Joan den apirilaren 4an aurkeztu ziren Biodonostian Institutuak garatutako Zahartzearen Ikerketa Estrategian egindako aurrerapenak. Aurkezpenean batez ere sortzen joan diren ikerketa-lerroak eta azken bost urteotan egindako azterlanen emaitzak azaldu ziren.

Ekitaldia Institutuaren zuzendariak, Julio Arrizabalagak, inauguratu zuen, eta ikerketan parte hartu duten taldeetako ikertzaileak ere izan ziren bertan, ikerketaren koordinatzaileak, Ander Mateu eta Itziar Vergara doktoreak, buru zirela, eta euren esparru zehatzean egindako aurrerapenak aurkeztu zituzten.

Jardunaldian zehar hainbat eratako gaiak izan ziren hizpide, hala nola, gizakiaren zahartze osasuntsuarekin eta zahartze goiztiarrarekin lotutako ingurumen faktoreak eta faktore biologikoak; zahartzearen zama epidemiologikoa, soziala eta ekonomikoa eta zahartzearekin lotutako gaixotasunak; zahartzearen determinatzaile biologikoak eta substratu fisiopatologiko komuna edo zahartze aktibo eta osasuntsuaren eta hauskortasunaren determinatzaileak identifikatzea.

Zahartze osasuntsua garrantzi handiko erronka sozioekonomikoa da gizarte aurreratuetan, biztanleria zahartua etengabe ari baita gora egiten, eta horrek desoreka esanguratsuak eragiten ditu arreta sanitarioan eta estaldura sanitarioaren sistema unibertsalaren iraunkortasunean. Horrela, Eustatek, “Gipuzkoako biztanleria-proiekzioa 1995-2020” dokumentuan, erabat desorekatutako populazio-zentsu globala aurreikusten du; izan ere, askoz ere txikiagoa izango da piramidearen oinarrian eta hazkunde nabarmena izango du adinekoen taldean (>65), populazio osoaren % 24 izango baita 2020an.

Errealitate horretaz jabetuta proposatu zuen Biodonostia OIIk 2013an zahartzearekin lotutako I+G+b estrategia bat lantzea, IKAGURE-BD izena eman zion, eta osasunaren esparruan diharduten eragile ezberdinek parte har dezaten saiatu da.