Urtero bezala, Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak 2023ko Memoria Zientifikoan laburbildu du bere jarduera. Memoria horretan, urteko mugarri garrantzitsuenak nabarmentzen dira, adierazleak jasotzen dira eta Institutuak egindako lana neurtzeko, dimentsionatzeko eta ezagutarazteko balio duten zifrak banakatzen dira.

Zein datu nabarmendu aukeratzea oso zaila bada ere, hurrengo zifrak baliagarriak izan daitezke 2023an Biogipuzkoan egin zen ikerketa-lanaren ideia bat egiteko. Guztira, 210 proiektu aktibo mantendu ziren iaz, eta 14 milioi eurotik gorako finantzaketa lortu zen deialdi lehiakorren bidez. Gainera, 79 ikerketa kliniko berri jarri ziren martxan, eta guztira 320 azterketa aktibo mantendu ziren; horietatik 172 saiakuntza klinikoak izan ziren. Ikerketa-artikuluei dagokienez, 721 artikulu argitaratu ziren; horietatik, % 25ean lidergoa eduki zen eta % 76 sarbide irekikoak izan ziren. Datu horiek Institutuak erreferentzialtasunaren eta zientzia irekiaren alde egindako apustua islatzen dute. Azkenik, 13 doktore-tesi zuzendu ziren, Institutuak ikertzaile berrien prestakuntzaren alde egindako apustua berretsiz.

Ikerketa lan handi hori egiteko, Biogipuzkoak lantalde profesional eta gizatiar handia du. Institutuak 195 pertsona ditu kontratatuta, eta horietatik % 76 baino gehiago emakumeak dira. Kontratatutako langileez gain, elkartutako beste erakunde batzuetako kideak ere badaude Biogipuzkoan. Guztira, 417 ikertzaile daude, 30 ikerketa-taldetan antolatuta. Azkenik, ikertzaileei laguntza emateko, 12 laguntza-unitate eta 9 plataforma daude. Horietan, hainbat lanbide-arlotako 86 pertsonak administrazio- eta zientzia-lanak errazten dituzte.

Itziar Vergara Institutuko Zuzendari Zientifikoak azpimarratu duenez, “horrek guztiak ez luke zentzurik izango gurea bezalako zentro batentzat, pazienteengan eta gizartean oro har eraginik sortuko ez balu”. Horregatik, Institutuak ikerketa eta berrikuntza arduratsuko jarduerak sustatzen ditu eta parte hartzen du. Besteak beste, bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako “Explorando el envejecimiento” tailerrak jarri ziren abian, Zientzia – Historia zikloa egin zen Irungo Oiasso Museoarekin batera, edo zahartzeari buruzko ikerketan herritarrek modu eraginkorrean parte hartzeko egindako lana aurkeztu zitzaion gizarteari.

Hauek dira 2023an egin genuen jardueraren datu eta zertzelada batzuk. Memoria begiratzera gonbidatzen zaituztegu, egiten dugun lana hobeto ezagut dezazuen

2023ko Memoria Zientifikoa