Urriaren 2an, AECCk, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Donostian duen egoitzan, onkologia-arloan ikertzaile gazteen prestakuntza sustatzeko bi laguntza emateko ekitaldia egin da.

Ekitaldian Isabel Orbe AECC Fundazio Zientifikoko zuzendaria eta Juan Ormazabal AECC Gipuzkoako presidentea izan dira.

Joanna López Biodonostiako ikertzaile gazteak jaso du emandako bi beketako bat, zehazki, bularreko minbiziaren ikerketa-proiektua bultzatzeko doktoratu aurreko laguntza bat. Laguntzak 3 urteko iraupena du, 4 urtera arte luza daiteke, eta 78.000 €-ko zuzkidura du guztira (26.000 €urtean). Laguntza horri esker, ikertzaileak doktorego-tesia egin ahal izango du Biodonostia OIIan, Bularreko Minbiziaren ikerketa-taldean, taldeko arduradunen zuzendaritzapean: Isabel Álvarez eta María Muñoz Caffarel doktoreak. Taldean, bularreko minbizia ardatz duten oinarrizko eta translaziozko ikerketa-proiektuekin lan egiten dute.

AECC Gipuzkoak 2013tik emandako doktoratu aurreko laugarren beka da. Honekin batera, erakundeak 3 milioi euro baino gehiago bideratu ditu azken 5 urteetan ikerketa onkologikoko hainbat proiektutara, erakundeak ikerketaren alde egin duela frogatuz.

Bestalde, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Claudia Fernández Catalánek prestakuntza klinikoko laguntza jaso du, onkologiako hainbat arlotako prestakuntzaren bidez medikuntzako espezialisten lanbide-gaitasuna handitzera bideratuta dagoena. Guztira, 6.900 euroko zuzkidura du laguntza honek.

Isabel Orbe AECC Fundazio Zientifikoko zuzendariak adierazi duenez, “Aurrerapena talentuaren sustapenaren eskutik doa. Minbiziaren ikerketa aurrerapena da osasunean, zientzian eta garapenean, herrialde gisa. COVID-19k sortutako ekonomia- eta osasun-krisia bizi dugun honetan, AECCk zientzia bultzatzen jarraitzen du, minbiziaren ikerketan egindako aurrerapenak geldi ez daitezen “.

Minbiziari buruzko ikerketak bizitzak salbatzen ditu, eta, horri esker, batez beste % 57ko biziraupena lortu da 200 tumore mota baino gehiagoren artean, eta horietako batzuetan % 90era iritsi da.

Ikusi jardunaldiaren bideoa hemen.