Osakidetzako Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko Gibeleko Gaixotasunen taldeko ikertzaileek, Newcastleko Unibertsitateko eta Vienako Unibertsitateko ikertzaileekin batera, eta Maria Jesus Perugorria doktoreak koordinatuta, lankidetzan oinarritutako azterlan baten emaitzak argitaratu berri dituzte Gut aldizkari prestigiodunean ; bertan, lehenengoz deskribatzen da TREM-2 hartzaile antiinflamatorioaren eginkizun hepatobabeslea gibeleko erasan akutuaren eta kronikoaren eredu esperimentaletan.

Artikulu hau ere oraintsu nabarmendu du Nature Reviews Gastroenterology & Hepatology aldizkariak

Azken urteotan, hesteetako makrobiota eta zenbait gaixotasunen progresioarekin duen harremana garrantzi handia hartzen ari dira zenbait patologiaren kausen azterlanean. Era berean,  hesteetatik gibelera arteko translokazio bakterianoa (alegia, bakteriak hesteetako barreratik/mukosatik zehar igarotzea, zenbait prozesu patologiko direla eta) gibeleko zenbait gaixotasun kronikoren garapenean eta bilakaeran inplikatuta dagoen faktore gisa deskribatu izan da. Hori dela eta, oso garrantzitsua da xehetasunez ezagutzea gibelak osagai bakteriano horien aurrean duen sortzetiko erantzun immunean inplikatuta dauden mekanismo molekularrak, jomuga terapeutiko berriak aurkitzeko.

Azterlanaren abiapuntu da honako oinarri hau: TREM2 hartzailearen adierazpen-mailak areagotu egiten dira, bai paziente zirrotikoen gibelen laginetan, bai erasan hepatiko akutua eta kronikoa duten arratoietan.  Genetikoki aldatutako arratoien bidez egiaztatu da hartzaile hori gai dela osagai bakterianoak tartean dituen hanturazko erantzunak eteteko eta erasan hepatiko akutuaren aurrean babesteko. “Emaitza horiek etorkizunean balio handia izan dezakete; izan ere, hartzaile hori aktibatzeko estrategiak onuragarriak izan daitezke horrelako patologiak dituzten pazienteentzat”, esan du Biodonostiako Gibeleko Gaixotasunen taldeko María Jesús Perugorria azterlanaren lehen egileak eta koordinatzaileak (Ikerbasque, Ramón y Cajal eta CIBERehd ikertzailea).

Azterlan horren bidez eskuratu diren datu positibo horiek oinarri hartuta, eta Salud Carlos IIIren Ekintza Estrategikoaren barruan, datozen urteotan, TREM2k minbizi hepatobiliarretan, besteak beste hepatokartzinoman eta kolangiokartzinoman, duen eginkizuna aztertuko da. Gibeleko gaixotasun kronikoen progresioaren bereizgarri da hantura kronikoa fibrosi progresiboarekin, eta horrek zirrosia, gibeleko gutxiegitasuna eta, azken beltzean, minbizi hepatobiliarren garapena eragin ditzakeela. Patologia desberdinak diren arren, kasu gehienetan tumoreak gibeleko gaixotasun kronikoaren testuinguruan garatzen dira, non sortzetiko erantzun immuneak eta hanturak eginkizun garrantzitsua baitute.

Ikerlanak Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko Ministerioaren (Ramón y Cajal programa), Salud Carlos III Institutuaren (osasun arloko proiektuentzako laguntzak eta CIBERehd), IKERBASQUEren, Eusko Jaurlaritzaren (SAIOTEK programa) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) laguntza izan du.

Erreferentzia:

Non-parenchymal TREM-2 protects the liver from immune-mediated hepatocellular damage.
Perugorria MJ, Esparza-Baquer A, Oakley F, Labiano I, Korosec A, Jais A, Mann J, Tiniakos D, Santos-Laso A, Arbelaiz A, Gawish R, Sampedro A, Fontanellas A, Hijona E, Jimenez-Agüero R, Esterbauer H, Stoiber D, Bujanda L, Banales JM, Knapp S, Sharif O, Mann DA. Gut. 2018 Jan 27.