galdera berriak planteatzen ditu infekzioa berriro hartzeko gaitasunari edo txertoen eraginari buruz. ”

Ikerketan, Luis Bujanda, Jose Maria Marimon eta Jesus Bañales doktoreen gidaritzapean dauden Institutuko ikerketa-taldeek parte hartu dute.

 

Azterlanaren xehetasunak :

Clinical correlates of anti-SARS-CoV-2 antibody profiles in Spanish COVID-19 patients from a high incidence region. Robert Markewitz, Antje Torge, Klaus-Peter Wandinger, Daniela Pauli, Andre Franke, Luis Bujanda, José María Marimón, Jesús M Banales, María A Gutierrez-Stampa, Beatriz Nafría, Ralf Junker.