Azaroak 14 eta 15ean, XV. INMA Jardunaldi Zientifikoak egin dira Donostian, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk), Biodonostia OII-ak, Eusko Jaurlaritzak eta CiberEspek antolatuta.

Jardunaldiari hasiera emateko bertan izan dira Nekane Balluerka, UPV/EHUko Errektorea, Jon Etxeberria, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkaria eta Jesús Ibarluzea, INMA Gipuzkoako Ikertzaile Nagusia (Biodonostia OII, UPV/EHU). Bi egunetan, INMA Proiektuak aztertutako lurraldeetan azken urtean lortutako emaitzak aurkeztu dira. Halabaer, adituek haur osasunaren eta aire, ur eta haurdunaldiko zein bizi hasierako dietako ingurumen-kutsatzaileen arteko erlazioaz eztabaidatu dute, eta haurraren hazkundean eta garapen neuropsikologikoan duten eraginaz.

Zehazki estatuko zein nazioarteko hizlariek azken ebidentziak ekarri dituzte ondorengo gaiei buruz, besteak beste: osasuneko desparekotasunak eta hiri exposomaren rola, ingurune berdeak eta haur garapena, zaratak haurtzaro goiztiarrean duen eragina, eta jaio aurreko egoera emozionala eta horrek garapen neurologikoarekin duen erlazioa.

INMA proiektua  zazpi azterketa arloz osatzen da: Gipuzkoa, Asturias, Sabadell, Ribera d´Ebre, Valentzia, Menorca eta Granada. Ikerketaren unibertsoa lurralde horietako bakoitzeko biztanleria orokorreko emakume haurdunak dira.  Gipuzkoaren kasuan, proiektua 2006an jarri zen martxan Zumarraga Ospitaleko erreferentziazko biztanleriaren geografia ingurunean, tartean direla Goierriko zein Urola Garai eta Erdiko herriak. Udalerri horiek ezaugarri jakin batzuengatik izan ziren aukeratuak, hala ospitaleko zein lehen mailako arreta zerbitzuengatik nola ingurumen ezaugarriengatik: “industria sidero-metalurgikoa egotea, trafiko dentsitate handia, edateko uretan desinfekziorako produktuen maila txikia eta arrainen dieta aberatsa, baita emakume haurdunen hipotiroidismorako joera txiki bat ere”. Urte hauetan, azterketa hasi zenetik, haurdunaldiko lehen eta hirugarren hiruhilekoan diren 640 emakumeren jarraipena egin da. Egun, proiektuaren ikertzaileak 420 haurren jarraipena egiten ari dira 11 urterekin duten hazkundeko alderdiei eta garapen neuropsikologikoari erreparatuz.

INMA proiektuari buruzko argibideak: www.proyectoinma.org