Otsailaren 3an, eta Minbiziaren Aurkako Munduko Egunaren (otsailak 4) atari gisa, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak “Guztiok Minbiziaren Aurka” kanpainaren berri eman du. Kanpainaren helburua da herritar guztiei jakinaraztea minbiziak denei eragiten diela edo eragingo diela, zuzenean edo zeharka, maite dugun edo gertuko pertsona baten gaixotasunaren bidez.

“Guztiok Minbiziaren Aurka” leloaren baitan, ikerketak funtsezko zeregina du, Elkartearen hitzetan. Horregatik, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak hiru laguntza eman ditu ikerketa-proiektuetarako guztira 480.000€takoa, eta Biodonostiako ikerlariak izan dira onuradunak: Amaia Cipitria doktoreari ikerketa-talde gazteak bultzatzeko laguntza bat, Marcos Jesús Arauzo Bravo doktoreari minbiziaren arloko medikuntza pertsonalizatuaren ikerketa bultzatzeko nazioarteko laguntza bat eta María Hernandez-i laborategiko praktikaketako laguntza bat.

Honako hauek hartu dute parte ekitaldi honetan: Marisa Arriola (Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko presidentea), Ander Urrutikoetxea (Onkologiko-ko zuzendari zientifikoa eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko Kontseiluko kidea), Isabel Orbe (Elkartearen Fundazio Zientifikoko zuzendari nagusia) eta Javier García Cogorro (Viralgen-eko kontseiluko presidentea, Columbus Fundazioaren sortzailea eta 2023ko Urrezko Danborra).

2022ko LABORATORIO AECC laguntza, Amaia Cipitria doktoreari emandakoa, “Metastasia ikusezina: nola lokartzen dira zelula minbizi metastasikoak eta zerk esnarazten ditu?” proiektura bideratuko da, eta minbiziaren latentzia modulatzen duten zenbait mekanismo deszifratzeko eta suspertzeko 3D bioingeniaritzako sistemak garatzea du helburu. Laguntzak 3 urteko iraupena izango du eta 299.525€-koa izango da.

Marcos Jesús Arauzo Bravo doktoreari (Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua) emandako ERA PerMed 2022ko laguntza glioblastomako pazienteei buruzko erabaki klinikoak nabarmen hobetzea helburu duen proiektu batera bideratuko da. Laguntza honek 3 urteko iraupena izango du eta 180.000€koa da.

Azkenik, AECC 2022ko Udako Laborategiaren laguntza 1.000 €-tik gorakoa da María Hernandezentzat.

Minbizia munduko arazo soziosanitario garrantzitsuena da, eta 2030erako 21,6 milioi kasu berri izango direla aurreikusten da. Espainian, 330.000 minbizi kasu berri baino gehiago egongo dira 2030ean, 16.000 baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan eta 5.000 kasu baino gehiago Gipuzkoan. Horrek esan nahi du 3 emakumetik 1ek eta 2 gizonetik 1ek gaixotasun hori izango dutela bizitzan zehar, Minbiziaren Behatokiaren datuen arabera.

Horregatik da garrantzitsua ikerketarako baliabideak bideratzea, gaixotasunaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra egiteaz gain.