Azaroaren 22an eta 23an egin da Donostiako Tabakalera Zentroan Adinberri Kongresua.  Zahartze Osasuntsuaren Erronkak eta Aukerak Gipuzkoan. Kongresua Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ageing On ikerketa-taldearen laguntzaz.

Topaketan 400 pertsonatik gora elkartu dira, eta zahartzea ikuspegi guztietatik aztertu nahi izan da bertan, bai arretaren eta zainketen berrikuntzaren ikuspegitik, bai Gipuzkoako jarduera ekonomikoaren eragile den zilarrezko ekonomiaren (silver economy) ikuspegitik. Zuzenean edo zeharka adineko pertsonekin zerikusia duten gaiak izan dira aztergai bertan: bizimodu osasuntsua, heziketa eta formazioa, domotika eta arkitektura, enpresa eta berrikuntza, politika publikoak, zaintza eta arreta, eta balioak eta boluntarioak.

Horretarako, bertako eta nazioarteko esperientziak azaldu dira hitzaldien eta saio paraleloen bidez, eta hainbat arlotako adituek parte hartu dute. Horietako bat soziologian doktorea den Julio Pérez Díaz demografoa izan da, eta gaur egun CSICko zientzialari titularra denak zahartzearen erronkei buruz hitz egin du. Kongresuan parte hartu duen beste aditu bat ordaindu gabeko lanaren eta emakumeen egoera soziolaboralaren eta familarraren ikerketa sozialean aitzindaria den Mª Ángeles Durán soziologoa izan da, eta Gipuzkoako herritarrek zahartzearekin lotutako zaintzaren arloan egiten duten lana ikusaraztearen garrantziari buruzko ikuspegia azaldu du.

“Zahartzaroari begirada global bat. Joera nagusiak aukera eremuetan” saioaren esparruan esku hartu du Biodonostia OIIko zuzendari zientifikoa den Julio Arrizabalagak, eta zahartzeaz ikerketa biomedikoaren ikuspegitik hitz egin du.

Saioetan Adinberriren antzeko Erresuma Batuko, Frantziako eta Portugalgo nazioarteko esperientziek ere izan dute bere lekua, eta saio ireki horietan ikus-entzuleek ere parte hartu ahal izan dute.

Adinberri Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren proiektu estrategikoetako eta erreferentzia zentroetako bat da. Estrategia honen baitan, Biodonostia, Donostialdea ESI, Bidasoa ESI, Pasaiako Udala eta EASO lanbide heziketako ikastetxea lankidetzan ari dira garatzen adinekoen gaitasun funtzionala komunitatearen esparruan zaintzean oinarritutako zerbitzuen arloko berrikuntza-proiektua. Proiektuaren burua Itziar Vergara da, Biodonostia OIIko Lehen Mailako Arreta Taldearen arduraduna.