Proiektuaren lehen bilera

Gibeleko gaixotasunak ikertzen dituen Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko (OII) ikertzaileak Europako COST CA18122 (European Cholangiocarcinoma Network; European Commission Horizon 2020) proiektuan esku hartzen duten lantaldeetan parte hartzen ari dira. Proiektuaren helburua kolangiokartzinomaren (behazuneko minbizia) ezagutzan aurrera egitea eta elkarlanean egindako ikerketa aurreklinikoaren emaitzak praktika klinikora eramatea da.

Jesús Bañales Ikerbasque ikertzailea eta Donostiako Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen Arloaren arduraduna da, eta proiektuaren zuzendaritza-batzordeko kide da, hain zuzen ere, lehendakariordea.

Proiektua 4 urtean garatuko da, guztira Europako 25 herrialdek eta Estatu Batuetako hainbat lankidek parte hartzen dute bertan, eta 500.000 euroko finantzazioa du.

Kolangiokartzinoma (CCA) minbizi-motarik hilgarrienetako bat da, eta bere intzidentzia gora egiten ari da mundu osoan, jatorri ezezaguneko minbiziaren metastasi-kausarik ohikoenetako bat izanik. CCA erronka handia da ikertzaileentzat, medikuentzat, osasun-sistema nazionalentzat eta gizartearentzat, oro har. Hala eta guztiz ere, elkarlanean egiten diren azterlanak sustatzen eta azken-azkeneko aurrerapenak praktika klinikora azkar eta eraginkortasunez eramaten lagunduko duten nazioarteko, diziplina anitzeko eta koordinatutako sareak falta dira.

Hori dela eta, EURO-CHOLANGIO-NET (European Cholangiocarcinoma Network) sarearen helburu nagusia CCAren arazoari diziplinarteko ikuspegi batetik heltzeko Europako lankidetza-sare bat sortzea da. Alde horretatik, pazienteen erregistroen datu-base bat sortzea, ikertzaileei gaixotasun honi buruzko prestakuntza ematea, adostasun-agiriak sortzea eta lortutako emaitzak zabaltzea aurreikusten da.

Laburbilduta, ahalegin guztiak koordinatu nahi dira CCA hobeto ezagutzeko eta paziente horien tratamendu klinikoa alda dezaketen elkarlaneko ikerketak sustatzeko. Helburu horrekin sortu diren 7 lantaldek elkarri lotuta dauden alderdiak landuko dituzte, hala nola, tumore horien epidemiologia, ezaugarri histologikoak, profil molekularrak, diagnostiko goiztiarreko biomarkatzaileak, helburu eta erreminta terapeutiko berrien garapena, saiakuntza klinikoak, legeria eta etika.

Informazio gehiago hemen.