Gipuzkoako Haur Minizidunen Guraso Elkarteak, ASPANOGIk, 23.285€ eman dizkio astelehen honetan Osakidetzako Biodonostia OIIri haur-minbizia ikertzeko.

Institutuari eman zaion dirua 2017ko abenduaren 15 eta 31n Hondarribian egindako hainbat ekimenek (kontzertua, afari solidarioa eta San Silbestrea) osatutako elkartasun-proiektu bati esker lortu da. Ekimen horietan parte hartu zuten Sport Mundi GKEak eta boluntarioek, baita ekimenetara bertaratutako norbanako eta senideek ere.

Donazio horri esker, Biodonostia OIIk haurren tumoreak eta horiek hobeto tratatzeko ikertzen jarraitzeko aukera izango du.

Minbizia da haurren heriotzaren kausa nagusietako bat Estatuan; urtero 1.400 haurri detektatzen zaie eta horietatik % 20 hil egiten dira. Euskadin haur-minbizi kasu berri kopurua 100 eta 150 artekoa da urtero, eta horietatik 20 eta 30 bitarte Gipuzkoan detektatzen dira. Minbiziak haur edo nerabeengan duen eragina helduengan duena baino askoz ere baxuagoa bada ere, eragin pertsonal, familiar eta sozialak nabarmen gainditzen du kopuruaren garrantzia.

Haur-minbiziarentzako finantziazio publikoa helduen minbiziarentzako baino txikiagoa izan ohi da (paziente kopuruagatik, hain zuzen ere) eta, hori dela eta, donazio mota hauek berebizikoak dira tipologia horri lotutako ikerketa-proiektuei jarraitasuna emateko.

Biodonostia OIIk 2014 urteaz geroztik haur-minbizia ikertzeko hainbat ikerketa-ildo ditu. Idoia Garcia Camino doktoreak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko Fisiologia Saileko Lan Kontratudun Bitarteko Irakasle eta Biodonostia OIIko Onkologia Zelularreko Taldeko kide eta egun haur-minbizia ikertzeko ildoen arduradunak adierazi duenez, “egun hiru lan-ildotan ari gara lanean: tumore pediatriko arraroak jaso eta ezaugarritzen; biopsia likidoetan oinarritutako proiektu bat, kirurgia ekiditeko, pazientearen likido zefalorrakideoa baino ez erabiltzeko; eta aurrerapausoak egin ditugun proiektu bat, haurrengan ohikoena dugun garuneko tumorean, meduloblastoman, oinarritzen dena”.

Meduloblastomari dagokionez, Juncal Aldareguia Biodonostia OIIko Onkologia Zelularreko Taldeko ikerlariak (proiektu horri buruz ari da bere doktore-tesia egiten) adierazi duenez, “gure helburua da paziente horiek tratatzeko modu berriak bilatzea, gaur egungo tratamenduak ez baitira erabat eraginkorrak eta, gainera, albo-efektu asko eragiten dituzte. Horretarako, tumore hori garatzen laguntzen duela dirudien proteina bat ikertzen ari gara, eta aztertzen ea proteina horri zuzendutako terapia bat ere eraginkorra izan daitekeen tumore hori tratatzeko. Hala, egungo kimioterapia- eta erradioterapia-saioak murritz daitezke, baita tumorearen tratamenduari lotutako albo-efektu zitalak murriztu ere”.