Biodonostia OII-ko Ikerlari Taldea

UPV/EHUko Katalisi Jasangarria Ikerketa Taldeko eta Biodonostia Institutuko Gaixotasun Neuromuskularren Taldeko kideek aurkeztutako Miramoon Pharma ekimenak ideia berritzaileetatik abiatutako oinarri teknologikoko enpresa ekimenik onenaren Manuel Laborde Sari Nagusia jaso du.

Saritutako ekimenak 7.000 euro eta enpresa proiektua garatzeko laguntza eta aholkularitza jasoko ditu. Enpresa berriaren balio-proposamena gaixotasun muskularrak, neurologikoak eta zahartzea (ageing) tratatzeko farmako modulatzaile alosteriko berriak garatzea da. Oinarria gaixotasun neurodegeneratiboetara bideratutako molekula patentatuen familia bat da. Duchenneren eta Beckerren sindromeen kasuan fase preklinikoari ekingo diote, baina aukera handiak eskaintzen ditu beste gaixotasun batzuentzat ere. Horietako bat AEA (alboko esklerosi amiotrofikoa) da, eta jada hasita daude lehenengo probak egiten eta emaitzak oso pozgarriak dira.

Ekimena sustatzen duen taldearen hurbilketa zientifikoak Duchenneren eta Beckerren muskulu-distrofiaren aurrerapena moteltzea du oinarri. Gaixotasun hereditario larri horiek 3.500 mutikotatik bati eragiten diote, eta kasurik gehienetan ez dute tratamendu eraginkorrik. Horretarako, taldeak AHK izeneko molekula txiki batzuk diseinatu ditu, eta gai dira gaixotasun horietan izan ohi den kaltzio-desregulazioak eragindako muskuluen gabeziak zuzentzeko. AHK konposatuak hainbat animalia-eredutan testatu dira, eta Duchenneren animalia-ereduetan muskuluen eta bihotzaren funtzioa nabarmen hobetzeko gaitasuna egiaztatu dute.

Proiektua UPV/EHUrekin elkarlanean egindako ikerketatik abiatutako I+G-an sortu da, eta Biodonostia Institutuaren aldetik bertan parte hartu dute Neurozientziak Arloaren arduraduna den Adolfo López de Munáinek eta Gaixotasun Neuromuskularren Taldeko Ainara Vallejo ikertzaileak. Horrez gainera, talde sustatzaile inplikatu eta diziplina anitzeko baten laguntza du, eta EAErako eta Gipuzkoarako lehentasunezko sektoreetako bat den sektore biosanitarioan merkataritza-aukera argiak dituen proiektua da, beraz.