Terapia Geniko eta Zelularraren Europako Elkartea (ESGCT) (https://www.esgct.eu/) terapia aurreratuen arloko Europako elkarte zientifiko nagusia da, eta bere karreraren fase goiztiarretan dauden ikasle eta ikertzaileen gaikuntzarekin eta laguntzarekin konprometituta dago. Maila globaleko doktoregoko ikasleentzako lehen ekimena egiteko, ESGCTk Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua aukeratu du. Irailaren 12tik 14ra bitartean egiten ari den  ESGCT Akademiaren jardunaldiaren egoitza izango da Biodonostia, eta bertan terapia genikorako bektore biral adenoelkartuen (BBA) garapenean zentratutako prestakuntza-programa aurrera eramango da.

3 eguneko tailer honetan , BBArekin zerikusia duten gaietan doktoretza proiektua egiten ari diren ikasleek beren proiektuak aurkeztuko dituzte, eta aholkuak eta iruzkinak jasoko dituzte ikaskideengandik eta alorrean lider diren adituengandik, giro lasaian eta lagungarrian. Mundu mailako adituak, hala nola Jude Samulski, Hildegard Büning, Fatima Bosch eta Gloria González Aseguinolaza, tailerrean izango dira beren aholkuak emateko eta esperientzia partekatzeko, baita beren lanak aurkezteko ere.

Tailerrak Europako 17 ikasleri (horietako bi Biodonostia OIIko doktoregoko ikasleak dira) akademian eta industrian ibilbide profesionalak dituzten liderren esperientziak lehen eskutik entzuteko aukera ematen die, baita etorkizunean karrera egiteko dituzten aukeren inguruan eztabaida irekiak izateko aukera ere. Akademiak inguruko enpresa bioteknologikoak ere bisitatuko ditu, terapia horiek laborategitik klinikara eramateko bidean lehen eskuko esperientzia izateko.

Informazio gehiago: https://www.esgct.eu/Events/PHD-student-workshop-San-Sebastian.aspx