Gero eta euskal erakunde gehiago elkartu dira Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko eta mezu argia transmititzeko: zientzia bada nesken kontua.

Aurten Donostia International Physics Center (DIPC), CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia OII, Tecnun-Escuela de Ingeniería, Ceit, POLYMAT, Elhuyar, UPV/EHUko Informatika Fakultatea eta Eureka! Zientzia Museoak zientzia-programazio bateratua aurkeztu dute, mundu osoan ospatzen den otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Entitate antolatzaileen ordezkariak

Egun horretatik aurrera eta Donostian, hilabete osoan zehar egingo dira Emakumeak Zientzian 2021 ekimenaren ekintzak: tailerrak, hitzaldi publikoak, esperimentuak familian, bisita birtualak…ekintza horietako asko birtualki egingo dira osasun larrialdia dela eta. Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Otsailaren 8an hasiko da programazioa, Elhuyarren “Emakumeak zientzialari” erakusketa irekiko baita Eureka! Zientzia Museoan. Ostegunean, otsailaren 11n, Contagio (Steven Soderbergh, 2011) proiekzio berezia izango da, Itziar Pérez Donostialdea ESIko Osakidetzako kudeatzaileak aurkeztuta, DIPCk, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan.

Antolatutako jarduera ugarien artean, programazioan badira hezkuntza-jarduerak ere —online zein aurrez aurrekoak— zientziaren mundua haur eta gazteei hurbiltzeko eta emakume zientzialarien eginkizuna ikusarazteko. Otsailaren 17an, Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuak “Covid 19-a nola diagnostikatzen den ikasi” tailerra eskainiko du, DBHko ikasleek bertatik bertara ezagut ditzaten Covid-19a detektatzeko laborategiko teknika nagusiak.

Emakumeak Zientzian 2021 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntza du.

Informazio gehiago: www.emakumeakzientzian.eus