Parte-hartzaileen %85ek erantzun positiboa eman zion dietari, eta bizi-kalitatea nabarmen hobetu zela ikusi zen, azterketa amaitu eta bi hilabetera.

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko eta BCC Innovation Basque Culinaryko Gastronomiako Zentro Teknologikoko ikertzaileen arteko lankidetzari esker, ikerketa pilotu bat egin ahal izan da, heste suminkorraren sindromea duten pazienteentzako dieta espezifiko baten erabilera euskal herritarrei helarazteko, eta lortutako emaitzak itxaropentsuak izan dira.

Heste suminkorraren sindromea biztanleriaren %20ak pairatzen duen gaitza da, eta sintoma nagusiak abdomeneko mina eta hesteetako aztura alteratua dira. Patologia horrek gaixoen bizi-kalitatea murrizten du, eta gaur egungo tratamenduak ez dira eraginkorrak. Suediako Lund University eta Skäne University Hospitaleko ikertzaileek aurretik egindako ikerketa baten arabera, sakarosa eta almidoi gutxiko dieta bat (modu hoberenean digeritu ez daitezkeen bi nutriente), onuragarria izango litzateke gaixotasun hori duten eta askotan beherakoak izaten dituzten pertsonentzat. Ildo horretan, ikerketa pilotu bat egin zen dieta horrek euskal herritarrengan duen eraginkortasuna ikusteko, sukaldaritza-kultura maila handiko gizartea baita. Dieta horren jarraipena errazteko, Zentro Teknologikoko chefek eta ikertzaileek gida bat diseinatu zuten, errezeta bat, menuak eta nutrizio eta sukaldaritza-gomendio egokituak biltzen zituena.

Biodonostia OIIko ikertzaileek aukeratutako 34 pertsonak hartu zuten parte Basque Culinary Centerren instalazioetan egin zen azterketa pilotu honetan, lau asteko iraupenarekin. Prozesuaren amaieran, parte-hartzaileen %85ek erantzun positiboa eman zion dietari, eta 50 puntu baino gehiagoko murrizketa lortu zen heste suminkorraren sindromearen sintomen larritasun-eskalan (horrelako ikerketetan erabilitako neurri estandarra). Bizi-kalitatea nabarmen hobetu zela ikusi zen, eta testeoa amaitu eta bi hilabetera arte iraun zuen hobekuntza hori. Ekimen honen arrakastaren arrazoia, neurri handi batean, parte-hartzaileek erakutsitako interes eta inplikazio-maila handiak izan dira, lau asteetan zehar jasotako dieta eta nutrizio eta sukaldaritza-aholkuak jarraitu baizituzten.

Azterketa pilotu honen egileek espero dute etorkizun handiko emaitza horiek ikerketa zabalagoa bultzatuko dutela. Dieta hori beste nutrizio-aukera batzuekin alderatzea eta beste paziente-talde batzuetara zabaltzea da helburua.

Ikerketa hau Therapeutic Advances in Gastroenterology aldizkarian argitaratu da, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko, Onkologikoko eta LUM Unibertsitateko (Italia) ikertzaileen lankidetza izan du, baita gibeleko eta digestioko gaixotasunen CIBERen laguntza ere.

 

Informazio gehigarria

Hau da Lund University eta Sk-ne University Ospitalearen ikerketaten erreferentzia: Assessment of a 4-Week Starch- and Sucrose-Reduced Diet and Its Effects on Gastrointestinal Symptoms and Inflammatory Parameters among Patients with Irritable Bowel Syndrome. Hemen eskuragarri:  https://www.mdpi.com/2072-6643/13/2/416