Ikerlan hau zahartzearen arloko ikerketa aitzindari bat da, eta ehun urtetik gorakoen, adinekoen eta gazteen garun-laginetan 20.000 gene baino gehiagoren adierazpena konparatu du

Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko Onkologia Zelularreko taldeak nazioarteko ikerketa bat gidatu du, zeinak ezagutzera eman duen ehun urtetik gorako pertsonen garunek patroi molekular desberdina dutela gainerako adineko pertsonen aldean.

Azterlana Ander Matheu doktoreak koordinatu du, eta laguntzaile izan ditu Biogipuzkoako Neurozientzien Saileko David Otaegui doktorearen taldea, Londreseko Francis Crick Institutuko Francois Guillemot doktorea, Achucarro Neurozientzia Institutuko Amaia Arranz doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Marta Arroyo doktorea.

Azterlanaren oinarrian dagoen ideia da pertsona guztiak ez direla berdin zahartzen, eta badirela modu osasungarrian nola zahartu jakiteko zantzuak eman diezazkiguketen biztanle taldeak. Ehun urtetik gorako pertsonak bizialdi oso luzea, jarduera kognitibo hobea eta bizi kalitatea hobea dituzten  biztanle talde bat dira. Ezaugarri horiek direla eta, ehun urtetik gorako pertsonak “zahartze arrakastatsu edo osasungarria”ren eredutzat hartzen dira.

Zahartzetik babesten duten profilak

Ildo horretan, Ander Matheu doktorea buru duen taldeak ehun urtetik gorako Gipuzkoako biztanleekin egindako azken azterlanek berretsi egin dituzte datu horiek (Gipuzkoan 300 eta Euskadin 1000 inguru dira ehun urtetik gora dituztenak), eta ikusi da batez ere emakumeak direla biztanle talde horretan daudenak, gaixotasun gutxiago garatzen dituztela (neuroendekapenezkoak barne), osasun-zerbitzu gutxiago erabiltzen dituztela eta medikamentu gutxiago hartzen dituztela.

Ehun urtetik gorakoen bizi-kalitate onaren eta buru-osasun onaren ikerketa oso bizirik dagoen eremu bat da, zahartzetik babesten duten profilak identifikatzeko aukera ematen baitu. Zehazki, ez zegoen ehun urtetik gorako populazioaren garuneko biologia aztertzen zuen ikerketarik, eta hori izan da nazioarteko ikerketa partzuergo honen helburua.

Azterketak hipokanpoaren (oroimena eta ikaskuntza bezalako funtzio kognitibo garrantzitsuak dituen garuneko eremuaren) ehun urtetik gorako pertsonen laginetan 20.000 gene baino gehiagoren adierazpenak aztertu eta gainerako adinekoekin eta gazteekin alderatu ditu. Emaitzek erakutsi dute ehun urtetik gorako pertsonek aztarna molekular diferentziala dutela beste adin-taldeekiko. Bi taldeen arteko alderaketak (ehun urtetik gorakoak eta ehundik beherakoak) erakutsi du ehun urtetik gorako pertsonek metalotioneinen familiako geneen maila altuak dituztela (metal astunak desagerrarazten dituzten geneak, adinarekin metatzen direnak eta neurona-zelulei kalte egiten dietenak). Gainera, ikerketak erakutsi du metalotioneinen adierazpena astrozitoetan dagoela –hau da, ehunetako homeostasia mantentzeaz eta zelula neuralak babesteaz arduratzen diren zeluletan–.

Labur esanda, ehun urtetik gorako biztanleen jarduera kognitiboa ohiz kanpo mantentzearekin lotutako mekanismo biologiko berritzaile bat deskribatzen du lanak, eta zahartzearen aurkako mekanismo berritzat hartzen da.

“Centenarian hippocampus displays high levels of astrocytic metallothioneins” izeneko lana Aging Cell aldizkarian argitaratu da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Carlos III.a Osasun Institutuaren finantziazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri deialdiko laguntzak jaso ditu.

 

Jatorrizko artikulua:

Centenarian hippocampus displays high levels of astrocytic metallothioneins.
Saenz-Antoñanzas A, Muñoz-Culla M, Rigo P, Ruiz-Barreiro L, Moreno-Valladares M, Alberro A, Cruces-Salguero S, Arroyo-Izaga M, Arranz AM, Otaegui D, Guillemot F, Matheu A.
Aging Cell. 2024 May 20:e14201. doi