Halako zelulak erabiltzeak abantaila handiak eskaintzen ditu gernu edo uzki-esfinterreko ihesa duten pazienteengan terapia zelularra erabiltzeko, edo tamaina txikiko muskulu-multzoen tratamendurako, esate baterako, muskulu-distrofia okulofaringeoaren edo distrofia fazioeskapulohumeralaren kasuan.

Muskuluen birsorkuntzaren arloan medikuntza birsortzailean eta terapia zelularrean diharduten Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko (Biodonostia OII) ikertzaileek kremaster muskulutik lortutako zelula ama multipotenteak isolatzeko eta zabaltzeko metodo bat patentatu eta argitara eman dute.

Biodonostia OIIko Ehun Ingeniaritza eta Gaixotasun Neuromuskularrak taldeetako Ander Izeta eta Adolfo López de Munáin doktoreek, Malagako Biomedikuntza Ikerketa Institutuko (IBIMA), Zaragozako IIS Aragón institutuko eta Gijóngo Idonial zentro teknologikoko ikertzaileekin lankidetzan, lideratutako ikerketa online argitaratu berri da sarbide irekia duen eta Nature argitalpen-talde entzutetsuarena den Scientific Reports aldizkarian, lehenengo egilea Neia Naldaiz-Gasteiz doktorea duen artikulu batean.

Zelula horiek lortzeko metodoa eta horien erabilera terapeutikoak babesten dituen patentea 2018ko martxoan aurkeztu zen Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoan, eta nazioarteko patentetzat jo berri da Patenteen Arloko Lankidetza Ituneko (Patent Cooperation Treaty, PCT) protokoloarekin bat egin duten herrialdeetan.

Asmatzaileek proposatzen dute gizonezko helduen kremaster muskulutik isolatutako zelula aitzindari multipotenteak erabiltzeak abantailak dituela gernu edo uzki-esfinterreko ihesa duten pazienteengan terapia zelularra erabiltzeko, edo tamaina txikiko muskulu-multzoen, hala nola, muskulu-distrofia okulofaringeoaren edo distrofia fazioeskapulohumeralaren, tratamenduan.

Adierazitako ikerketa-partzuergoa zelula horiek 3D bioinprimaketa bidez egindako ehun-ingeniaritzako produktu batean erabiltzen ari da gaur egun, esfortzuak eragindako gernu-ihesaren tratamenduan (patologia nahiko ohikoa da gure gizartean, eta diagnostikoa gutxietsi egiten dela uste da), bai eta zelula aitzindarien antzeko populazioaren isolamenduan ere emakume helduen muskulutik abiatuta.

Erreferentzia:

Isolation and characterization of myogenic precursor cells from human cremaster muscle
Neia Naldaiz-Gastesi, María Goicoechea, Isabel M-ª Aragón, Virginia Pérez-López, Sandra Fuertes-Alvarez, Bernardo Herrera-Imbroda, Adolfo López de Munain, Resi de Luna-Diaz, Pedro M. Baptista, M. Alejandro Fernández, María Fernanda Lara & Ander Izeta.