Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak IPerGlio proiektuan parte hartuko du datozen hiru urteotan. Proiektua medikuntza pertsonalizatuko prebentzioari buruzko nazioz gaindiko EBren 2022 deialdi bateratuan (JTC) kokatzen da, eta nazioarteko partzuergo batek gauzatuko du. Partzuergoko bazkideen artean Institutuko Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntza Taldea dago, Marcos J. Araúzo Bravo Ikerbasque irakasleak lideratua.

Glioblastoma pertsona helduen garuneko minbizirik ohikoena da, eta nerbio-sistema zentraleko zelulen proliferazio anormala du ezaugarri. Sarritan kirurgia izaten da aukeratutako tratamendua, beste terapia batzuekin, hala nola, kimioterapiarekin, erradioterapiarekin eta, azkenaldian, immunoterapiarekin, konbinatuta.

Terapia estandarra ez da aldatu 15 urtetan baino gehiagotan, eta glioblastoma duten pazienteek 15 hilabetetik beherako biziraupena dute batez beste. Horregatik, tratamendu-estrategia berriak behar dira pazienteari ematen zaion arreta eta patologia hori duten pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko.

Glioblastoman egiten diren saiakuntza klinikoen % 25ek ebaluatzen dituzte immunoterapiak, eta horietako batzuek epe luzeko biziraupen-onurak jakinarazi dituzte pazienteen % 10-20tan. Era berean, tumoreen mutazio-karga eta inflamazioa glioblastoman immunoterapiak duen erantzunarekin erlazionatu dira. Hala eta guztiz ere, immunoterapiaren onura kliniko argia oztopatu egin du oso heterogeneoa den gaixotasun honetan biomarkatzailerik ez izateak.

Glioblastoma guztiak errekurrenteak dira, eta errekurrentzia hori soilik muga daiteke sexu eta adin perspektiba espezifiko batean ebaluatutako korrelatu klinikoak eta immunologikoak kontuan izango dituen estrategia baten bitartez. Korrelatu horiek bizitzeko eraren/ingurunearen oinarrizko faktoreekin integratu behar dira, adimen artifizialeko teknologiak erabiliz. Ikuspuntu horri berritzailea eta sendoa da patologia hori duten pazienteen bizi-kalitatea eta arreta hobetuko duen esku-hartze pertsonalizatuak gidatzeko.

IPerGlio proiektuan, hiru zentrotako glioblastoma duten pazienteen parametro klinikoak bizitzeko erari/inguruneari buruzko datuekin integratuko dira Business Intelligence bidez. Adimen Artifizialak sortutako ereduak datu horiei aplikatzean, IPerGliok gaixotasunaren pronostiko-markatzaileak emango ditu, eta horiek bultzatuko dituzte immunoterapiarekin konbinatutako tratamendurako erabakiak saiakuntza klinikoetan. Ikaskuntza-prozesua hobetzeko, proiektutik sortutako datuak datu publikoen multzoekin erkatuko dira. IPerGliok modu inklusiboan aurre egingo die medikuntza pertsonalizatuak eta Adimen Artifizialaren ikuspuntuek datuen trukearekin eta segurtasunarekin erlazionatuta planteatzen dituzten erronka etikoei, interesdunen eta pazienteen parte-hartze aktiboaren bitartez.

Hori dela eta, IPerGlio proiektuak nabarmen hobetuko du glioblastomaren inguruko erabaki klinikoak hartzeko prozesua, prebentzio tertziarioa indartu dezaketen arrisku-faktoreak identifikatuz eta Adimen Artifizialak gidatutako immunoterapia pertsonalizatuaren entrega eraginkorra eta arduratsua bermatuz.

Biodonostiarekin batera, proiektuko kideak dira: Oslo University Hospital (Norvegia), Fondazione Policlinico Universitario Agostino Gemelli IRCCS (Italia), Istituto Superiore di Sanità (Italia), Luxembourg Institute of Health (Luxenburgo) eta University Medical Center Göttingen (Alemania).

Proiektuaren zati bat Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) Fundazio Zientifikoak ere finantzatzen du.