Author Archives: Biodonostia

Biodonostiak ISCIIIren Osasunaren Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuaren Sarietara aurkeztu du hautagaitza

Carlos III.a Osasun Institutuak (ISCIII), Europako ORION (Open Responsible Research and Innovation to Further Outstanding Knowledge) proiektuaren esparruan, Osasunaren arloko Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuaren Sariak (RRI) aurkeztu ditu. Aurten lehen aldiz banatuko diren sari hauen helburua da egiaztatutako Osasun Ikerketako Institutuek (OII) beren jardueran RRIren printzipioak osasunaren arloan txertatzeko egiten duten lana aitortu, lagundu eta sustatzea.

RRI esparruak zientzia irekiaren kontzeptua sustatu nahi du, funtsezko 6 ardatzetan bildutako ekimenen bidez: herritarren parte-hartzea, ikerketaren emaitzetarako sarbide librea, gobernantza arduratsua, etika, hezkuntza zientifikoa eta genero-berdintasuna.

Biodonostia OIIak Hezkuntza Zientifikoan eta Herritarren Parte-hartzean oinarritutako proposamen batekin parte hartu du sari horietan, eta agerian geratu da bertan hezkuntzaren eta zientziaren balioaren transmisioan egiten ari den ibilbide zabala. Gainera, hautagaitzak Zahartze Zeharkako Ikerketa Arloarekin(IKAGURE BD) lotutako jarduera berriak jasotzen ditu, azken urtean RRI esparru horretan garatu direnak.

Sarirako hautagaitzak (aurkeztutako proiektuaren azalpena eta memoria eta jarduerari buruzko bideo deskribatzailea barne) ISCIIIren ebaluazio-fasean daude gaur egun.

Mila esker lan hau posible egin duzuen guztioi.
Jarraitu beharreko bidea da hau!

Hemen ikus dezakezue aurkeztutako bideoa:

Biodonostiak EATRISen urteko bileran parte hartu du

IIS Biodonostiaren ordezkaritza bat Translaziozko Medikuntzarako Europako Plataformaren (EATRIS) Annual Meeting-en parte hartu du duela gutxi. EATRIS-Portugal Nodo Nazionalak antolatu du, eta INFARMEDek Lisboan duen egoitzan izan da.

EATRISek urteroko topaketak egiten ditu bere nodoetan, eta gai zehatzak lantzen ditu, betiere translazio-medikuntzari begira. Oraingo honetan, medikuntza pertsonalizatua izan da bileraren gai nagusia.

Topaketan, EATRISek etorkizuneko ekintzetan medikuntza pertsonalizatuaren garapenean izango duen zeregina zehaztu zen, gai honen inguruan gaur egun dauden erronka eta aukerak kontuan hartuta. Halaber, eztabaidatu zen nola ustiatu Plataformak pazienteen komunitatearen beharrak asetzeko dituen gaitasunak, eta nola garatu komunitate horri zuzendutako ekintzak ezartzen lagunduko duten teknologiak. 

Gainera, egiaztatutako Osasun Ikerketako Institutu (ISI) asko bertan zeudenez, Carlos III.a Osasun Institutuak (ISCIII) antolatutako berariazko bilera bat egin zen, eta bertan EATRISen National Contact Point (NCP) berria aurkeztu zen, ISCIIIn bertan kokatua, Plataformaren eta Institutuen arteko solaskide gisa arituko dena, harreman arinagoa eta zuzenagoa izateko.

Zalantzarik gabe, topaketa emankorra izan da, eta hainbat aukera sortzea espero da.

Biodonostiak Fellows Gipuzkoa programari atxikitako ikertzaileekin egindako topaketa batean parte hartu du

Duela gutxi, CIC Nanoguneko instalazioetan lan-topaketa bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek eta Fellows Gipuzkoa programaren onuradun diren ikertzaileek, beren jarduera garatzen duten ikerketa-zentroetako arduradunek lagunduta.

Markel Olano Ahaldun Nagusiak, Imanol Lasa Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko Diputatuak eta Jon Gurrutxaga Berrikuntza Zuzendariak lehen eskutik ezagutu ahal izan dute hainbat motatako proiektu zientifikoetan diharduten 10 ikertzaileek egiten duten lan bikaina. Sonia Alonso Martín, Biodonostia OIIko Gaixotasun Neuromuskularren Taldeko ikertzailearen kasuan, proiektua muskuluaren zelula amen birsortze-gaitasunaren azterketara bideratuta dago Alboko Esklerosi Amiotrofikoan (ELA).

Fellows Gipuzkoa programaren helburua da doktoretza osteko prestakuntza duten ikertzaileak, nazioarteko ikerketa talde garrantzitsuetan lanean ari direnak, Gipuzkoako ikerketa taldeetara ekartzea, horrela horien maila zientifikoa handitzeko. Egonkortasuna lortze aldera, baloratu egiten da hautagaiek lurraldearekin lotura izatea, egiten duten lana Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean kokatzea, eta lurraldearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko Aldundiak bultzatutako apustu estrategikoetara bideratzea.

2000. urteaz geroztik, Gipuzkoan 36 ikertzaile sartzeko laguntza eman da. Gaur egun, Biodonostiako Sonia Alonsok ez ezik, programa honetan parte hartzen ari dira Adria Gil eta Beatriz Martín García, CIC Nanogunen; Connie Josefina Ocando, BERC Polymaten; José Antonio Fernandes, Azti Fundazioan; Carlos Sánchez, Iván Ramos eta Óscar Ferreira, CIC Biomagunen; Karin García eta Darya Chyzhyk, UPV/EHUn.

Topaketan, foru arduradunek programaren beste deialdi bat egitekoa dela iragarri zuten, eta 2020an 480.000 euro bideratuko dituztela horretara.

Iturria: GFA
Argazkiak eta bideoa: GFA

Zabalik dago 2020ko udako praktiketan izena emateko epea

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak, 2020ko otsailaren 4an egindako Prestakuntza Batzordearen Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakiarekin bat etorriz, argitara ematen du 2020ko ekainean, uztailean eta abuztuan udako prestakuntza-programaren deialdia, esperimentazio-zientzietako eta/edo osasun-zientzietako(medikuntza, albaitaritza, biologia, biokimika, bioteknologia, ingeniaritza biomedikoa, farmazia, etab.)  lizentziatura edo graduko ikasleentzat (Medikuntza, Albaitaritza, Biologia, Biokimika, Bioteknologia, Farmazia, etab.), Institutuko hainbat arlotan ikerketa biomedikoarekin zerikusia duten ordaindu gabeko praktikak egiteko.

Eskaerak aurkeztea:

  • Epearen hasiera: 2020ko otsailaren 21a.
  • Epearen amaiera: 2020ko martxoaren 19a.

Izen-emateak egiteko eta deialdiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, klikatu hemen.

OHARRA: Biodonostia OIIaren webgunearen bidez egindako inskripzioak baino ez dira onartuko.

 

Biodonostiak Estatu Batuekin berrikuntza biomedikoan lankidetza indartzeko Espainiako misio batean parte hartu du

Julio Arrizabalaga, Biodonostia OIIko Zuzendari Zientifikoa, misioko gainerako kideekin batera.

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak (Biodonostia OII) otsailaren lehen asteetan parte hartu du Estatu Batuetako Estatu Departamentuak Karlos III.a Osasun Institutuaren bidez (ISCIII) sustatutako lan-misioan, bi herrialdeetako erakundeen artean itunak egiteko osasun-berrikuntzaren arloan.

Misio hau Estatu Batuetako Gobernu Federalaren Programaren barruan dago (Internatonal Visitors Leadership Programme), osasun-arloko produktu eta zerbitzu hobeak ahalbideratuko dituzten proiektu eta jarduera bateratuak bultzatzeko.

Estatu Batuetako Washington, Boston eta Cleveland hirietan, osasun-ikerketaren eta -berrikuntzaren arloan mundu osoan erreferentzia diren zentroak bisitatu dituzte. Bisita horietan, Espainiako zentroek esperientziak partekatu dituzte Estatu Batuetako hainbat erakunde, ekintzaile eta berritzailerekin. Erakunde horiek osasunarekin lotutako erronka teknologiko eta sozialak lantzen dituzte, sektore ez-tradizionalak eta ekonomikoki hain dinamikoak ez diren eskualdeak barne.

Misioko kideak, besteak beste, Osasun Institutu Nazionaletako (NIH) adituekin, Medstar Health erakundearekin, Global Center for Health Innovation eta Plug & Play zentro teknologikoekin, Cleveland-eko Western Reservve Unibertsitatearekin, Bostongo Haur Ospitalearekin eta Arthur M. Blank for Entrepreneurship zentroarekin eta hainbat konpainia teknologiko eta berritzailerekin elkartu dira.

Ekimen horretan zortzi zentrok hartu dute parte, Biodonostiak besteak beste, ISCIIIko Medikuntza eta Osasun Teknologien Berrikuntza Plataforma (ITEMAS) osatzen duten 30 nodoen ordezkari gisa.

 

Biodonostiak emakume zientzialariak ikusarazten laguntzen du

Biodonostiak bat egin du, beste behin ere, otsailaren 11n ospatzen den Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Egunarekin,.

Oraingo honetan, Institutua beste zortzi euskal erakunderekin elkartu da, (CIC nanoGUNE, CFM CSIC-UPV/EHU, CIC biomaGUNE, DIPC, Tecnun, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar) Emakumeak Zientzian 2020 programaren barruan. Otsailaren 7tik 14ra bitartean martxan jarri da, eta hainbat ikuslerentzako jarduera-programa zabala izan du: familiak, nerabeak, helduak…

Joanna López, primera por la izquierda

 

Jardueren artean, gure ikertzaile Joanna Lópezek otsailaren 7an parte hartu zuen Atzoko eta gaurko Zientzialariak ekitaldian. Hemengo eta gaurko 6 ikertzaile Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretora igo ziren beren lana aurkezteko eta iraganean aitzindari izan ziren emakume zientzialariak omentzeko. Izan ere, iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz.

 

Bestalde, otsailaren 11n, Emakume zientifikorik ezagutzen duzu? jardueraren esparruan, The English Schooleko Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleak bisitatu gintuzten. Historian zehar emakumeek zientzian izan duten zereginaz hitz egiteaz gain, laborategiak bisitatu eta DNArekin esperimentatzeko proba bat egin zuten.

Los pequeños, en diversos momentos de la jornada

Halaber, otsailaren 13an, Amona´s Power jardueraren bidez (emakume helduaren irudia goraipatzera bideratuta dago, kultura zientifikoaren transmisio gisa), 55 urtetik gorako 17 emakume izan ziren gurean. Zentroan nazioarteko ikerketaren eta bikaintasunaren mundua ezagutzeko aukera izan zuten. Kasu honetan ere hainbat jarduera esperimental egin ahal izan zituzten, beren etxeetan eta inguruneetan erreproduzitu ahal izango dituztenak eta, adierazi zigutenez, beren bilobekin praktikara eramango dituztenak.

Las participantes en el recorrido por las instalaciones

Realizando diferentes actividades experimentales

Azkenik, gure ikertzaileek beren lanaz hitz egiteko gonbita jaso zuten hainbat  komunikabideetatik María Caffarel ETBn eta Joanna Lópezi Radio Euskadin egindako elkarrizketak ikusi eta entzun ahal izateko, hemen dituzue estekak:

Jarduera horien bidez, beste behin ere, Institutuak aberastu egiten du bere Ikerketa eta Berrikuntza Arduratsuen (RRI) aldeko apustua. Horren helburua da komunitate zientifikoaren eta gizartearen artean dagoen arraila murriztea, eta, horretarako, zenbait interes-taldek (gizarte zibileko erakundeak, hezkuntza-komunitatea, komunitate zientifikoa, politika-arduradunak eta enpresa- eta industria-sektorea) elkarrekin lan egitea ikerketa eta berrikuntza-prozesu osoan.

4D-HEALING Europako partzuergoaren topaketa Biodonostian

Ezkerretik eskubira (atzeko lerroa): Daniela Gerovska, Gastón Sendin, Marta Bertolini, Francisco Jiménez, Ander Izeta, Pavol Bokes, Branislav Novotný, Artem Artemov, Olga Ibáñez, Mirjana Liovic y Marcos Araúzo. Aurreko lerroa: Alex Martínez y Sandra Fuertes.

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak 4D-HEALING Europako proiektuaren bigarren topaketa egin zuen urtarrilaren 30 eta 31n. Europar proiektu honek Marcos J. Araúzo-Bravo doktoreak, Biologia Konputazionala eta Sistemen Biomedikuntzaren Taldeko buruak, zuzentzen du, eta Ehun Ingeniaritza Taldeko buru den Izeta doktorea k ere parte hartzen du.

Bilera horretan, partzuergoko kideek proiektuaren zereginetan egindako aurrerapenak bateratu zituzten eta proiektuaren bigarren zatian jarraitu beharreko estrategia adostu zuten. Labur-labur, giza larruazaleko zaurien orbaintze arrakastatsua zelula bakar mailan molekularki karakterizatu nahi du proiektuak, eta zauri-ohantzearen hiru dimentsio espazialetan zelula-mailan orbaintzearen bilakaera dinamikoa definitzen duen lau dimentsioko mapa bat lortuta. Era berean, sortutako ezagutza praktika klinikora eraman nahi du, prozesu hori modulatu dezaketen botikak detektatu eta birkokatuz, zauriak larruazalaren orbaintze-akatsengatik kroniko bihurtzen diren pazienteetan.

Proiektua diziplina anitzekoa da, eta medikuen, gaixo-elkarteen ordezkarien, industriaren, biologoen, matematikarien eta Europako hainbat herrialdetako sistemen konputazioan eta biologian adituen parte-hartzea du.

Proiektua ERA-Net sistemaren medikuntzaren 2017rako deialdian finantzatu zen ERACoSysMed (www.eracosysmed.eu; H2020). Biodonostiaren parte hartzea Instituto de Salud Carlos III (ISCIII; AC17/00012) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute.

Una manera de hacer Europa

Biodonostiako Jesus Bañalesek SER Navarra 2020 ikerketaren saria jaso du

Joan den urtarrilaren 30ean, Nafarroako SER IV. Sarien gala egin zen Iruñeko Baluarten. Besteak beste, Jesus Bañalesek ikerketaren saria jaso zuen, bere lana eta ikerketa-ibilbidea aintzatesteko.

Bañales doktorea, Ikerbasque ikertzailea eta Biodonostia OIIko Gaixotasun Hepatikoen Taldeko arduraduna, duela gutxi ebaluatu dute, ehunetik ehun punturekin, ‘Miguel Servet’ osasun-ikerketako azken deialdi nazionalean, eta gaur egun nazioarteko proiektu saritu baten buru da, gibeleko eta behazuneko minbiziak ikertzeko.

Sari honek izaera sozial nabarmena du, epaimahaiak ikusleek bidalitako proposamenak baloratu baititu eta hainbat kategoriatan saritutakoak aukeratu baititu: ingurumena, gastronomia, berrikuntza, lan humanitarioa eta soziala, ikerketa, ibilbide profesionala, kirola, kultura eta Nafarroako ohorezko saria.

“Denok izan gaitezke berritzaile, eta izan behar dugu. Gainera, dibertigarria da”

Joan den urtarrilaren 24an Bidonostiak berrikuntzari buruzko jardunaldi interesgarri bat egin zuen “Txikiak bezain bizkorrak” izenburupean. Parte-hartze nabarmena izan zuen jardunaldi honetan Donostialdea ESI/Biodonostia OIIak arlo horretan dituzten ekimen garrantzitsuenak aurkeztu ziren. Horrez gain, Berrikuntzaren Euskal Estrategiari eta Berrikuntzaren Erosketa Publikoari buruzko bi hitzaldi interesgarri eman ziren, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Carlos Peñaren eta Kataluniako Osasun Saileko Ramón Maspóns-en eskutik.

Donostialdea ESIko Komunikazio arloko gure lankideak aukera hau aprobetxatu zuten Julio Arrizabalaga Biodonostia OIIko zuzendariarekin hitz egiteko eta berrikuntzari eta ikerketari buruz hausnartzeko. (Jarraian duzue egindako elkarrizketa)

Berrikuntzari buruzko jardunaldi garrantzitsu bat egin berri duzue. Zein da zuen balantzea?
Oso positiboa; izan ere, zer egiten den eta zer lankidetza-maila dagoen ikusi ahal izan dute bertaratutakoek. Donostialdea ESIko TOP ekimenak aurkeztu ziren, eta bi hitzaldi interesgarriz gozatu ahal izan genuen: lehenengoa, berrikuntzaren euskal estrategiari buruzkoa, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Carlos Peñak aurkeztu zuen;  eta bestea, berrikuntzaren erosketa publikoari buruzkoa, Kataluniako Osasun Saileko Ramón Maspóns-ek eman zuen. Arrakasta handia izan zuten, benetan, bai publikoarengatik, bai aurkeztutako ekimenen kalitate eta interesagatik.

Jardunaldi honetako leloa “Txikiak bezain bizkorrak” zen. Benetan hain txikiak eta hain bizkorrak al zarete?
Txikiak gara (Espainiako probintziarik txikiena) baina malgutasuna daukagu, eta horri esker bizkorrak izan gaitezke,  gure ingurunearekin zer egiten den eta guk zer egiten dugun aztertzeko. Hitz-joko horrekin adierazi nahi dugu beste zentroekin, sektoreko enpresekin eta  kanpoko eragileekin harreman gehien duen zentroetako bat garela. Gainera, proiektu eta patente asko garatuta dituen zentro teknologiko bat gara, asistentzia hobetzea helburu duena beti.

Berrikuntza eta osasuna: zertan datza binomio horren garrantzia?
Osasunak guztiok baldintzatzen gaitu; guztiok hobeto egon nahi dugu eta horrek, gainera, ekonomia mugitzen du; guk geure ekarpena egin dezakegu eta horren onura jaso. Berrikuntza funtsezko tresna da arazo zehatzen irtenbidea aurkitzeko, eta irtenbide horiek osasuna  hobetzen eta gure pazienteen asistentzia-beharrak asetzen lagunduko digute.

BioDonostia Ikerkuntza Sanitarioko Institutua da, eta ikerkuntzan dihardu nagusiki. Nola egokitzen dugu berrikuntza ezaugarri horiek dituen institutu batean?
Berrikuntza ezagutza dagoen leku guztietan dago (ospitaleetan, osasun zentroetan, I+G zentroetan.) BioDonostia ikerketa-zentro gisa sortu zen, baina ikerkuntza-profilik gabeko profesional asko eta asko proiektuak garatzen jardutea lortu dugu, proiektu horiek produktu bihurtzeko. Gure institutua Gipuzkoako ospitaleetako eta lehen mailako arretako I+G+B saila da dagoeneko.

 Ikerketaren bidez bakarrik irits daiteke berrikuntzara?
Ez, profesional guztiak izan daitezke berritzaileak, nahiz eta ikertzaileak ez izan. Azken urteetan ulertu izan da  ikerketatik bakarrik irits zitekeela berrikuntzara.  Ordea, ikusmolde hori aldatu egin da, gaur egun berrikuntza  osasun arloko profesional guztientzat baitago eskuragarri. Hobetzeko ideia txikiena ere oso garrantzitsua izan daiteke prozesu klinikoaren emaitza hobetzeko.

Beraz, berrikuntza ez da ikertzaileen ardura soilik; denok izan gaitezke berritzaile.
Denok izan gaitezke berritzaile, eta izan behar dugu. Gainera, dibertigarria da. Profesionalok badakigu gure eguneroko lanean zeri egin behar diogun aurre, eta zehatz-mehatz dakigu zer behar dugun lan hori ahalik eta ondoen garatzeko. Hortxe dago berrikuntzaren enbrioia.

Berrikuntzak zerikusi zuzena al du ezagutzarekin?
Bai, berrikuntza zuzenean lotuta dago erakunde batek duen ezagutzarekin, ezagutza horretatik ideiak, aldaketak, proiektuak… sortzen baitira. Horregatik, ezagutza eskuratzea eta sortzea funtsezko gaia da.

Lehen Mailako Arretan ere berritzen da?
Dudarik gabe. Lehengoan, gure Lehen Mailako Arretan egiten ari diren proiektu berritzaileetako batzuk ezagutu ahal izan genituen, eta esan dezaket benetan interesgarriak direla. Benetan inplikatuta dauden eta hobetzeko ideiak dituzten profesionalen talde bat dugu Lehen Mailako Arretan.

Kanpoko eragileekin dituzuen harremanak azpimarratu ohi dituzue; badirudi harro zaudetela harreman horiez. Zertarako balio dute, eta zertan gauzatzen dira?
Lehen esan dudan bezala, kanpoko eragileekin –osasun arloaz kanpoko zentro teknologiko, enpresa eta eragileekin– lotura handiena dugun osasun-ikerketako institutuetako bat gara. Lankidetza horren ondorioz, besteak beste, ideia bat gauzatzeko teknologia behar dugunean, lagundu egiten digute, eta ondoren patentatu egin dezakegu.

Zahartzea da gure gizarteko erronketako bat. Biodonostiako ikerketa-arlo garrantzitsu bat, erakundean aitormen handia duena, hain zuzen ere, gai hori da. Zer egiten ari zarete aitormen hori izateko?
Hainbat gauza, baina funtsezkoena da 26 ikerketa-taldetatik 16 Eusko Jaurlaritzak aitortutako estrategian sartuta daudela, RIS3n, ISCIIIn eta zahartzeari buruzko CIBERen sartuta. Europan, Biodonostiaren estrategia zahartzearen arloko I+G+b-ren gotorlekutzat hartu da.

Zein dira Biodonostiaren proiekturik garrantzitsuenak oraintxe bertan?
Garrantzitsuenen artean daude zahartzearena, MEDTECH enpresekiko harremana, terapia zelularrak, minbiziaren bikaintasun-zentro gisa akreditatzeko saiakera (AECC) edo RRI (Responsible Research and Innovation) Europako araudiaren aplikazioa (berdintasuna, gizartea, open science, etab.).