ASPANOGIk, Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteak, 25.826€ eman dizkio asteazken honetan Biodonostiari haurren minbizian ikertzeko.

Urtero EAEn 300-400 haur minbizi kasu berri antzematen dira. Zorionez minbizi honen intzidentzia helduen minbiziarena baino askoz txikiagoa den arren (haur minbizi kasu bakoitzeko 100 kasu inguru izaten dira helduen artean), haur eta gazteen minbizi kasuek inpaktu eta eragin handia izaten dute bai pertsonalki, familiak eta inguruan ere.

Biodonostia 2014 urtetik ari da haurren minbiziaren inguruan lanean. Ikerketa proiektu ezberdinak ditu, helburu bikoitzarekin: lehenik eta behin, “arraroak” diren tumoreen diagnostikoa azkartu eta bestalde, tratamendu berriak aurkitu, sendatzen diren haurrak gehiago izan daitezen. Helburua haur bakoitzarentzat tratamendu pertsonalizatua lortzea da, minbizia gainditzeko aukerak areagotzeko.

Elkarteak Biodonostiari eman dion diru hau uztailaren 2an Lazkaon ospatu zen ekitaldi batean jaso zen. Ekitaldi hau Ner Group, Lazkaoko udala, familia eta boluntarioen laguntzarekin antolatu zen. Proiektu solidario baten aurkezpen festa izan zen (hainbat korrikalarik 2017an gauzatuko duten kirol erronka). Ner Group taldeak ekarpen ekonomiko oso garrantzitsua egin du. Taldearen baloreen artean garrantzia handia du gizarte proiektuekiko konpromisoak eta hauek bultzatzeko bazkideen parte hartzea bultzatzen dute. Ner Groupek ASPANOGI proiektuari ere laguntza eman dio, eta haur minbizidunen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin egiten duen lana babestu du.

ASPANOGI 1996an sortu zen eta bere gizarte ekintza 1998an hasi zuen, minbizia zuten 4 familien ekimenez. Helburua minbizia duen haur edo gazteari eta familiari arreta osoa eskaintzea da, gaixotasuna antzematen den unetik hasita. Elkarteak ikerketa ere bultzatu eta babesten du, “piratak” (horrela deitzen diete gaixo dauden haurrei, beraien ausardia eta bizitzeko gogoagatik) sendatu daitezen eta bizi kalitate ona izan dezaten beharrezkoa delako.

Dohaintza honi esker, Biodonostiak mota honetako tumoreak ikertzeko jarraitzeko aukera izango du.

dsc_0437_2