Parkinsonaren Munduko Egunaren ospakizuna dela eta, Biodonostiak zentroak garatutako lana balioetsi nahi du, Osakidetzako Osasun Ikerketarako Institutuetan (Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia) garatzen ari diren gaixotasun honi buruzko ikerketa proiektu guztien barruan.

Osakidetza 30 ikerketa-proiektu baino gehiago garatzen ari da gaur egun Parkinson gaixotasunari buruz. Proiektu horien ikerketa-lerroen oinarriak hauek dira: diagnostiko goiztiarra hobetzea, biomarkatzaileen, faktore eragileen eta forma hereditarioen identifikazioaren bitartez, eta tratamendu posibleak aztertu eta hobetzea, sintomak kontrolatzen edo beren eboluzioa atzeratzen laguntzeko.

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak, Gaixotasun Neurodegeneratiboetako Taldearen bitartez, “azken urte hauetan zenbait ikerketa-proiekturi heldu die eta emaitza onak espero dira”, talde horretako koordinatzaile Javier Ruiz Martínez doktorearen hitzetan. Nabarmentzekoa da gizabanako osasuntsuen ‒gaixotasuna urte batzuk geroago garatu dutenak‒ laginetan biomarkatzaile metaboliko plasmatikoak identifikatzeko aukera eman duten ikerketetan izan duen partaidetza.

Biodonostiak, gainera, estimulazio kognitiboak Parkinsona duten pazienteetan duen eraginean oinarritzen ditu bere ikerketak, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundearekin batera, helburu honekin: aztertzea prozedurak horrek errendimendu kognitiboa hobetzen duen Parkinsona eta narriadura kognitibo arina duten pazienteetan, eta jakitea horrek korrelazioa duen garunaren aktibazio-patroian hobera egitearekin zeregin kognitiboetan.

Nazioarte mailan Biodonostiaren jarduerari buruz, aipatzekoa da 2012an kide egin zela sorburu genetikoko Parkinson Gaixotasunaren ikerketa partzuergoan, Michael J. Fox (MJFF) Fundazioak subentzionatuan. Sorburu genetikoko Parkinson gaixotasunaren bilakabide ebolutibo naturala ezagutzea da azterlanaren helburua nagusia, markatzaile klinikoak, neuro-irudiarenak edo analitikoak lortu ahal izateko, gaixotasunaren aurrerabidea adieraziko dutenak (hasierako aldia, bilakabide ebolutiboa eta abar), eta alderdi fisiopatologikoetan sakondu ahal izateko, gaixotasun horretara zuzendutako terapia espezifikoak planteatzeko aukera emango duten horietan, alegia.

Parkinson gaixotasuna, eragile ezezaguneko nahasmendu progresibo bat da, 40 urtetik gorako populazioaren % 0,5-1i erasaten diena eta 65etik gorakoen % 2ri.

Neurozientziak Estrategia RIS3-Euskadin identifikatutako lehentasunezko arlo tematiko nagusietako bat dira, Biozientziak-Osasuna eremuan.