Abenduaren 2an, Donostiako Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuaren egoitzan Esklerosi Anizkoitzaren ikerketarekin lotutako bi ekimen interesgarri izan dira. Goizean, EITB Maratoia-solasean mahai-ingurua egin da, gaixotasunari hainbat ikuspegitatik helduz. Arratsaldean Esklerosi Anizkoitzari buruzko XXIV. Jardunaldi Medikoak egin dira, ADEMGIk antolatuta.

Eguna hasteko, esklerosi anizkoitzaren gaixotasunari heldu zaio, osasunaren, gizartearen eta ikerketaren ikuspegitik, EITB Maratoia solasean izeneko mahai-inguruan. Aurkezpen-solasaldi honekin ekin zaio elkartasun kanpainaren azken txanpari. Aurten Geldiezinak gara/Somos inparables leloa du 2022ko EITB Maratoiak eta egun handia abenduaren 15a izango da.

Nerea Urien Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak inauguratu du mahai-ingurua, EITB Maratoia bezalako ekimenei balioa emanez. Bere hitzaldian, besteak beste, lankidetzaren garrantzia aipatu du. “Ikerketaren eta asistentziaren arteko integrazioa funtsezkoa izan da gaur egun esklerosi anizkoitzean erreferente izan gaitezen”, azpimarratu du, “betiere pazienteen eskutik, horiek baitira gure izateko arrazoia”.

“EITBn, gizarteari helarazi nahi diogun mezua da esklerosi anizkoitza dutxa hotz bat bezala literalki geldiarazten gaituen arren, denok batera geldiezinak garela”, azaldu du Isabel Octaviok, edizio honetako leloari erreferentzia eginez.

Leire Avellanalek, esklerosi anizkoitza duen pazientea eta lanbidez medikua dena, bere esperientzia kontatu du Xabier Madariagaren galderei erantzunez, eta elkarteen lanaren funtsezko garrantzia azpimarratu du.

Alfredo Rodriguez-Antiguedad (Biocruces Bizkaia), Tamara Castillo (Biodonostia) eta Amaia Alvarez de Arcaya (Bioaraba) ikertzaileek beren mintzaldietan adierazi dutenez, orain arte egindako ikerketari esker pertsona askoren bizitza aldatu duten sendagaiak aurkitu ahal izan dira. Era berean, asistentziaren ikuspegitik, pazienteari jarduera fisikoa eta errehabilitazio indibidualizatua egiten jarraitzea erraztuko dion tresna bat hornitzeko proiektuetan egiten ari den lana balioetsi da. Bestalde, Tamara Castillo doktoreak Biodonostia OIIn gauzatzen diren proiektuen berri eman du. Hainbat ikerketa-lerro dituztela aipatu du, eta hainbat arlotan lan egiten ari direla, hala nola erremielinizazioan, sistema immunologikoaren zahartzean edo immunoseneszentzian, mikrobiotaren (edo hesteetako floraren) eremuan bete-betean sartuta eta heste-garun ardatzaren azterketan. Halaber, dietak mikrobiotoan eta, beraz, esklerosi anizkoitzean izan dezakeen eragina aztertzen saiatzen ari dira.

Mahai-ingurua amaitzeko, Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak hitz egin du. Bertan, EITB Maratoian parte hartzen duten herritarren eskuzabaltasun guztia zertan islatuko den eta proiektu zehatzetan bildutako guztia nola bideratuko den azaldu du.

Esklerosi Anizkoitzari buruzko XXIV. Jardunaldi Medikoak

Arratsaldean berriz, ADEMGIk antolatutako Esklerosi Anizkoitzari buruzko XXIV. Jardunaldi Medikoak ere izan dira Biodonostian.

Saio ireki hau, ADEMGIko lehendakari Maria Luisa Ustarrozek inauguratu du, eta Biodonostiako ikertzaileek eta Donostialdea ESIko medikuek parte hartu dute.

Gaixotasunari aurre egiteko gaur egun eskuragarri dauden tratamenduekin, dieta eta mikrobiotako unitatean abian dauden saiakuntza klinikoekin edo immunitate-sistema osasuntsu bat mantentzearen garrantziarekin lotutako gaiak jorratu dira.

Galderen txanda irekita utzi ondoren, amaitutzat eman da topaketa, eta, beste behin ere, balio izan du herritarrei gaixotasun horren inguruan asistentziaren arloan eta ikerketaren arloan egiten ari diren aurrerapenak hurbiltzeko.