Matxus Perugorria ikertzaileak, Aitor Esparza eta Ibone Labiano doktoretza aurreko ikasleekin batera, ikerketa lan bat egin dute kartzinoma hepatozelularraren (KHZ) garapenean parte hartzen duten mekanismo molekularren inguruan. Lan honek gaixotasunaren ezagutzan aurrerapen bat dakar, eta tumore mota horretarako etorkizuneko estrategia terapeutikoak diseinatzeko aukera berriak zabaltzen ditu. Ikertzaileak, Biobonostian Jesus Bañalesek zuzendutako Gaixotasun Hepatikoen taldeko kideak dira.

KHZ minbizi ohikoenaren artean seigarrena da, eta minbiziarekin lotutako hirugarren heriotza-kausa nagusia mundu osoan. KHZ, oro har, lesio eta hantura hepatiko kroniko baten testuinguruan sortzen da, batez ere agente infekziosoek (adibidez, B eta C hepatitisaren birusak), alkohol gehiegi edateak eta/edo koipe hepatozelular gehiegi pilatzeak eraginda.

Duela gutxiko ebidentziek adierazten dute sortzetiko immunitateak funtsezko eginkizuna duela gibeleko hainbat gaixotasunen garapenean eta progresioan, KHZ barne. Ildo horretan, gibeleko kalte kronikoari erantzuteko sortzen diren sortzetiko erantzun immunitarioa eta hantura-prozesuak arautzen dituzten hainbat mekanismo eta hartzaile daude. Talde honek berak egindako aurreko lan batean ikusi zen TREM-2 hartzaileak hepatobabeslea dela, eta gibeleko kalte akutu eta kronikoari aurre egiteko erantzun inflamatorioa erregulatzen duela. Hala ere, gaur arte, TREM-2 hartzailearen papera ez da ezagutzen gibeleko kartzinogenesian.

Duela gutxi egindako azterlanean, hainbat etiologiako KHZ giza-biopsiak lortu ziren, bai eta gibeleko ehun osasuntsuak ere, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Biobankuaren bidez. Lagin horien analisiak erakutsi zuen TREM-2ren adierazpen-mailak handiak direla KHZ ren laginetan. Gainera, Hepatokartzinogenesi-ereduak gauzatu direnean Trem-2 sagu eskasetan, bai eta Trem-2 gehiegi adierazteko estrategia osagarriak ere, ikusi da hartzaile horrek babes-eginkizuna betetzen duela tumore horren garapenean eta progresioan.

Beraz, datu horiek iradokitzen dute TREM-2ren jarduera modulatzera bideratutako estrategia terapeutikoek eragin onuragarria izan dezaketela praktika klinikoan etorkizunean KHZ tratatzeko.

Erreferentziako artikulua:

TREM-2 defends the liver against hepatocellular carcinoma through multifactorial protective mechanisms.Aitor Esparza-Baquer, Ibone Labiano, Omar Sharif, Aloña Agirre-Lizaso, Fiona Oakley, Pedro M Rodrigues, Ekaterina Zhuravleva, Colm J O’Rourke, Elizabeth Hijona, Raul Jimenez-Agüero, Ioana Riaño, Ana Landa, Adelaida La Casta, Marco Y W Zaki, Patricia Munoz-Garrido, Mikel Azkargorta, Felix Elortza, Andrea Vogel, Gernot Schabbauer, Patricia Aspichueta, Jesper B Andersen, Sylvia Knapp, Derek A Mann, Luis Bujanda, Jesus Maria Banales, Maria Jesus Perugorria. Gut. 2020 Sep 9;gutjnl-2019-319227. doi: 10.1136/gutjnl-2019-319227.