Biogipuzkoa OIIko Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntza eta Gaixotasun Kronikoen Ebaluazio Ekonomikoa taldeen elkarlaneko ikerketa batek gaixotasun kronikoen kointzidentzia aztertu du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean.
Lanaren egileak izan dira Mikel Arróspide Elgarresta, Daniela Gerovska, Myrian Soto-Gordoa, María L. Jauregui García, Marisa L. Merino Hernández eta Marcos J. Araúzo-Bravoa, eta emaitza hauek iScience aldizkariak argitaratu ditu “Chronic disease incidence explained by stepwise models and co-occurrence among them” artikuluan.
Multimorbilitatea da paziente berean bi gaixotasun kroniko edo gehiago batera gertatzea, adineko populazioetan gehiago geratzen dena eta zainketa konplexuak eta baliabide-kopuru esanguratsu bat behar duena. Hainbat gaixotasun kronikoren bilakaera ulertzen lagunduko duten eredu matematikoak sortzeak osasun-sistemaren baitan erabaki informatuagoak hartzea erraztu dezake.
Ikerketak bildu zituen multimorbilitatea zuten Osakidetzako paziente guztien datuak, 2014tik 2021era bitartekoak. Ondoren, Charlson-en Komorbilitate Indizean (CCI, paziente baten 10 urteko biziraupena iragartzeko erabiltzen den indizea) erabiltzen diren 19 gaixotasun edo afekzio aztertu ziren, gaixotasun horien bikote guztien kointzidentzia kalkulatzeko. Azkenik, hainbat metodo matematiko erabiliz, gaixotasun horien garapena eta multimorbilitatea azaltzen duen eredu mailakatu bat eraiki zen.
Ikerketaren aurkikuntza nagusia izan zen multimorbilitateak urrats anitzeko eredu bati jarraitzen diola: zortzi urrats gizonentzat, eta bat gehiago, bederatzi, emakumeentzat. Multimorbilitateaz gain, CCIko sei gaixotasunen intzidentzia-adin profilek konfiantzarekin jarraitu zuten kasu anitzeko ereduea, eta kasu anitzeko ereduak hobeto azaltzen ditu pauso gehiago dituzten gaixotasunak. Anatomikoki, nerbio-sistema zentralarekin lotutako gaixotasunek dute pausorik gehien, eta ostean, giltzurrunarekin, bihotzarekin, sistema baskular periferikoarekin, arearekin, artikulazioekin, garuneko sistema baskularrarekin, birikarekin, urdailarekin eta gibelarekin lotutako gaixotasunak.
CCIko gaixotasunen artean, dementziak izan zuen pauso gehien: 11 pauso eman zituen, bai gizonentzat, bai emakumeentzat. Emaitza horiek bat datoz egile horiek beste lan batean garatu duten gaixotasun neurodegeneratiboen zuhaitz genealogiko orokorraren ereduarekin, eta dementzia CCIaren gaixotasun gisa kokatzen dute zuhaitzaren goialdean. Bitxia bada ere, CCIko 19 gaixotasunekin alderatuta, urrats anitzeko eredu bati ondoen egokitzen zaion “gaitza” dela esan daiteke multimorbilitatea.
Biogipuzkoa OIIko Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntza eta Gaixotasun Kronikoen Ebaluazio Ekonomikoa taldeei esker egindako artikulua.