Maiatzaren 25ean, Institutuko Ingurumen Epidemiologia eta Haurren Garapeneko taldeak antolatutako jardunaldi bat egin zen Biodonostian, taldea garatzen ari den ikerketa-ildoen edukiak Modu labur eta arinean aurkezteko gainerako taldeei eta beste institutu eta ikerketa-zentro batzuetako profesionalei. Taldeak artikuluetan, proiektuetan edo horien zabalkundean egindako ekarpena aurkeztu zen. Taldearen oinarrizko helburuen artean dago erakundeei, agentziei, eta herritar guztiei erantzunak ematea, haien ezagutzaren eta garapenaren esparruan.

Jardunaldian gonbidatuak izan ziren, alde batetik, Manuel Francok (Alcalá De Henares eta  Johns Hopkins Unibertsitatea; Baltimore) hiria eta osasunaren esparrua aztertu zuen, batez ere nutrizioarekin eta gaixotasun ez-kutsakorrekin lotuta. Bestetik, Marieta Fernándezek ere parte hartu zuen (Granadako Unibertsitatea; Granadako Osasun Ikerketarako Institutua), eta disruptore endokrinoen papera garatu zuen iraganean, orainean eta etorkizunean. Azkenik, Sendoa Ballesterosek (Osakidetza, UPV-EHU, Biocruces-Bizkaia) politika publikoei eta gizarte-ekintzari buruz hitz egin zuen, bat-bateko bihotz-gertakarien ondoriozko heriotza-tasan zentratuta.

Bestalde, Ingurumen Epidemiologia eta Haurren Garapeneko Taldeko ikertzaileek gaur egun irekitako ikerketa-ildoen emaitza esanguratsuenetako edo deigarrienetako batzuk aurkeztu zituzten, hala nola atmosferaren kutsadura, hirietako berdeguneak eta urdinguneak eta osasun mentala, biztanleriaren biomonitorizazioa egiteko beharra, ingurumenaren rola eta metilazioa gaixotasun psikiatrikoetan, eta substantzia kimikoen papera eta haien eragin neurotoxikologikoa. Era berean, familia-testuinguruak haurtzaroko garapen neuropsikologikoan eta nerabezaroko bullying-ean duen papera aurkezteko eta eztabaidatzeko tartea egon zen, baita industria handiek osasunean dituzten ondorioen monitorizazioa nola egin daitekeen planteatzeko ere. Azkenik, lehen mailako arretako osasun-profesionalek eta osasun-zientzietako ikasleek egungo eta etorkizuneko ingurumen-erronkei dagokienez duten zereginari buruz eztabaidatu zen, horien ezagutza-maila, jarrerak eta trebetasunak kontuan hartuta.

Jardunaldia oso ikuspegi parte-hartzailetik planteatu zen, eta bertaratuek erantzun proaktiboa eman zioten. Bertan landutako gaiei buruzko interes handia agertu zuten; arrakastatsua izan zela esan daiteke. Hori oinarri hartuta, esan daiteke Institutuko talde egonkorrek horrelako jardunaldietan aukera dutela beste ikerketa-institutu eta zentroetako gainerako talde eta profesionalei beren ikerketa-garapena erakusteko. Aldi berean, taldeak aberastu egiten direla galderekin, osagarritasun-beharrekin eta, talde antolatzailearen kasuan, beste zentro eta profesional batzuekin lankidetzan aritzeko interesarekin. Bileran bertan harremanak egin ziren etorkizuneko proiektuak ildo desberdinetan hasteko.

Ingurumen Epidemiologia eta Haurren Garapeneko taldea 28 ikertzaile/teknikarik osatzen dute, batez ere UPV-EHUtik eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik datozenak. Taldearen ezaugarrien artean, saioan bertan adierazitakoak, diziplinartekotasuna, gaiaren zeharkakotasuna, ezagutzaren eta sektoreartekotasunaren mugetan kokatzea daude.

Itziar Vergara partehartzaileei ongietorria egiten

Marieta Fernández, (Granadako Unibertsitatea; Granadako Osasun Ikerketarako Institutua)

Manuel Franco (Alcalá De Henares eta Johns Hopkins Unibertsitatea; Baltimore))

Sendoa Ballesteros (Osakidetza, UPV-EHU, Biocruces-Bizkaia)

Ingurumen Epidemiologia eta Haurren Garapeneko Taldeko ikertzaileak eztabaida une batean