Biodonostia OII-an Onkologia Molekularreko Taldean lanean diharduen María Muñoz Caffarel Ikerbasqueko ikertzaileak, ikerketa lan batetan parte hartu du. Lan honen bidez orain arte ezezagunak ziren egitura berriak karakterizatu dituzte -HER2 eta CB2R errezeptoreen arteko heteromeroak-, eta horiei esker, pazienteen pronostikoa zehaztu ahal izango da, hots, tumoreen agresibitate maila, jaso beharreko tratamenduaren intentsitatea erabaki ahal izateko.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Cristina Sanchez eta Eduardo Pérez-Gomez zientzialariak buru izan dituen ikerketa lan hau, Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) USA aldizkarian argitaratu da. Aurkikuntza honek HER2-positiboaren azpimotako bularreko minbiziaren diana terapeutiko berri bat deskribatu du, eta horrek helburu berri bat ezarriko luke tumore mota horri eraso egiteko, kannabinoideen bitartez nahiz heteromero horiek hauts ditzaketen bestelako farmakoen laguntzaz.

Bularreko minbizia heriotza-eragile nagusietakoa da mendebaldeko emakumeen artean. HER2 onkogenearen neurriz kanpoko espresioa da bularreko minbiziaren azpimota jakin baten ezaugarria. Diagnostiko hau egina duten paziente gehienak HER2aren aurkako tratamenduez profitatzen diren arren, batzuek ez diete behar bezala erantzuten terapia hauei eta beste batzuek erresistentzia garatzen dute denboraren poderioz. Ondorioz, tresna berriak behar dira paziente hauen tratamendurako eta egungo tratamenduekiko berezko erresistentzia garatzeko arrisku handiagoa dutenen identifikazio goiztiarrerako.

Erreferentzia:
Therapeutic targeting of HER2–CB2R heteromers in HER2-positive breast cancer
Sandra Blasco-Benito, Estefanía Moreno, Marta Seijo-Vila, Isabel Tundidor, Clara Andradas, María M. Caffarel, Miriam Caro-Villalobos, Leyre Urigüen, Rebeca Diez-Alarcia, Gema Moreno-Bueno, Lucía Hernández, Luis Manso, Patricia Homar-Ruano, Peter J. McCormick, Lucka Bibic, Cristina Bernadó-Morales, Joaquín Arribas, Meritxell Canals, Vicent Casadó, Enric I. Canela, Manuel Guzmán, Eduardo Pérez-Gómez, and Cristina Sánchez