Erretinosi Pigmentarioaren Munduko Eguna dela eta, Irailaren azken igandean ospatzen dena, Institutuan gaixotasun honen inguruan egiten den ikerketari buruz gehiago jakin nahi izan dugu. Horretarako, Neuro-endekapen Sentsorialeko Taldera jo dugu, Cristina Irigoyen Labarrak eta Javier Ruiz Ederrak zuzentzen dutena, egiten duten lana ezagutzeko.
Zer alderdi ikertzen dituzue?
Biogipuzkoako gure ikerketa-lerro nagusia Erretinosi Pigmentarioan eta erretinaren beste distrofia hereditario batzuetan (IRD, ingelesezko sigletan) oinarritzen da. Bi ikerketa-ildo jorratzen ari gara. Bata, diagnostiko aurreratuko estrategien garapenarekin zerikusia duena: genoma osoaren sekuentziazioa (WGS, ingelesezko sigletan), errendimendu handiko baheketarako algoritmo informatikoen garapena eta azterketa funtzionalak mini-geneak erabilita.
Bestea, estrategia terapeutikoak garatzera bideratzen da, IRDen zelula- eta animali-ereduak erabiliz. Miramoon Pharmarekin lankidetzan (Biogipuzkoa Institutuko eta UPV/EHUko ikerketa-taldeetatik eratorritako spin-off bat), MP-004 izendatu dugun molekula bat garatzeko fase aurreratuetan gaude, erretinosi pigmentarioaren tratamendura bideratua.
Zertan hobetu dezake horrek pazienteen bizi-kalitatea?
Gure ustez, gaixoen bizitzan izan dezakeen eragina bi alderdi garrantzitsutan laburbil liteke. Lehenengoa, berehalakoagoa edo epe laburrekoa, zure gaixotasunari “izena eta abizena” eman ahal izatea da, zure patologiaren karakterizazio genetiko-molekularraren bidez. Bigarrena, epe ertain-luzera, garatzen ari garen molekularen administrazio topikoan oinarritutako saiakuntza kliniko baten garapenarekin lotuta dago. Gaur egun, azterketa aurreklinikoak amaitu ditugu, eta erregulazio-atala osatzen ari gara, beharrezko etapa guztietan aurrera egiteko, posible bada, entsegu kliniko bat hasteko helburuarekin.
Zer sentitzen duzue horrelako ikerketak egitean?
Ikerketa-mota hau egitean, taldeko kide guztiok sentitzen dugu gaixotasun bat edo gaixotasun konplexu batzuk (adibidez, erretinaren herentziazko distrofiak) ezagutzeko bidean aurrera egiteaz gain, ekarpen txiki bat egiten ari garela pazienteei eta, oro har, gizarteari. Guretzat bereziki estimulagarria da osagai translazional argia duen ikerketa mota hau gauzatzea.