Biogipuzkoak urrats sendo berri bat eman du Zientzia Herritarra sustatzeko bidean: Uztailaren 12an lehenengo zientzia-herritar topaketa-gunea gauzatu zen, Adinpart proiektuaren barruan. Proiektu hau abiatu zen herritarrek adintzeari buruzko ikerketan eraginkortasunez parte har zezaten bilatzeko, eta ekintza nagusietako bat zen zientzia-herritar topaketa-gunea martxan jartzea. Gune hauen helburua da ikertzaileek herritarrei beren ikerkuntzari buruz berri ematea, herritarrek bere iritzia eman dezaten ikertzaileek egiten dituzten proiektuei begirada berri bat emateko.

Lehenengo topaketa-gune horretan parte hartu zuten Maite Barredak, Isabel Mújicak, Cristina Quilezek, Iñaki Vilagranek eta Jesús Mari Zalduak Nagusilan Elkartetik eta Lurdes Ubetagoyenak, Maria Ángeles Arrazolak eta Amaia Arregik Aubixa Fundaziotik; gure Institutuko Lehen Arretako ikerketa-taldeko Rafael Rotaechek, Maider Mateok eta Clara Sanchezek; bide honetan gakoa izan den Más que Ideas Fundaziotik Diego Villalón; Eva Salabarriak (Donostia Lagunkoia) eta Julio Arrizabalagak (Institutuko zuzendari zientifiko ohia) begirale moduan; eta Institutuko hainbat kidek (Itziar Vergara zuzendari zientifikoa, Olatz Arrizabalaga, Maider San Torcuato, Sonsoles García, Andrea Iribarren eta Koldo Garcia). Topaketa-gune hau Donostiako Udaletxean egin zen Donostia Lagunkoiari esker.

Itziar Vergarak saioari hasiera eman zion Institutuarentzat zientzia herritarren garrantzia azpimarratuz eta lehen topaketa-gune hori berri pozgarria zela nabarmenduta. Ostean, Olatz Arrizabalagak zientzia herritarrean egindako bidea azaldu zuen, momentu horretara arte heltzeko egindako hainbat pausu nabermenduta. Behin topaketa-guneari testuingurua jarrita, Rafael Rotaechek, Maider Mateok eta Cristina Sanchezek LOXO proiektuari buruzko argibideak eman zituzten. Hala, herritarrek aukera izan zuten proiektua ezagutzeko, beraien zalantzak argitzeko eta beren begirada emateko. Ikertzaileen eta herritarren arteko solasaldi hori giro onean izan zen eta hainbat ideia partekatzeko aukera egon zen.

Topaketa-gunea bukatzeko egunak eman zuena eskertu zuen Itziar Vergarak eta hurrengo topaketa-gune batean ikusteko itxaropenarekin itxi zuen bilera. Ziur gaude lehen saio hau bide luze, oparo eta zoragarri baten lehen urratsa besterik ez dela izan.