Arloko arduraduna: Adolfo López de Munáin Arregui Dk.

Biogipuzkoa OII.

Gaixotasun neurologikoak agertzen dira gizarte aurreratuetan ahalmen-urritasun eta heriotza gehien eragiten dituzten arrazoi garrantzitsuenen artean. Gaixotasun neurologikoen bilakaera klinikoaren profilari erreparatuz, adin goiztiarrean dauden haurrengan agertzen dira batzuetan (muskulu-distrofiak, bizkarrezurreko atrofiak, jatorri genetikoko adimen-atzerapenak edo epilepsiak), tarteko adineko pertsonengan agertzen dira beste batzuetan (esklerosi anizkoitza, NSZren tumoreak, gaixotasun psikiatrikoak eta entzefalopatien koadroak), eta zahartze-prozesuarekin lotuta 65 urtetik gorako pertsonengan agertzen dira, halaber (Alzheimer gaixotasuna, Parkinson gaixotasuna eta ibiltzeko eta mugitzeko ahalmena eragiten duten beste endekapenezko asaldura batzuk, psikosia, gaixotasun bipolarra, eta garuneko gaixotasun baskularra).

Gero eta garrantzi epidemiologiko handiagoa dute aipatutako gaixotasunek eta gizarte garatuetan ahalmen-urritasun gehien eragiten dituen arrazoi nagusia ere badira; hortaz, gaur egun garatzen ari diren ikerketa biomedikoko programa guztietan, eta maila orotan, gaixotasun neurologikoen azterketa eta horien tratamenduaren ikerketa sustatzen da. Europar Batasuneko VII. Esparru Programaren zenbatespenen arabera, 400.000 milioi eurotik gorako pisu ekonomikoa du ikerketa-arlo honek.

Neurozientzien Arloko ikerketa-lanak aipatutako gizarteko arazo neurologikoei erantzutea du xedetzat, eta horretarako, ikuspegi traslazional batetik lan egiten dute, hau da: neurozientzia klinikoak eta oinarrizkoak lortutako aurrerapenak pazientearen zainketan barne hartzeko lan egiten dute eta laborategira eramaten dituzte prozesu patologiko neurologikoen ondorioz sortzen diren arazoak edo gorabeherak.

Hainbat ikuspegitatik heltzen zaio ikerketari: oinarrizko ikerketa molekularra, ikerketa epidemiologikoa, ikerketa klinikoa, prozedura diagnostiko eta terapeutiko berriei buruzko ikerketa eta kudeaketa klinikoko ikerketa.