Ikerketa-proiektua osasunaren arloko Europako Horizon 2020 ikerketa-programa baten esparruan egingo da, eta adierazi behar da nazioartean lehiakorrenak diren eta izen handia duten programetako bat dela eta 3,5 milioi euroko finantzazioa duela.

Osakidetzaren Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko (Biodonostia OII) Gaixotasun Hepatikoen Taldearen burua den Jesús Bañales doktoreak kolideratutako nazioarteko partzuergoak 3,5 milioi euro eskuratu ditu gibeleko minbiziari (kartzinoma hepatozelularra), behazun hodietako minbiziari (kolangiokartzinoma) eta behazun-maskuriko minbiziari buruzko azterlan bat egiteko, osasunaren arloko Europako Horizon 2020 ikerketa-programa baten esparruan. Koordinatzaileak izango diren André Boonstra eta José Debes (Erasmus Medical Center, Roterdam, Herbehereak) doktoreekin eta Juan Carlos Roa (Txileko Unibertsitate Katolikoa, Santiago, Txile) doktorearekin batera kolideratuko du Bañales doktoreak gibeleko eta behazuneko minbizi-mota hauetarako diagnostiko goiztiar ez-inbaditzaileko markatzaileak eta arrisku-faktore berriak determinatzeko Europaren eta Hego Amerikaren arteko lankidetza-proiektua.

Tumore horiek dira mundu osoan heriotza-kausarik nagusietako bat, bereziki dira erasokorrak Latinoamerikan eta nahiko pertsona gazteei eragiten diete neurri handi batean.

Tumore horien heriotza-tasa altuarekin erlazionatutako faktoreen artean dago goiz detektatzeko metodo ez-inbaditzaile, sentikor eta espezifikoen falta; izan ere, egungoak konplexuak dira eta tumorearen biopsian irudi eta azterketa teknologia aurreratua behar dute. Arazo hori areagotu egiten da baliabide mugatuak dituzten eskualdeetan, eta horrek dakar tumore horiek normalean fase aurreratuetan diagnostikatzea eta pronostiko oso txarra izatea. Bañales doktorearen hitzetan: “Oztopo horiek gainditzeko proposatu dugu odolean dauden, eta gure ikerketa-taldeek orain dela gutxi deskribatu dituzten, biomarkatzaileak (inflamatorioak, proteikoak zelulaz kanpoko besikuletan eta DNA tumoral zirkulatzailea) balidatzea; izan ere, era horretara tumore horien diagnostiko goiztiarra, ez-inbaditzailea eta espezifikoa egiteko baliagarritasun klinikoa determinatu ahal izango da.  Bestalde, tumore horien garapenarekin zerikusia izan dezaketen arrisku-faktoreei (genetikoak, infekziosoak) buruzko ezagutzak zabaldu nahi ditugu”. Proiektu honetan Europako eta Latinoamerikako egoerak alderatuko dira. Horretarako, proiektuak Latinoamerikako bost herrialdetako (Argentina, Brasil, Kolonbia, Txile eta Ekuador), EBko lau herrialdetako (Alemania, Espainia, Herbehereak, Erresuma Batua) eta Kanadako bazkideak izango ditu.

Datozen lau urteotan Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen Ikerketa Taldeak, Bañales doktorea buru dela, kolangiokartzinomari buruzko 3 programa zientifikoetako bat lideratuko du eta parte-hartze aktiboa izango du beste bietan (kartzinoma hepatozelularrari eta behazun-maskuriko minbiziari buruzkoetan). Proiektuan parte hartuko duten beste batzuk dira Luis Bujanda doktorea (Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatiko eta Gastrointestinalen Arloaren arduraduna) eta Biodonostia OIIko eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko (DUO) Raúl Jimenez, Adelaida Lacasta, Maria Jesús Perugorría, Pedro Rodrigues eta Elizabeth Hijona doktoreak.

Bañales doktorea Ikerbasque, Miguel Servet eta CIBERehd doktorea da, bai eta Mayo Clinic (AEB) eskolako, Nafarroako Unibertsitateko eta Area Andina Unibertsitateko (Kolonbia) irakasle elkartua ere. Horrez gainera, European Network for the Study of Cholangiocarcinoma – ENSCCA-ren koordinatzailea eta kofundatzailea da, eta kolangiokartzinoma duten pazienteen Europako datu-base baten koordinatzailea (datu-baseak 2.000 kasutik gora ditu).