Kopenhage (Danimarka) Unibertsitateko Biologia Sailak urriaren 1ean hartu zuen Europar Batasunaren FET (Future and Emerging Tecnologies) -Open Horizont-2020 programaren esparruan gauzatzen ari den “CIRCULAR VISION – CIRCULAR DNA in diagnosis and disease models” proiektuaren hasierako bilera.
Programa honek teknologia berriekin lotutako ideia berrien inguruko ikerketa zientifikoaren eta berrikuntzaren lehen etapak babesten ditu. FET programa, hurrengo Horizon Europe Esparru Programan (2021-2027) aitzindaria, Europa Berritzailearen III. zutabean sartuta dago, EICren (Berrikuntzaren Europako Kontseilua) barruan.
“CIRCULAR VISION” Kopenhageko Unibertsitateko Birgitte Regenberg irakasleak zuzendutako EBko 7 ikerketa-bazkideren arteko lankidetza-proiektua da, eta 4 milioi eurotik gorako aurrekontua du. “CIRCULAR VISION”ek bidea erraztuko du DNA zirkularra biomarkatzaile eraginkor bihurtzeko, biriketako minbizia eta hesteetako hanturazko gaixotasuna bezalako nahasmenduak goiz detektatzeko, diagnostikatzeko eta horien jarraipena egiteko.
Marcos J. Araúzo-Bravo doktorea buru duen Biodonostiako Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntza Ikerketa Taldea da proiektuaren lan-pakete nagusietako baten burua, “DNA teknologia zirkularren bilakaera” izenekoa, eta proiektuaren bigarren onuradunik handiena.
Berriki frogatu da DNA zirkularra giza zelulen osagai arrunta dela, giza genomaren atal guztietatik sortzen dena, eta bereziki lotuta dagoela minbizia eta hesteetako hanturazko gaixotasuna bezalako gaixotasunekin. DNA zirkularrak beste DNA molekula batzuk baino espezifikoagoak dira, tumore zeluletan kopuru handi batean aurkitzen dira. Ezaugarri horiek direla eta, DNA zirkularra ebaluazio-tresna bat izan daiteke detekzio goiztiarrerako, diagnostikorako eta detekzioa berandu eta mingarria den nahasmenduen jarraipenerako. Esku-hartze goiztiarreko tratamendu eraginkorrak ahalbidetuko ditu, bizitzak salba ditzaketenak eta tratamenduaren kostuak murriztu ditzaketenak.
Hala ere, DNA mota honen isolamendu, detekzio eta analisi konputazionalerako teknologia oso fase hasiberrian dago.
Proiektu honetan, biriketako minbizia eta hesteetako hanturazko gaixotasuna erabiliko dira DNA zirkularraren eta gaixotasunaren arteko lotura ikertzeko. Zientzialariek mikroskopia, DNA sekuentziazioa eta bioinformatika konbinatuko dituzte biomarkatzaile berriak identifikatzeko eta minbiziaren diagnostikorako ikuspegi berriak garatzeko. Tumoreetan eta odolean DNA zirkularra azkar detektatzeko teknologiaren garapenean jauzi handia izango da proiektua, biomarkatzaile berriak eta goiztiarrak identifikatzea ahalbideratuaz.
Finantziazio honek aukera paregabea eskaintzen du Europako aditu nagusiek bat egin dezaten eta DNA zirkularraren biologiaren arloan sortzen ari den merkaturatzearen, aurkikuntza zientifikoen eta asmakuntza teknologikoen abangoardian egon daitezen.
Proiektuari buruzko informazio gehiago: