Aurten 10 urte bete dira Biodonostia OIIn zahartzeari buruzko lan-estrategia abian jarri zenetik. Estrategia hori Julio Arrizabalaga doktoreak bultzatu zuen, une hartan Institutuko arduradun nagusia zenak. Urteurrena dela eta, zahartzeari buruzko jardunaldi zientifikoak antolatu dira urtean zehar.

Lehenengoa martxoaren 20an izan da, Jeremy D. Walston, Johns Hopkins Unibertsitateko Medikuntza eta Gerontologia Geriatrikoko irakaslea eta Old American Independence Centerreko (OAIC) ikertzaile nagusiaren bisita jaso baitu Biodonstiak.

Hauskortasunean eta zahartzean aditua den Estatubatuar honek hitzaldi bat eskaini du The Biology and Clinical Utility of Physical Frailty in Older Adults izenburupean, interes handia piztu duena bertaratutakoen artean.

Aurretik, Walston doktorea Institutuko arduradunekin bildu da, azken hamar urteetan zahartzeari buruz egindako ikerketaren ibilbidea eta arlo horretan lortutako azken aurrerapenak zuzenean ezagutzeko.

 

Elkarlaneko estrategia bat

Zahartze prozesua konplexua denez, hurbilketa arrakastatsuenak diziplina anitzeko ikuspegi batetik egindakoak dira. Hala ulertu da Biodonostian, eta, horregatik, zeharkako lan-dinamika bat eraiki da, hainbat arlotako ikerketa-taldeen esperientzia eta ezagutza biltzen dituena, hala nola onkologia, lehen mailako arreta, neurologia, osasun publikoa edo bioinformatika. Horretarako, bakoitzak sortutako ezagutzatik abiatuta, ezagutza berria sortzeko aukera ematen duen baterako lana sustatu da.

Diziplina anitzeko filosofia horrekin berarekin, Biodonostiak hainbat esparrutan eta laguntzailerekin lan egin du, ala nola zentro teknologikoekin (Tecnalia eta Cidetec), ikerketa kooperatiboko zentroekin (CIC Biomagune) eta unibertsitateekin (UPV-EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatea).

Euskadiko osasunaren arloko gainerako Ikerketa Institutuekin, Biocruces-Bizkaiarekin, Bioarabarekin eta Kronikgunerekin ere aktiboki lan egiten du, horiek ere zahartzearen arloan lan egiten baitute.

Bestalde, Biodonostiak lankidetza estua du Gipuzkoako Foru Aldundia buru duen ADINBERRI proiektuan. RIS3 Estrategiaren barruan sortutako zahartzeari buruzko lantaldean eta Ikur Estrategian ere aktiboki parte hartzen du. Azken estrategia horrek neurologiaren arloan eta zahartzearekin duen harremanean aurrera egiteko aukera emango dio.

Azkenik, Biodonostiak partaidetza-esperientzia bat ireki du herritarrekin, eta Nagusilan eta Aubixa bezalako erakundeek parte hartzen dute esperientzia horretan. Herritarren lankidetzaren eremu horretan ere, Tolosako Muñoa Fundazioak kalteberatasunari eta hori zehazten duten faktoreei buruzko biztanleria-proiektu bat garatzen laguntzen du.

 

Zahartze-prozesua eta Biodonostia OIIren Estrategia

Zahartzea prozesu konplexua da, non bi alderdi identifika ditzakegun, biztanleriarena eta indibidualarena, biak erronkak sortuz, eta zientziatik eta ikerketatik erronka horietara hurbildu behar dugu.

Estrategiaren helburu nagusiak dira zahartze-prozesua hobeto ulertzea, zahartze osasungarria sustatzea eta adinekoen beharrei erantzuteko sistemak/tresnak eraikitzea.

Helburu horiek lortzeko, Biodonostian elkarren artean oso lotuta dauden eta elkarren osagarri diren 4 ikerketa-ildo proposatu ziren. Zahartzearen erantzule diren determinatzaile biologikoen karakterizazioa, zahartzearen maila biologikoan ulertuta; giza zahartzearen ereduei buruzkoa, zahartze osasungarriarekin lotzen diren eta/edo zahartze okertua eragiten duten ingurumen eta biologia-faktoreak identifikatzean datzana; hauskortasunaren diziplina anitzeko azterketa, sindrome geriatriko erlatibo berri bat (2000. urtearen ondorengoa), pertsonen kalteberatasun-egoera bat dena eta desgaitasuna eta mendekotasuna iragartzen dituena, besteak beste; eta, azkenik, zahartzearen alderdi epidemiologikoak, klinikoak, sozialak eta ekonomikoak deszifratzean eta ulertzean zentratzen dena.

Zahartzeari buruzko Berrikuntza eta Ikerketa Estrategiaren esparruan lortutako emaitzen artean daude 50 ikerketa-proiektu baino gehiago garatzeko funtsak abian jartzea eta lortzea. Horren ondorioz, 300 argitalpen baino gehiago argitaratu dira nazioarteko aldizkarietan, 5 patente erregistratu dira, 30 ikertzaile inguru sartu dira, 4 Ikerbasque ikertzaile barne, eta 13 doktore berri prestatu dira.

 

Gonbidatuaren profila:

Jeremy D. Walston, Johns Hopkins Unibertsitateko Medikuntza eta Gerontologia Geriatrikoko irakaslea eta Old American Independence Centerreko (OAIC) ikertzaile nagusia. Bere ikerketa lana hauskortasun fisikoa, prebentzioa eta tratamendua bultzatzen dituen biologia ulertzean zentratzen da.

Bere ikerketa taldeak hantura, estresari erantzuteko sistemak, biologia mitokondriala eta metabolismo energetikoa ikertzen lan egiten du, baita adinekoen osasuna eta bizi-kalitatea hobetuko duten diagnostiko, prebentzio eta tratamendu-estrategia berriak garatzen ere.

Walston doktoreak 350 argitalpen ditu eta Oxfordeko Medikuntza Geriatrikoko Testu Liburuaren estatubatuar-editore da. Medikuntza geriatrikoan praktika klinikoa egiten du, eta zahartze itzulgarria ardatz duen doktoratu ondoko beken programa zuzentzen du.

https://www.hopkinsmedicine.org/profiles/details/jeremy-walston

https://coah.jhu.edu/oaic/

Medioak:

Eitb Gaur egun albistegian:

Radio Euskadi – Boulevard

 

Noticias de Gipuzkoa-n Elkarrizketa: https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/sociedad/2023/03/21/jeremy-walston-vez-claro-hombres-6587210.html

Argazkiak

Itziar Vergararen ongietorria

Ander Matheu Jeremy Walston aurkezten

Jeremy Walston hitzaldiaren une batean

Ezk-Eskb: Itziar Vergara, Jeremy Walston eta Ander Matheu