Ekainaren 8an, 9an eta 10ean, Orona Fundazioak Hernanin duen egoitzak Hack Cancer ekitaldia hartu zuen. Hack Cancer ikerketa-maratoi bat da, Espainian lehen aldiz egiten dena, eta Rotary Club Donostiak antolatu du.

Amaierako ekitaldian, Rotary Club Donostiak eta Aspanogik 48.000 euroko txekea eman zioten Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuari. Haren zuzendari Julio Arrizabalagak jaso zuen txekea. Ekitaldiaren babesleek egindako ekarpenei esker jaso zen zenbateko hori; hots: Aspanogi, Laboral Kutxa, Gipuzkoako Foru Aldundia (Orain Gipuzkoa), Orona Fundazioa, IMQ, Osakidetza, Biodonostia, GAIA, Lomhifar, Delta Taldea, Gaestopas, Naru, Iomed, Inmobiliaria Arrigain eta Rotary Donostia. Ekarpen horren xedea da haur-minbiziaren aurkako borrokara bideratutako beka bat ematea. Horren bitartez, Idoia García babesle eta Ander Matheu buru izango duen 3 urteko ikerketa finantzatuko da.

Jardunaldietan, medikuntzaren, datuen ingeniaritzaren eta matematikaren arloetako nazioarteko aditu boluntarioak bildu ziren minbiziko datu-baseetan patroi desberdinak bilatzeko. Asmoa zen minbiziaren jardun klinikoan eta haren diagnostikoan, tratamenduan edo pronostikoan eragina izan dezaketen algoritmoak baloratzea. Guztira 50 zientzialari aritu ziren lanean minbiziaren esparruan ikerketa-ildo berriak irekitzeko, datu-analisiaren arloan dauden azken aurrerapenak baliatuta eta helburu batekin: minbiziari borroka irabaztea.

Epaimahaiak, maratoian lan egin zuten taldeei buruzko ondorioak ebaluatu ondoren, sariak banatu zituen. Horien artean, “Analisi hoberena” saria Rladies taldearentzat izan zen. Biodonostiako Maitena Tellaetxek eta Nem Solutions-eko Zuriñe Varelak osatzen dute aipatutako taldea. Era berean, sari hauek eman ziren: “Ikerketa-proiektu hoberena”, “Aplikazio kimiko hoberena” edo “Soluzio tekniko hoberena”.

Maitena Tellaetxe eta Zuriñe Varela saria jasotzen

Idoia García, Oncologia Zelularra taldeko kidea