Fuente: Elhuyar

Elhuyar aldizkariak bere 331. atalean berriki argitaratu du Biodonostia OII-ko Gaixotasun Neuromuskularren-Mitokondrialen ikerketa-taldeko ikertzaileek idatzitako artikulu bat, non mitokondriek zahartze-prozesuan duten garrantzia aztertzen duten.

Zahartzea prozesu konplexu eta korapilatsua da, eta, ongi ulertzeko asko falta den arren, horretan ari dira Biodonostiako ikertzaileak. Egun, badugu hainbat prozesuren berri. Adibidez, gero eta argiago dago mitokondriek oso zeregin garrantzitsua dutela gure gorputzaren zahartze-prozesuan, eta, hala, prozesu hori ulertzeko gako bihurtu dira.

Giza zelula guztiak ezberdinak izan arren egitura komun batzuk dituzte, esaterako mitokondria. Eta, hala, berebiziko garrantzia duten prozesuetan parte hartzen du, baita zahartze-prozesuan ere. Azkenaldian zahartze-prozesuaren gaineko ikerketa asko egin bada ere, prozesu konplexu eta korapilotsu hori ulertzen hasi besterik ez dugu egin, baina mitokondrietan oinarritutako zahartze-prozesua da hipotesi indartsuenetariko bat. Hipotesi horren arabera, mitokondrien arnas kateetako proteinek askatzen dituzten oxigenoaren espezie erreaktiboek (ROSek) mutazioak sortzen dituzte mitokondrietako DNAn, eta horrek, halaber, proteina akastun gehiago sortzea dakar. Ziklo horrek, azkenean, eragiten du zelulak bere funtzioen eta prozesuen kontrola galtzea, eta hori zelula askotan gertatzen denean, organismo osoaren zahartzea dakar.

Artikuluak aipatzen du, zahartzeari aurre egiteko estrategia ezberdinak dauden arren, antioxidatzaileen erabilera dela eztabaidatuenetariko bat, eta, hartaz, zergatik gehigarri gisa kontsumitzea ez den uste bezain ona. Aldi berean, Biodonostiako ikerketa-taldean zahartzearen gaineko ikerketa zertan den azaltzen du, ikerketa ezagutza lortzeko bidea dela garbi edukiaz.

Zahartzen goazen heinean kalteak pilatuz doaz mitokondrietako barne-mintzaren, DNAren eta bertako kolesterolaren artean, eta, hala, kolesterolean nahiz DNA mitokondrialean akatsak dituzten gaixotasunak ikertzen ari dira, bi molekulen harremana hobeto ulertzeko, eta gero zahartze-prozesuak ikertzeko. Helburu nagusia da farmakoak aurkitzea, bi faktore horien erregulazio okerrak eragin dezakeen kalte kognitiboa murriztu edo eteteko.

Erreferentzia:
Egileak: Muñoz Oreja, Mikel; Fernandez Pelayo, Uxoa; Holt, Ian J.
https://aldizkaria.elhuyar.eus/gai-librean/mitokondriak-eta-zahartzea/