Biodonostiak “Terapias avanzadas: del laboratorio al paciente y a la sociedad” izeneko ikastaroa aurkeztu du ekainaren 16an eta 17an Donostian, “Osasuna, pertsonekiko konpromisoa” zikloaren barruan, UPV/EHUko Udako Ikastaroetan.

Ikastaroa Julio Arrizabalaga doktoreak, Biodonostia OIIko zuzendari zientifikoak, eta Lorea Blázquez doktoreak, Institutuko Neurozientzien Arloko Ramo y Cajal eta Ikerbasque ikertzaileak zuzendu dute, eta zientzialari, enpresaren ordezkari eta herritarrak bildu dira bertan. Jardunaldiak iraun dituen bi egunetan, terapia aurreratuen ikuspegi globala eta EAEn eta Estatuan garatzen ari diren estrategiak erakutsi nahi izan dira.

Terapia aurreratuak sendagai oso berritzaileak dira, geneak (terapia genikoa), zelulak (terapia zelularra) edo ehunak (ingeniaritza tisularra) erabiltzean oinarritzen direnak, hainbat gaixotasun prebenitzeko edo tratatzeko. Terapia hauek potentzial handia dute tratamendu pertsonalizatuak eratzeko, eta medikuntza iraultzen ari dira, orain arte tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasunak tratatzeko estrategia terapeutiko berriak garatzea ahalbidetzen baitute.

Ikastaroan, ikerketaren esparruan eta praktika klinikoan onartutako terapien aplikazioan gertatzen ari diren aurrerapenen berri emateaz gain, terapia aurreratuek lurralde baten garapen ekonomikoan eta sozialean duten eraginaz ere hitz egin da, Euskadik tratamendu mota horretan erreferentziazko lurralde gisa kokatzeko duen aukerari dagokionez. Era berean, herritarrei irekitako ikastaro honi esker, Euskadin terapia mota horiek ikertu eta garatzearen alde egiteak herritarrentzat duen garrantzia jakinarazi ahal izan zaio gizarteari, gaur egun tratamendurik ez duten gaixotasunetan terapia horietara iristea errazteari dagokionez, terapia mota horiek itxaropenerako ateak izan baitaitezke.

Areto bete baten aurrean, ehun parte-hartzaile ingururekin, ikastaroari hasiera eman dio Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Biodonostiako zuzendari zientifikoa den Julio Arrizabalaga doktorearekin eta Donostialdea ESIko Gerentea den Itziar Pérez Irazustarekin batera .

Ondoren ikastaroak Aurrera egin du formatu mixto batean, hitzaldien eta mahai-inguruen formatuarekin konbinatuta.

Hitzaldietan gai interesgarriak jorratu dira, hala nola RIS3 estrategia eta Terapia Aurreratuak Euskal Autonomia Erkidegoan, Terapia Aurreratuen bilakaera Donostia Unibertsitate Ospitalean-Biodonostia OIIan; prontoterapia, terapia aurreratuetarako bektore ez-biralak edo terapia mota horien erabileraren inguruan sor daitezkeen dilema etikoak. Hizlari izan dira, besteak beste, Julio Arrizabalaga (Biodonostia OII), Ander Izeta (Biodonostia OII), Iraida Loinaz (CIDETEC), Felipe Calvo (Nafarroako Unibertsitate Klinika), eta Lluis Montoliú (Bioteknologiaren Zentro Nazionala).

Egindako mahai-inguruetan terapia mota desberdinak izan dira hizpide, hala nola RNAren erabileran oinarritutakoak, erabili daitezkeen tratamendu-eremuen arabera, onkologia, hematologia edo bestelakoak, hala nola gaixotasun neurologikoak edo hepatikoak. Horietan guztietan parte hartu dute ikertzaileek eta balizko tratamenduak garatzen lan egiten duten enpresetako ordezkariek. Besteak beste, honako hauek aritu dira: Carlos Panizo (Donostialdea ESI), Asis Palazon (CIC Biogune), Paula Rio (CIEMAT), Gurutz Linazasoro (ViveBiotech), Clara I. Rodriguez (Biocruces Bizkaia OII), Sara Arévalo (Donostialdea ESI), María Ángeles García Fidalgo (Bioaraba OII), Pepe Alcami (ISCIII), Puri Fortes (CIMA Nafarroako Unibertsitatea), Virginia Arechavala (Biocruces Bizkaia OII), Alejandro Garanto (Rabdoud University Medical Center), David Otaegui (Biodonostia OII- Donostialdea ESI), Sara Marcó ( (UAB), Adolfo López de Munain (Donostialdea ESI – Biodonostia- CIBERNED), Carmen Unzu az (CIMA Nafarroako Unibertsitatea) eta Javier Garcia Cogorro (Viralgen).

Ikastaroari amaiera eman diote Nekane Murgak Osakidetzako Medikuntza Pertsonalizatuko eta Prezisioko Medikuntza eta Terapia Aurreratuen Koordinatzaileak eta Marian Ibarrondok Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak. Era horretako topaketen antolaketa balioan jarri dute, sinergiak sortzeko duten balioa aipatuz, ikerketan aurrera egiteko eta gure lurraldean egiten den ikerketa eta berrikuntza-jarduera zabaltzeko topagune gisa.

Resumen del Curso en imágenes