Ongi etorri Biodonostia Osasun Ikerketako Institutura, osasun-ikerketako lehen euskal institutura.

Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuak (EOZ) ikerkuntzako eta berrikuntzako jarduera nagusiak bere hiru Osasun Ikerketako Institutuen (OII) bidez —Bioaraba, Biocruces-Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuen bidez— eta Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuaren bidez egiten ditu. I+G+b-ko lau zentro horiek eta zentro horien burutza korporatibo gisa jarduten duen Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioak  (BIOEF) osatzen dute Euskal Osasun Sistema Publikoan I+G+b gauzatzen duten Erakundeen Mapa.

Biodonostia OIIak pazientearengana zuzendutako ikerketa traslazionala sustatzen du Gipuzkoako lurralde historikoan, Osakidetza – EOZren barruan, eta bertan garatzen den ikerketa-lan guztia babesten eta bultzatzen du. Institutuak erakunde eta diziplina anitzen elkarlanean oinarritutako egitura bat du, eta egitura hori baliatzen du herritarren osasuna hobetzeko egiten duen lanean. Web hau gure jardueraren erakusleiho gisa sortu da.

2008an Institutua sortu zenetik, makina bat une garrantzitsu bizi izan ditugu, ikerlariek, erakunde publikoek eta institutuaren finantzaketan lagundu duten entitateek hartutako konpromisoari esker. Une garrantzitsu horietako batzuk azpimarratzekotan, 2010ean eraikin berritua inauguratu zela eta 2011n Carlos III.a Osasun Institutuak Osasun Ikerketako Institutu gisa ziurtatu zuela esango dugu. Geroztik, 2016ean ziurtapen hori berretsi du,  Estatu osoan ziurtatuta dauden osasun-institutuen artean mantentzea lortuz gaur egun.

Institutuan garatzen den ikerketa gaika antolatutako 7 arlotan banatuta dago. Guztira 350 ikerlari inguru ari dira lanean, 26 taldetan. Aurrerapen zientifikoak sustatzeko helburuarekin, Biodonostiak osaera benetan berezia duen institutu bat izatea lortu du, gainerako guztiengandik desberdina, Gipuzkoako eragile teknologiko garrantzitsuenak bere baitan bateratzea lortu baitu.

Institutuaren gunea Donostialdea ESI (Erakunde Sanitario Integratua) da, eta erreferentziazko esparrua Gipuzkoako ESIak dira: Bidasoa, Debabarrena, Debagoiena, Goierri – Urola Garaia eta Tolosaldea. Osasun Ikerketako Institutu gehienetan bezalaxe, unibertsitatea ere integratuta dago bertan, gure kasuan Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV – EHU). Era berean, maila horretan integratuta daude Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskampus Fundazioa eta Ikerbasque Fundazioa, azken horri esker gehitu da masa kritiko ikertzailea, nazioartean izen handia duten ikertzaileak gehituz

Institutuaren berezitasuna berau osatzen duten gainerako kideetan datza. Gipuzkoako Parke Zientifikoan eta Teknologikoan oinarri teknologia duten zentro ugari kokatuta daude eta horien artean daude Institutuaren parte diren honako zentro hauek: Vicomtech, Cidetec, Osatek, Matía Institutu Gerontologikoa eta Onkologikoa, baita Institutuarekin hitzarmena duten baina haren Gobernu Organoen barruan ez dauden beste zentro batzuk ere: BCBL, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, Tecnalia, CITA Alzheimer eta Gipuzkoako Poliklinikako Dr. Carlos Elosegui Fundazioa. Ikerketen xede diren gaien artean, hauek aipa daitezke: mikro eta nano bioteknologiak, biomaterialak, irudi molekularra, ikus-entzunezko teknologiak, e-osasuna, gerontologia, ezagutza, eta garuna eta hizkuntza.

Institutuaren helburuetako bat da nazioarteko osasun-ikerketan ereduzko zentro bihurtzea. Bestalde, Institutuaren ustez, lehentasunezkoa da teknologia medikoetan eta sanitarioetan berrikuntza sustatzea, baldin eta sistemaren iraunkortasuna lortzeko bidean aurrera egin nahi bada. Adierazitako guztia kontuan hartuta, ITEMAS Sarean (Teknologia Medikoen eta Sanitarioen Berrikuntzarako Sarea) parte hartzen du Institutuak eta Estatuko 31 nodoetako bat da. Gaur egun Biodonostia OII-a Plataformako Koordinatzaileari laguntza eman eta euskarri lanak egiten dituen  ITEMAS-eko Zuzendaritza-Kontseiluaren parte da.

Halaber, REGIC —profesionalek eskatuta Espainian sortutako ikerketa klinikoko erakunde kudeatzaileen lehen elkartea— elkarteko kide da. Elkarteak esperientziak partekatzeko eta I+G+B sanitarioaren kudeaketan elkarrekintzako eta prestakuntzako espazio bat sortzeko helburuak dauzka.

Niri dagokidanez, erronka eta erantzukizun handia da profesional-talde hau gidatzea, eta egiten ari diren lan bikainagatik guztiak zoriontzeko aprobetxatu nahi dut.

Bestalde, gure Institutua osatzen duten erakunde guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, gure lurraldean herritarren osasuna hobetzeko eta aberastasuna lortzeko egiten dugun lanean une oro eskaini diguten laguntzagatik.

jarrizabalaga

Julio Arrizabalaga Aguirreazaldegui

IIS Biodonostiako Zuzendari Zientifikoa