Berriki, International Journal of Cancer aldizkariak “Effect of mistimed eating patterns on breast and prostate cancer risk (MCC-Spain study)” azterlana argitaratu du. Bertan, otorduen eta loaren ordutegiak bularreko eta prostatako minbiziak izateko arriskuarekin lotuta egon litezkeen ebaluatu da. Azterlanean parte hartu dute Pilar Amiano Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendariordetzako eta Biodonostia OIIko Epidemiologia eta Osasun Publikoko ikerketa arloko kideak.

Goiz afaltzen dutenek edo afaldu eta gutxienez bi ordu geroago lotaratzen direnek bularreko eta prostatako minbiziak izateko arrisku % 20 txikiagoa dute, azken otordua egin eta berehala oheratzen direnen aldean. Hori da MCC-Spain azterlanaren ikerketatik ateratako ondorio nagusia. Ikerketa horretan lehen aldiz analizatu da otorduen eta loaren ordutegiek pertsonen minbizi-arriskuarekin duten lotura.

Orain arte, elikaduraren eta minbiziaren inguruan pertsonengan egindako azterlanak dietaren patroietan ardaztu dira. Analizatu zen, adibidez, jendeak haragi gorria, frutak edo berdurak jaten zituen, edota elikagai kantitatearen eta obesitatearen arteko loturak ezartzen ziren. Aldiz, ez ziren kontuan hartu hain ohikoa den jatearen ekintzaren inguruan dauden bestelako faktoreak: jateko ordua eta aurretik eta ondoren egiten diren jarduerak. Azterlan esperimentaletatik berriki ateratako ebidentziak aditzera ematen du jateko ordutegiak garrantzitsuak direla, eta erakusten du berandu jateak eragina duela osasunarengan.

International Journal of Cancer aldizkarian argitaratutako azterlan horren helburua izan zen ebaluatzea otorduen eta loaren ordutegiak lotuta egon zitezkeen bularreko eta prostatako minbiziak izateko arriskuarekin. Hain zuzen, horiek dira bi minbizia ohikoenetakoak, eta gaueko lanarekin eta disrupzio zirkadianoarekin edo gure erloju biologikoaren asaldurarekin gehien lotzen direnak. Horretarako, kontuan hartu ziren pertsona bakoitzaren eguneko ohiturak eta kronotipoa (ezaugarri indibidual bat, eguneko edo gaueko jarduerekiko lehenespenarekin lotutakoa).

MCC-Spain proiektuaren esparruan, prostatako 621 minbizi-kasuri eta bularreko 1.205i buruzko datuak ebaluatu ziren, eta lehen mailako osasun-zentroetan ausaz aukeratutako 872 gizonezkorenak eta 1.321 emakumezkorenak. Parte-hartzaileak Espainiako hainbat lekutakoak ziren. Analisia egiteko, abiaburu hartu ziren otorduaren eta loaren ordutegiei eta kronotipoari buruzko elkarrizketetan jasotako datuak, baita elikatzeko ohituren eta minbiziari aurre egiteko gomendioak betetzearen inguruko galdera sorta bat.

Azterlanak ondorioztatzen du eguneko elikadura-patroiei jarraitzea minbizi-arrisku txikiagoarekin lotzen dela. Gainera, emaitzek azpimarratzen dute dietaren eta minbiziaren inguruko azterlanetan erritmo zirkadianoa kontuan hartzeak duen garrantzia.

Emaitzak egiaztatuz gero, horiek ondorioak izango dituzte minbiziari aurrea hartzeko gomendioetan, egun ez baitituzte kontuan hartzen otorduen ordutegiak. Horrek eragin berezia izango luke, adibidez, Europako hegoaldeko kulturetan, non berandu afaltzen baiten.

Erreferentzia:

Effect of mistimed eating patterns on breast and prostate cancer risk (MCC-Spain study).
Manolis Kogevinas, Ana Espinosa, Adela Castelló, Inés Gómez-Acebo, Marcela Guevara, Vicente Martin, Pilar Amiano, Juan Alguacil, Rosana Peiro, Victor Moreno, Laura Costas, Guillermo Fernández-Tardón, Jose Juan Jimenez, Rafael Marcos-Gragera, Beatriz Perez-Gomez, Javier Llorca, Conchi Moreno-Iribas, Tania Fernández-Villa, Madalen Oribe, Nuria Aragones, Kyriaki Papantoniou, Marina Pollán, Gemma Castano-Vinyals, Dora Romaguera.