Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Lehen Mailako Arreta Ikerketa Taldeko ikertzaileek ikerketa lan bat argitaratu berri dute COVID-19 infekzioekin lotutako hainbat ezaugarri soziodemografiko eta klinikoak aztertzen dituena eta ezaugarri horien eta infekzioen larritasunaren arteko intererlazioak ulertzen laguntzen duena. Osakidetzako historia kliniko elektronikoetan bildutako informazioan oinarritutako behaketa-azterketa da, eta BMJ Open aldizkarian argitaratu da.
Azterlana egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoan, pandemiaren lehen olatuan (2020ko otsailaren 28tik 2020ko maiatzaren 31ra), PCR edo serologia-proba bidez antzemandako COVID-19 kasu positibo guztiak identifikatu ziren. 14 urtetik beherakoak, etxean ospitaleratutakoak eta erkidegoan bizi ez direnak kanpoan utzi ondoren, 13.792 kasu aztertu ziren. Era berean, larritasuneko hiru kategoria hartu ziren kontuan: lehen mailako arreta, ospitaleratzea edo ZIU, eta heriotza.
Emaitzen arabera, adineko pertsonek emaitza txarragoak izan zituzten, oro har. Hala ere, gizona izatea, aldez aurretik osasun-egoera txarragoa izatea eta hainbat medikamenturen kontsumo kronikoa gaixotasunaren larritasun handiagoarekin lotu zen, horrela, adinaren eragina baldintzatuz. Era berean, egiaztatu zen psikosiaren patologia faktore oso garrantzitsua izan zela adinez nagusiagoak ziren pertsonen artean, eta, gainera, COVID-19k kutsatutako pertsonek, aurretik patologia hori ba zuten, heriotza-tasa handia erakutsi zutela.
Azterlan honen emaitzek, gero eta handiagoa den nazioarteko ikerketen multzoari gehitzen zaion ebidentzia berria izateaz gain, historia kliniko elektronikoen datuek duten balio handia eta behar bezala betetako eta eguneratutako erregistroak izateko beharra nabarmentzeko balio izan dute, batez ere bizitzen ari garen pandemia egoeretan. Halaber, osasun-politikak ezartzeko arduradunen eta osasun-arloko ikertzaileen arteko lankidetza estuaren beharra azpimarratzen du azterlanak, lankidetza hori izanik politika horietara bideratutako baliabideen optimizazioa ziurtatzeko modu bakarra.
Azterlanaren xehetasunak:
Variables associated with COVID-19 severity: an observational study of non-paediatric confirmed cases from the general population of the Basque Country, Spain.
Kalliopi Vrotsou, Rafael Rotaeche, Maider Mateo-Abad, Mónica Machón, Itziar Vergara. (doi:10.1136/bmjopen-2021-049066)