Besteak beste, euskal osasun-sistema publikoak biomarkatzaileak identifikatzen lan egiten du, odol- eta ehun-laginen bidez. Horren helburua da zehazki eta lehenbailehen jakitea paziente batek larruazaleko melanoma bat izan dezakeen eta gaixotasunaren pronostikoa zein den.

Larruazaleko melanomaren azterketa da minbiziaren ikerketan aupada zientifiko handienetakoa. Euskal osasun-sistema publikoak bere ikerketekin lagundu egiten du larruazaleko melanomaren identifikazioa eta tratamendua hobetzen. Hori da, hain zuzen, larruazal-minbiziaren modurik erasokorrena. Horretarako Euskal osasun-sistema publikoak ikertzaile taldeak ditu Osakidetzako zenbait erakundetan, beste agente batzuen lankidetzaz, hala nola Euskal Herriko Unibertsitatearenaz (EHU). Talde horien helburua da gaixotasun horren ikerketan aurrera egiten jarraitzea.

Gaixotasun honi buruzko ikerketa-proiektuak garatzen dira Biocruces Ikerkuntza Sanitarioko Institutuan (Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESI) eta Biodonostia Ikerkuntza Sanitarioko Institutuan (Donostialdea ESI). Proiektu horietan, diziplina anitzeko lantaldean dihardute medikuek, biologoek, kimikariek, fisikariek eta matematikariek, beste profesional batzuen artean.

Biodonostiako Onkologia Molekularreko taldea lanean ari da gaixotasuna diagnostikatzeko biomarkatzaileak identifikatu eta ebaluatzen, eta sendagaiekiko erresistentzia-faktoreak eta neurri terapeutiko berriak bilatzen.

Hala, melanoma duten pazienteen biopsia likidoak hiru alderdi hauetan analizatzen ditu: odoleko RNAko biomarkatzaile berria ezagutzea; DNAren berariazko mutazio garrantzitsuak odol-laginetan detektatzea; eta odolean DNA/RNAko markatzaileak detektatzeko gailu eramangarri, azkar, merkea eta erabilerraz bat garatzea.

Proiektu horiek posible dira melanoma duten pazienteen 1.300 plasma-lagin baino gehiago jaso dituela Biodonostiak bere lankideengandik (Oxfordeko Unibertsitatea, 12 de Octubre Unibertsitate Ospitalea, Donostiako Unibertsitate Ospitalea eta Onkologikoa).

Odolean biomarkatzaile berriak aurkitu ahal izateko, hurrengo belaunaldiko sekuentziazio bat egin da. Horren helburua da boluntario osasuntsuen eta melanoma duten pazienteen plasmako RNA mota guztiak detektatzea eta elkarrekin alderatzea. Saiakuntza horien emaitza gisa, melanoma-estadioen artean eta banako osasuntsu eta gaixoen artean zehaztasunez bereizteko gai diren geneak identifikatu dituzte. Emaitza horiek pazienteen 300 laginetan baino gehiagotan baliozkotu dira eta egun aztertzen ari dira argitaratzeko.

Gainera, egiaztatu da melanoma ugarik mutazioak dituztela BRAF genean. Biodonostiak berriki ezarritako teknika bat erabiltzen du, tantakako PCR digitala izenekoa. Horrek aukera ematen du tumore-ehunaren ordez plasma-laginak erabiltzeko mutazio horren presentziaren analisian.